Udaleraiki programaren 2026ko diru laguntzak ebatzi berri ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Laguntza horien bitartez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eta lehen hezkuntzako 124 ikastetxe hobetzeko 281 esku hartze egingo dituzte, 91 udalekin lankidetzan. «Laguntza horiei esker, ikastetxe horiek hobetzeko obrak egin ahal izango dira, eta Eusko Jaurlaritzaren eta tokiko erakundeen arteko lankidetza indartuko da, hezkuntza guneak eraldatzen jarraitzeko», nabarmendu dute. Konponketa horiek denak egiteko, 19.353.374,62 euro inbertituko dituzte, eta kopuru horretatik Hezkuntza Sailak hamar milioi euro ipiniko ditu.
Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko lankidetza bultzatzen du Udaleraiki programak, udalen mendeko eskola eraikinak zaintzeko, modernizatzeko eta egokitzeko. Helburua da ikastetxeak gune seguruagoa, irisgarriago eta jasangarriago bihurtzea, eta egungo beharretara egokitzea, Eusko Jaurlaritzak esplikatu duenez. Gainera, irakaskuntzaren kalitatea eta lurralde kohesioa indartzen lagundu nahi dute.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak nabarmendu duenez, «eskola bat eraikin bat baino askoz gehiago da: ikasleek ikasteko eta elkarrekin bizitzeko, familiek parte hartzeko eta komunitatea sortzeko gunea da». Areago, Pedrosaren arabera, «gure auzo eta herrietan, komunitate bizitza indartzen laguntzen duen topaguneak dira». Horregatik, ikastetxe bat hobetzeko bultzatzen duten esku hartze bakoitza «gizarte kohesioan eta hezkuntza hurbil eta kalitatezkoan» egindako inbertsiotzat jo du sailburuak.
Oro har, Eusko Jaurlaritzak proiektu bakoitzean finantza daitekeen kostuaren %60ra bitarteko diru laguntza emango du: esku hartze bakoitzeko 360.000 euro, gehienez. «Udalari dagokio gainerakoa bere gain hartzea», zehaztu dutenez. Bi erakundeen arteko hitzarmenak formalizatu ondoren, tokiko erakundeek gehienez bi urteko epea izango dute diruz lagundutako obrak lizitatzeko eta egikaritzeko. «Lankidetza horrek aukera ematen digu lurralde osora [Araba, Bizkai eta Gipuzkoara] iristeko eta udalerri bakoitzaren beharrei erantzuteko, udalerria handia zein txikia izan», esan du Pedrosak.
281 jarduketa
Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko lankidetzaren bidez 281 esku hartze abiatuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 124 ikastetxetan. Diru laguntza horiei esker honako hauek egin ahalko dira: estalkiak eta fatxadak eraberritu, irisgarritasuna hobetu, instalazio elektrikoak eta termikoak berritu, energia efizientzia hobetzeko proiektuak bultzatu, patio inklusiboak eta ikasteko gune berriak sortu, oztopo arkitektonikoak kendu eta kirol instalazioak egokitu.
Araban, 27 konponketa lan egingo dituzte 17 udalerritan, 1,7 milioi euro inbertituz. Bizkaian, berriz, 125 proiektu garatuko dituzte 45 udalerritako 79 ikastetxetan, 9,6 milioi euroko inbertsioari esker. Eta azkenik, Gipuzkoan, 51 obra bultzatuko dituzte 29 udalerritako 33 ikastetxetan, 6,7 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda. Eusko Jaurlaritzako iturriek argitu dutenez, laguntzak eskola eraikinak hobetzeko baino ez dira emango, eta beraz, ez dute laguntzarik emango mantentze lan arruntak egiteko, tokiko erakundeei baitagokie halakoen ardura.