Eusko Jaurlaritzak dio migrazio arloko eskumena 2025ean eskuratuko duela

Migratzaileak gizartean integratzeaz arduratuko dira. Hiru eskumenen eskualdatzeak baieztatzeko, Batzorde Mistoa eginen dute datozen egunetan.

Migratzaile batzuk Irungo Gurutze Gorrian, artxiboko irudia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Migratzaile batzuk Irungo Gurutze Gorrian, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 29a
11:55
Entzun

2025. Hori da Eusko Jaurlaritzak jarri duen data migrazio arloko eskumenak behin betiko lortzeko. Hala baieztatu du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak gaur, Radio Euskadin. Modu horretan, migratzaileen harrera eta babes eskumenak Jaurlaritzaren esku geratuko lirateke. Negoziazioak «modu onean eta adostasunera iristeko gogoarekin» egin dituztela azpimarratu du Amilibiak, eta erran du 2,4 milioi jarri dituztela akordioa gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak atzo eman zuten adostasunaren berri.

Espainiako Harrera Sistema hiru zatitan banatzen da: etorrera eta bideraketa, harrera eta autonomia. Amilibiak azaldu duenez, Jaurlaritza hirugarrenarekin geldituko da: «Nazioarteko babesa onartuta duten pertsonak dira, lan eta egonaldi baimenak dituzte, eta autonomia fasera pasatzen dira. Beren helburua da  gizartean integratzea». Prozesu horien barnean sartzen da laguntza ekonomikoak ematea, laguntza soziala –etxebizitza bilatzen edo enplegua lortzen–, soziologikoa, juridikoa edo tokiko hizkuntza erakustea. «Autonomia erkidego gisa, eskumen horiek aspalditik ditugu; osasunaz, hezkuntzaz, gizarte babesaz eta gizarte zerbitzuez ari naiz. Egokia iruditzen zitzaigun buru berak diseinatzea integrazio ibilbide horiek, eta horixe egingo dugu hemendik aurrera», erran du.

Hala, gehitu du bere saila gaur bilduko dela migratzaileen autonomiaz arduratzen diren sei taldeekin, «lasaitasuna» transmititzeko, gauzak «ongi» egiteko astia baitute. «Dagoeneko nazioarteko babesa duten pertsonekin lan egiten duten erakundeak dira, baina gurekin ere lan egiten dute. Beraz, oso harreman estua dugu», adierazi du. Asilo eta kanporatze eskumenak Madrilen esku geratuko dira, baita errefuxiatuentzako harrera zentroen kudeaketa ere.

Batzorde Mistoa

Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak jakinarazi du Transferentzien Batzorde Mistoa datozen egunetan bilduko dela, adostutako hiru konpetentzien eskualdatzeak baieztatzeko. Izan ere, aldiriko trenei eta unibertsitate tituluen homologazioari batuko zaie hirugarren transferentzia.

Modu horretan, Renferen egungo Bilboko eta Donostiako aldirietako trenen zerbitzua bere gain hartuko du Jaurlaritzak –Araban ez dago halako zerbitzurik–. Gainera, Bilboko portura sartzeko linea bere gain hartuko du behin hegoaldeko tren saihesbidearen lanak amaitutakoan. Eta Bilbo eta Karrantza arteko trenbide estuko zerbitzua ere bere gain hartuko du Euskotrenek.

Atzerriko tituluei dagokienez, atzerriko unibertsitate titulu ofizialak homologatzeaz arduratuko da Hezkuntza Saila. Jaurlaritzaren arabera, funtzio hori kudeatuko duen «autonomia erkidego bakarra» izanen da. Homologazioak balioko du estatuko tituluen eragin bera izateko kasuan kasuko lanbideetan aritzeko —medikuntzan, arkitekturan edo abokatutzan, kasurako—. Espezialitate jakin batean, medikuntzako tituluaz gain dagokion espezialitatea egiaztatu beharko da. Espezialitatea atzerriko unibertsitate batekoa bada, baina, haren titulua Osasun Ministerioak aitortuko du aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.