Bastidako (Araba) herritar bat erori egin da Otsagabian (Nafarroa), hanka hautsi du eta Osasunbidean artatu dute. Lizarrako (Nafarroa) herritar bat ondoezik sentitu da Deban (Gipuzkoa), eta Osakidetzan artatu dute. Eta Hego Euskal Herriko bizilagunek Herrialde Katalanetan, Galizian edo Espainian osasun arazoren bat izanez gero, hango osasun zerbitzuetan artatzen dituzte. Nork ordaintzen du? Gobernuek elkarri ordaintzen diete beren herritarrek kanpoko osasun zerbitzuetan jasotako arta, konpentsazio sistema baten bidez. Eusko Jaurlaritzak uko egin dio 2023ko eta 2024ko fakturaren proposamena —51 milioi eurokoa— ordaintzeari.
Autonomia erkidegoetako Osasun sailburuek eta kontseilariek bilera egin dute Espainiako Osasun Ministerioko arduradunekin. Bilera horretan, besteak beste, lurralde bateko herritarrek beste batean jasotzen duten osasun artaren konpentsazioaz hitz egin dute. Eusko Jaurlaritzak ez du ordainduko 2023ko eta 2024ko faktura, haren iritziz kopurua «neurriz kanpokoa» delako, eta konpentsazio sistemak «gabezia handiak» dituela uste duelako, bai segurtasun juridikoan, bai segurtasunean, baita egonkortasunean ere.
«Aldi baterako sortu zen prozedura, eta, inertziaren ondorioz, likidaziorako ohiko mekanismo bihurtu da», Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren arabera. «Ez dira zuzendu gabeziak, eta eskatzen digute likidazio horiek onartzeko, nahiz eta oraindik ere uste dugun oinarri juridiko hori ez dela nahikoa». Argitu nahi izan du ez daudela konpentsazio tresnaren kontra, baizik eta kopuru hori kalkulatzeko eta likidatzeko moduaren aurka, «halako ondorio ekonomiko handiek eskatzen duten zorroztasunik gabe». Martinezek gogoratu du Osasun Kohesiorako Funtsa eta Laguntza Bermatzeko Funtsa berrikusteko eskatu izan duela. «Arau argiak, babesa eta lurralde guztientzat irizpide homogeneoak» eskatu ditu. Madrilgo autonomia erkidegoak bat egin du Eusko Jaurlaritzaren eskaerarekin.