Ez ogasunarengatik, ezta osasunarengatik ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez diete zerga berezirik ezarriko freskagarri azukredunei. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak errotik baztertu du aukera hori, eta bi arrazoi nagusi eman ditu: batetik, gisa horretako tasa batek «eragin txikia» izanen lukeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien diru sarreretan; eta, bestetik, osasun publikoari dagokionez, ez litzatekeela beharrezkoa izanen, «EAEn, obesitateak lotura handiagoa duelako beste produktu batzuen kontsumoarekin, freskagarriekin baino».
Jaurlaritzak, beraz, ez du Kataluniak eta beste hainbat herrialdek zabaldutako bidea urratzeko asmorik. Hain zuzen, Kataluniako Generalitateak herenegun jarri zuen indarrean freskagarrien tasa deritzona. Azukre asko duten produktuei ezartzen zaien zerga berezi bat da; alkoholik gabeko edari azukredunei batik bat.
Frantzia izan zen lehenengoetarikoa horrelako zerga bat ezartzen, 2012an; eta Portugalen ere aurten jarriko dute indarrean. Mexikon ere ezarri zuten %10eko zerga, eta, hari esker, freskagarri azukredunen kontsumoa apaltzen hasi da.
Iaz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen azukre kontsumo masiboa dela obesitatearen eta diabetesaren hazkundearen arrazoi nagusietako bat. «Gobernuek freskagarriei zergak jartzen badizkiete, sufrimendua gutxitu dezakete, biziak salbatu, eta diru sarrerak balia ditzakete osasun zerbitzuetan inbertitzeko», esan zuen Douglas Bettcher OMEko buruak.
Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du freskagarriei azukrearen tasa ezartzea
Erkorekaren ustez, zerga horrek «eragin txikia» izango luke diputazioen diruetan nahiz herritarren osasunean. Tasa ezartzea aholkatu du OMEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu