Eusko Jaurlaritzak presoak «birgizarteratzeko» plan bat aurkeztuko du udazkenean

Jonan Fernandezek jakinarazi du Madrili aurkeztu diotela egitasmoa, baina ez dutela erantzunik jaso.Bake planaren hamazazpi proiektu daude martxan

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, atzo Gasteizen eginiko agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Presoak «gizarteratzeko» plan bat jarriko du abian Eusko Jaurlaritzak, udazkenean. Hala jakinarazi du Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzako idazkariak. Adierazi duenez, plan horretan zehazten da presoek zer bideri jarraitu behar dioten gizarteratzeko. Horri buruzko zehaztasunik ez du eman, baina bai Espainiako Gobernuarekin harremanetan daudela, eta oraindik erantzunik ez dutela jaso. Horren harira, Fernandezek dei egin die politikariei «adierazpenen borroka» laga eta «ekintzei» garrantzia emateko.

Lehendakaritzan eginiko agerraldi batean, Bake eta Bizikidetza planaren sei hilabeteotako balantzea egin du Fernandezek, eta balorazio «positiboa» egin du. Jakinarazi du aurreikusten zituzten hemezortzi ekinbidetatik hamazazpi daudela martxan; Biktimen Memoriala falta da, baina hori «Espainiako Gobernuaren eskuetan» dagoela esan du.

Bake eta Bizikidetzako idazkariaren hitzetan, Eusko Jaurlaritza «ekintzekin» ari da prozesua aurrera eramaten, eta hori da «bide egokia», ez politikarien arteko «adierazpen borroka etengabea», zeina «iraungi» egiten den «48 orduren buruan».

Espainiako Gobernuak GAL eta BVEko biktimei diru laguntza ukatu izanaz ere mintzatu da Fernandez. Erabaki hori «guztiz baztergarria» den «ekintza politiko bat» dela salatu du. Haren ustez, neurriak ez du «ez hankarik eta ez bururik», eta jakinarazi du beren esku dagoen «guztia» egingo dutela hura aldatzeko: esperantzak bide judizialean jarriak ditu, halere, «Espainiak ez duelako bere jarrera aldatuko».

PRESOAK

Udazkenerako iragarritako plana izan da Fernandezen agerraldiko nobedade nagusia. Zehaztasunik eman ez badu ere, esan du Hitzeman programaren —hori du izena— helburua dela zehaztea zer bideri jarraitu behar dioten presoek «gizarteratzeko». Fernandezek uste du preso bakoitzak egin behar duela bide hori, eta presoari dagokiola «dagozkion pausoak» ematea, besteak beste, espetxe onurak eskuratu ahal izateko. Badaki, halere, alor horretan aurrera egiteko ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuaren kolaborazioa. Horren harira, esan du Jaurlaritza harremanetan dagoela Madrilekin, baina hartu-eman horiek «orain arte» ez dutela emaitzarik eman.

Fernandezen ustez, «arreta handiegia» jartzen zaie funtzionatzen ez duten gauzei, eta «txikiegia» ondo doazenei. ETAren desarmatzea eta kartzela politiken aldaketa, berriz, «denbora kontua» direla uste du Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak; «horregatik, «aldebakartasunerako garaia» dela azpimarratu du. Haren hitzetan, «bakoitzak badaki zein pauso eman behar dituen», eta uste du «ezinbestean» eman beharko dituztela, «gizarteak» hala eskatzen duelako.

BIKTIMAK

Torturen inguruan, bi egitasmo abiatu dituzte bake planaren barruan. Batetik, 1960tik 2010era egindako torturei buruzko ikerketa proiektua, eta, bestetik, egungo legedian babesik ez duten biktimei laguntzeko eta aitortzeko dekretuak. Horrek zeresana sortu du; izan ere, garaiaren arabera desberdintzen dituzte biktimak. 1960tik 1978ra bitarteko kasuetan, ekainaren 12ko 107/2012 dekretua kudeatuko dute aurrerantzean ere; 1978tik gaur arteko kasuetan, berriz, biktimak aitortzeko eta horiei kalte-ordainak emateko beste dekretu bat prestatuko dutela esan du.

Bake eta Bizikidetza Planeko ekinbideetatik bat oraindik ez da martxan jarri: Terrorismoaren Biktimen Memoriala deiturikoa. Hori aurrera ateratzea Espainiako Gobernuari dagokiola esan du Fernandezek, eta Madril Gasteizko Udalarekin negoziatzen ari dela: beraiek«babes osoa» eskainiko diotela nabarmendu du.

«Terrorismoaren biktimei» laguntza, errekonozimendua eta ordaina emateko, hainbat ekinbide egin dituzte; horien artean, Gertu programa nabarmendu du Fernandezek. Biktimekin harreman zuzena izatea da haren helburua, eta jada 350 seniderekin jarriak dira kontaktuan; horietatik 120 elkarrizketatu dituzte. Elkarrizketa horietan, senideen «beharrak identifikatzen» ahalegintzen direla esan du.

ELKARLANERAKO EREMUAK

Fernandezek azaldu duenez, Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzak «lankidetza eta elkarlanean» dihardu hainbat erakunde eta instituzioekin: besteak beste, Eusko Legebiltzarreko «talde guztiekin», EAEko hiru foru aldundiekin, Europako erakundeekin, euskal unibertsitateekin, eta beste hainbat eragilerekin.

Bake eta Bizikidetzako idazkaria sinetsita dago Jaurlaritzak, gainerako eragileek bezala, elkarbizitzarako eta normalizaziorako «beharrezkoak diren pausoak» emango dituela aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.