Eusko Jaurlaritzak torturaren biktimak aitortuko ditu urriaren 31n

Arrazoi politikoekin lotuta tortura jasan dutenen aitortzarako eta erreparaziorako ekitaldia ekainaren 26rako antolatu zuten, Torturaren Nazioarteko Egunarekin batera, baina atzeratu egin zuten, Espainiako Gorteetarako hauteskundeengatik.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Legebiltzarrean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
xabier martin
2023ko urriaren 6a
15:03
Entzun

Badu eguna zehaztua Eusko Jaurlaritzak joan den ekainaren 26rako egin behar zuen ekitaldiak, torturatuei aitortza emateko antolatutakoak. Gobernuak urriaren 31n egingo du arrazoi politikoei lotutako torturak jasan dituzten biktimei erreparazioa emateko ekitaldia, Donostiako Kursaalean. Bezperan, urriaren 30ean, tortura pasarte horien baloraziorako batzordeak urteko txostena plazaratuko du Eusko Legebiltzarrean.

Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk jakinarazi gu gaur torturaren biktimei eskainiko dieten ekitaldiaren eguna zein izango den. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera baten harira izan da. Koalizio abertzaleko legebiltzarkideak Buesaren hilobiaren aurkako erasoa arbuiatu ondoren, zehazki Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortutako guardia zibilak jaso berri duen dominari buruz galdetu dio Urkulluri, Eusko Legebiltzarrean. «Biktima batzuen» alde egin ohi dituen adierazpen «ugariak» gogoratu dizkio Arzuagak Urkulluri, eta Kepa Urra Bilboko Salveko kuartelean torturatutako biktimaren erreparazioa aintzat hartuz, domina horrekin bat al datorren galdetu dio lehendakariari.

Labur erantzun du Urkulluk: «Ez, ez da biktimek merezi dutena».

Baina Arzuagak hitza berriro hartu eta gero, bigarren txandan eman du ezagutzera Urkulluk Kursaalean egingo den ekitaldiaren berri. Izan ere, Jaurlaritzako lehendakariaren lehen txanda laburraren ondoren, Arzuagak «monosilaboa» eskertu dio, baina zalantzan jarri du ea Urkulluk «torturatzaile bati emandako dominaren gaiari» erreparatuko ote zion gaia legebiltzarrera ekarri izan ez balu. Bilduko parlamentariak esan du ez dagoela «berdintasunik» biktima batzuen eta besteen erreparazioari dagokionez: «Zure adierazpenak eta isiltasunak entzuten ditut. Partziala zara?», galdetu dio Arzuagak Urkulluri.

Galdera bati erantzunez

«Galdetzen edo ziurtatzen ari zara?», erantzun dio lehendakariak. Egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzako nahi dituela azpimarratu du, eta jakinarazi du ekainaren 26an torturaren biktimei egin behar zitzaien ekitaldiak baduela beste egun bat zehaztua: urriaren 31. Biktimen «aitortza» eta haienganako «hurbiltasuna» beharrezkoak direla esplikatu du, eta galdera zehatza bota dio orduan Arzuagari: «Zuek errespetatzen al dituzue irizpide horiek guztiak?».

Berriro esan du ez datorrela bat guardia zibil torturatzailearen dominarekin, eta garbi utzi du aitortu egin behar dela «torturaren injustizia, baina baita ETAren hilketen injustizia ere». «Guk garbi dugu, eta zuek?».

Manuel Sanchez Corbi torturak egiteagatik zigortu zuen Espainiako justiziak, 1992an. Kepa Urra atxilotuari egindako torturen auzian kondenatu zuten, baina Corbi ez zuten kargutik kendu edo zigortu; aitzitik, bere ibilbidean mailaz igotzen jarraitu du urte hauetan, eta UCOren buruzagi ere izan da. Bada, aurreko astean Zilarrezko Domina jaso du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarria.

Poliziari eta arrazoi politikoei lotutako indarkeria eta tortura kasuak baloratzeko legebiltzarreko batzordeak Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lehen txostena plazaratu zuen 2021. urteko ekainean. Agiri horrek 35 biktimaren berri eman zuen, eta haiei aitortza egin zitzaien Bilboko Euskalduna Jauregian. 1.017 eskaera jaso zituen batzorde horrek, nolanahi ere, eta batzordeak 55 aztertu zituen xehetasunez. Horien artean, 35 biktima aitortu zituen; 28 biktimaren estatus horiek egiaztatzen dituzten agiriak jaso zituzten Euskaldunan, biktimek eurek edo haien senitartekoek; beste zazpik uko egin zioten agiri hori jasotzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.