Eusko Jaurlaritzak metroa eraikitzeko asmoa du Donostian, gaur Iñaki Arriola Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburuak jakinarazi duenez. Proiektuaren arabera, metroak Anoetako geltokitik Lugarizko geltokira egingo luke lurpetik, eta bideak 4.350 metro lituzke. Erdibidean, Eason inguruetako trenekin bat egingo luke, eta bi geltoki eraikiko lituzkete: lehenengoa, Antigua auzoan Ondarreta eta Matia kalearen inguruan eta, bestea, unibertsitateen eremuan. Azken geltoki horretatik Lugaritzera iritsiko litzateke, eta han Lasarte-Oria, Errenteria, Irun eta Zarautzera doazen trenekin elkartuko litzateke.
Arriolak sailburuak adierazi du bere sailak 2,6 milioi euro inbertitu dituela egitasmoa gauzatzea posible izango litzatekeen ikertzeko. Metroa egingo balute, 700 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua beharko luketela iragarri du.
Jaurlaritzak Altza auzora ere eraman nahi du trena. Horregatik, proiektu hori ere aztertzen ari dela jakinarazi du. Proiektuaren arabera, Euskotreneko ibilbidea luzatuko zen Altzan egindako geltokira arte.
Odon Elorza Donostiako alkateak esan du ikerketak 2003tik eginak zeudela, eta Alvaro Amann eta Nuria Lopez de Gereñu Herrilan eta Garraio sailburu izandakoei Udalari informazioa "bahitzea" egotzi die. Amann eta Lopez de Gereñu EAJko kideak dira, Arriola PSE-EEkoa, Elorza bera bezala. "Lankidetza sakona eta gardentasuna daude orain", adierazi du alkateak.
Euskal Herrian gaur egun Bilbon -eta inguruetan- baino ez dago metroa.
Azpiegiturak
Eusko Jaurlaritzak metroa eraiki nahi du Donostian
700 milioi euroko aurrekontua lukeela jakinarazi du Arriola Herrilan eta Garraio sailburuak. Trenak Anoetatik Lugaritzera lurpetik egingo luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu