Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro jarriko ditu lau urtean unibertsitateetako ikerketa taldeetarako

Programaren aurreko aldian baino inbertsio handiagoa egingo dute: %20 handiagoa, hain zuzen. Burokrazia murriztu eta emakumeak buru dituzten ikerketa taldeak sustatu asmo dute. Taldeak irailaren 19tik aurrera aurkeztu ahalko dira deialdira.

Morais, Perez Iglesias eta Eskisabel deialdia aurkezten, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Morais, Perez Iglesias eta Eskisabel deialdia aurkezten, gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2025eko irailaren 3a
14:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak kalitatezko ikerketa bultzatu asmo duela dio, eta, horretarako, unibertsitateetako ikerketa taldeei —batez ere EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoei— laguntzeko programa aurkeztu du, 2026-2029 aldirakoa. Orotara, 50 milioi euroko inbertsioa egingo dute, aurreko programan baino %20 handiagoa. Laguntzak eskatzeko aukera irailaren 19an irekiko dute, eta taldeek hilabeteko epea izango dute horretarako.

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eman ditu xehetasunak, Zientzia Politikako zuzendari Amaia Eskisabelekin eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Moraisekin batera, Donostian. Azaldu duenez, zenbait berrikuntza ditu datozen lau urteetarako deialdiak. Ikerketa taldeen argitalpen kantitateari bainoago, kalitateari eman asmo diote garrantzia, eta, horretarako, burokrazia murriztu egingo dute: ikerketa taldeek egindakoaren inguruan kontu eman beharko badute ere, txosten gutxiago-eta idatzi beharko dituzte, «konfiantzaren printzipioa» ezarriko baitute. Horretaz gainera, emakumeen eta gizonen artean oreka handiagoa lortu nahi dute. Zera dute xede: ikerketa taldeen %42tan emakumeak izatea buru —egun, %37tan dira hala—.

Horrenbestez, sailburuaren irudiko, martxan jarri asmo duten deialdiak «asko» hobetuko du aurrekoa, aurrekontua handituko dutelako, gehienbat ekoizpen zientifikoaren «kalitateari» erreparatuko diotelako, burokrazia murriztuko dutelako, emakumeen lidergoa sustatuko dutelako eta sortutako ezagutzaren «zabalkunde soziala» bultzatuko dutelako. «Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin du unibertsitateko ikerketaren alde».

«Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin du unibertsitateko ikerketaren alde»

JUAN IGNACIO PEREZ IGLESIAS Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua

250 talderentzat

Laguntzaren irismena ez da nolanahikoa. Aurreko deialdian bost zientzia arlotako 223 ikerketa taldetako 3.962 ikertzaile lagundu zituzten diruz. Deialdi honetan harago joan, eta 250 talderi eta 4.000 ikertzaileri baino gehiagori laguntzea espero dute: «Horrek aukera emango du, batetik, finkatutako proiektuekin aurrera jarraitzeko eta, bestetik, kalitate handiko ekinaldi berriak sartzeko». Nabarmendu dutenez, jakintza arlo guztietako proiektuak egongo dira: zientzia esperimentalak, gizarte zientziak, arteak eta humanitateak, ingeniaritza, arkitektura eta osasun zientziak.

Urratsez urrats, azken urteetan etengabe hedatzen joan da programa, Perez Iglesiasek nabarmendu duenez: 2007an sortu zen, eta orduan 1.500 ziren argitalpen zientifiko indexatuak; orain, berriz, urtean 5.500 baino gehiago dira. «Horrek erakusten du etengabeko hobekuntza dagoela, bai kantitateari dagokionez, bai kalitateari eta inpaktuari dagokienez».

Aurrekontua ere etengabe igo dute: 2007-2010 aldian, 26,5 milioi euroko inbertsioa egin zuten; datozen lau urteetan, 50 milioikoa izango da. Espero dute inbertsio horrek 400 milioi euroko inpaktua sortzea.

Gaur aurkeztu dutenaz gain ikerketa sustatzeko beste programa batzuk ere badaudela gogorarazi dute: doktoretza egin aurreko eta doktoretza egin ondoko ikertzaileak prestatzeko laguntzak eta unibertsitateko ikasleentzako Ikasiker bekak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.