NBE Nazio Batuen Erakundearen mendeko UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari eman dio Eusko Jaurlaritzak aurtengo Ignacio Ellakuria saria. Lankidetzarako eta Elkartasuneko Euskal Agentziaren bidez banatzen du urtero sari hori, garapenerako lankidetza saritzeko. «Palestinako herriarekin etengabeko gatazken testuinguruan 75 urtez izan duen konpromiso, ibilbide eta dedikazioagatik» omendu dute UNRWA.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, omenaldi hori bat dator gobernuak diru laguntzen bidez UNRWAri eman dion babesarekin. Funts horietako asko erabili dituzte, besteak beste, Gazako krisi humanitarioari erantzuteko, Libanon errefuxiatuta dauden emakume palestinarrak ahalduntzeko, Sirian errefuxiatuta dauden herritarren oinarrizko beharrak asetzeko eta sentsibilizazio egitasmoak lantzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Nafarroako Gobernuak ere omendu du UNRWA, aurtengo irailean.
Israelgo Knessetek Gazan jardutea debekatu dio UNRWAri, urri bukaeran bi lege onartuta.