Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak «aparteko» neurria hartu du gaur arratsaldean, eta Gasteizko lorezainei agindu die hiriko parke handienetako eta errepide bazterretako belardiak mozteko. Ia hiru hilabete dira lorezainak greban hasi zirela, eta, orain arte ez dutenez gutxieneko zerbitzurik izan, jori daude berdeguneak. Horrenbesterako, ezen Lan eta Enplegu Sailaren arabera arrisku egoera bat eragiten eta «oinarrizko zerbitzuen» jarduna oztopatzen ari baitira.
Bi iritzitan oinarritu dira erabakia hartzeko: alde batetik, Gasteizko suhiltzaileen buruak dio suteak izateko arriskua «handia» dela. Udaberrian belarrak kontrolik gabe hazi direla eta, orain udako eguzki erreak sutan jar ditzakeela zehaztu du; bestetik, Gasteizko Udaleko Trafiko sailak igorritako txosten bat baliatu dute. Haren arabera, hiriko zenbait puntutan belarrek errepideko seinaleztapena ezkutatu dute, eta ikusgaitasuna murriztu dute; ondorioz, istripuak izateko aukerak handitu dira. Are, belardiek espaloiak jan dituztela eta eremu «arriskutsuak» sortu direla diote trafikoko agenteek.
Aranbizkarrako, Arriagako, Katedraleko, Floridako, Iparraldeko eta San Martingo parkeetako belardiak txukundu beharko dituzte lorezainek. Hau da, belarrak moztu eta bildu egin beharko dituzte, eta baita eroritako adarrak erretiratu ere. Belar artean pilatutako zikinak ere jaso beharko dituzte. Judizmendi eta Pardo parkeetako berdeguneen ertzak ere garbitu beharko dituzte, eta baita hiriko biribilguneetako eta erdibitzaileetako belardiak ere.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du erabakiak ez duela greba eskubidea mugatzen. Horretarako, «beharrezkoak» diren langileak «ezinbesteko» denboran mobilizatuko direla iragarri dute. Halaber, ohartarazi dute gutxiengo zerbitzuak aldatu egin daitezkeela, grebak duen bilakaeraren eta beharren arabera.
Udala, pozik
Gasteizko Udalaren iritziz, «positiboa» da erabakia. Beatriz Artolazabak Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Espazio Publikoaren arduradun politikoak ohar bidez esan du «beharrezko» neurria dela, eta «neurrikoa». «Erabaki honi esker langileen greba eskubidearen eta herritarren ongizatearen arteko oreka bermatuko da».
Udalak berak egin zion eskaria Eusko Jaurlaritzari, aurreko astean. Enviser enpresak ere gauza bera egin zuen. Lorezainek, baina, aurka hitz egin zuten, «oinarrizkoak» ez direla argudiatuta. Gainera, langileen ustez, Gasteizko Udalaren eskakizunak «gehiegizkoak» dira: «Greban zehar pilatutako lan guztiak egitea nahi dute».
Martxoaren 26tik daude Gasteizko lorezainak greban. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena eskatzen dute langileek. Enviserreko arduradunek diote egungo lan baldintzek Gasteizko Udalak ezarritako gutxiengoak betetzen dituela, eta udalak dio ezin duela enpresa pribatu baten lan baldintzetan eragin. Hala, negoziazioak ez aurrera ez atzera daude. Behin baino gehiagotan elkartu dira Lan Gatazkak Ebazteko prozeduraren barruan. Akordioa lortzeko «oztopo nagusia soldaten arloan dago», langileen arabera.