Migrazio arloko eskumena eskualdatzea adostu dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak

Aldiriko trenei eta unibertsitate tituluen homologazioari batuko zaie hirugarren transferentzia. Dena den, asilo eta kanporatze eskumenak Madrilen esku geratuko dira.

MIGRATZAILEA IRUNGO HARRERA ZENTROAN
Gazte migrante bat, Irungo (Gipuzkoa) harrera zentroan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
aitor biain
2024ko otsailaren 28a
19:40
Entzun

Heltzear zegoen, eta heldu da. Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ados jarri dira migrazio arloko eskumenak eskualdatzeko. Duela bost egun iragarri zuten bi aldeek aldiriko trenen eta unibertsitate tituluen eskumenak transferitzeko akordioa, eta gaur jakinarazi dute ituna egin dutela migratzaileen harrera eta babes eskumenak Gasteizko gobernuaren esku uzteko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak agintaldia amaitu baino lehen helburutzat jarri zuen azken eskualdatzea da migrazioarena. Gernikako Estatutuan jasota dagoen arren, Pedro Sanchezen inbestidura akordioan jaso zuen transferentzia EAJk. Orduz gero aritu dira negoziatzen bi aldeak, eta, hasiera batean eskualdatzea martxorako adostu bazuten ere, bi gobernuetako ordezkariek telematikoki egin duten bileran egin dute akordioa azkenean. 

Horri esker, Eusko Jaurlaritza arduratuko da aurreratzean migratzaileei harrera egiteaz. Nazioarteko babesa lortu duten migratzaileei gehienez sei hilabetez enplegua lortzen, etxebizitza bilatzen eta haiek gizarteratzen laguntzeaz arduratuko da. Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza zerbitzu horiek eskaintzen, baina orain eskumena berea izango da. Migrazioaren bigarren faseari lotutako zerbitzuak dira, dena den, asilo eta kanporatze eskumenak Madrilen esku geratuko baitira. Errefuxiatuentzako harrera zentroen kudeaketa ere ez da Jaurlaritzaren esku geratuko. 

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak adierazi duenez, transferentzia honek «gizarte laguntzako programak areagotzea eta integrazioa bultzatzea» ekarriko du: «Euskadik eskumen garrantzitsuak ditu hainbat sektore eremutan, nazioarteko babesaren onuradunentzako prestazioak bermatzen dituztenak. Eskumen esparru horri esker, zenbait zerbitzu publiko eta prestazio bermatu ahal izan ditu, nazioarteko babes horren onuradunek eskura ditzaketenak».

Kontzertu ekonomikoaren bidez kalkulatu dute zerbitzu horien kostua: urtean 2,4 milioi euro, eta Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiako Estatuari egin beharreko ekarpenari kenduko diote kopuru hori aurrerantzean, kupoari alegia. Espainiako Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dizkion zerbitzuengatik jasotzen duen ekarpena da.

Sinadura, aurki

Transferentzien Batzorde Mistoan sinatu behar da akordioa, baina oraingoz ez dago zehaztuta noiz izango den. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, Denis Itxasok, adierazi du datozen egunetan iragarriko dutela noiz egingo duten bitariko bilera hori otsailean hitzartutako hiru eskumenak «euskal autogobernuaren esku» uzteko. Ziurtatu du, halere, «zorrotz» lan egin dutela eskumen horiei segurtasun juridikoa emateko.


 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.