EH Bilduk EAEko datorren urteko aurrekontuetako proposamena aurkeztu bezain laster esan du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ez duela posible ikusten harekin adostasun batera iristea, proposamena «ez baitago akordio batera iristeko egina pentsatua». Prentsa ohar bat atera du Azpiazuk, EH Bilduko talde parlamentarioak prentsaurreko bat eman ondoren. Sailburuak esan du bi oztopo ikusten dituela, batik bat: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta pentsioak. Erantsi du 2018an bi gai horiek izan zirela Jaurlaritza eta EH Bildu akordiora ez iristeko gai nagusiak. «Iaz posible izan ez zena eskumen eta lege arrazoiengatik, aurten ere ez da izango». Azpiazuren erantzunaren ondotik, EH Bilduk ohar batean adierazi du «Lakuak ezezkoa» eman diola, «aurrekontuak merke negoziatzeko aukera duelako» Elkarrekin Podemosekin.
Talde subiranistak uste du bere proposamena «egingarria» dela 1.200 euroko soldatari eta pentsioei dagokienez ere: «Jaurlaritzak legez osatu behar ditu pentsiorik apalenak gutxieneko soldatara arte, eta eskumena du kontratazio publikoetan eta diru publikoz sustatutako kontratuetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko. Azpiazuk iaz ere gauza bera esan zuen, baina gero onartu behar izan zuen gure proposamena legezkoa zela, eta haren eskumenen esparruan sartzen zela».
Koldo Mediavilla EAJren EBBko Instituzioetako arloko arduradunak bere blogean idatzi du "onartezina" dela EH Bilduren jokabidea, "herriari barre" egin diolakoan bere proposamenekin. "Beste aukera bat galdu du heldutasuna erakusteko".
Aurrekontu proiektuarekin oso kritiko azaldu da Maddalen Iriarte EH Bilduko eleduna komunikabideen aurrean, eta esan du bere taldearentzat ez dela «zenbaki kontu bat bakarrik». Hala, «aldaketa kuantitatiboak eta kualitatiboak» proposatu ditu EH Bilduk. «Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik eraikitako proposamen serio, egingarri eta errealista» da haiena, Iriarteren aburuz. Prentsaurreko bat egin du legebiltzarrean; harekin batera, Iker Casanova eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak izan dira.
«Gobernua alferrik saiatu da aurrekontuak arlo batzuetan berritzaileak direla sinetsarazten. Berrikuntza garrantzitsu gisa aurkeztu du genero berdintasunaren alde eta klima larrialdiaren kontrako apustua, baina diskurtso teoriko horri sostengu praktikoa falta zaio zenbakietan», salatu du Iriartek. Haren ustez, Jaurlaritzaren kontuak «ez dira berdeagoak, ezta feministagoak ere». EH Bilduk dio aurrekontu proiektuan «aldaketa sakonak» egitea funtsezkoa dela, «gabezia eta akats estrategikoak» zuzendu ahal izateko.
Iriartek azaldu du EH Bilduren helburua dela «gobernantza modu berri bat» abiatzea, eta, horregatik, ez dio kopuru zehatz bat jarri landu duen proposamenari. Jaurlaritzak proposamena aztertzeko borondatea erakutsiz gero, akordiorako eskua luzatuta jarraituko duela azaldu du EH Bilduko eledunak. Hala ere, aitortu du sinetsita daudela Jaurlaritzak eta EPk honezkero itxita dutela aurrekontu akordio bat.
Sei proposamen
EH Bilduk aurrekontua aldatzeko sei proposamen egin ditu, honako arlo hauetan: kalitatezko enplegua, pentsio publikoak, trantsizio energetikoa, berdintasuna eta sustapena eta babesa bermatzeko neurriak ataletan.
Kalitatezko enpleguari dagokionez, EH Bilduk Jaurlaritzari proposatu dio ezartzeko EAEko gutxieneko soldata 1.200 euroan, eta hartzeko konpromisoa diru publikoarekin sustatzen diren kontratazio guztietan gutxieneko soldata hori ezartzeko. Horrez gain, besteak beste, gazteak kalitatezko enplegua eskuratzeko eta luzaroko langabeak egoki artatzeko «talka planak» abiatzeko proposatu dio.
Berrikuntza eta industria alorretan proposatutako neurrien artean daude Finkatuz funts publikoaren bitartez estrategikoak diren enpresen akzioak erostea, eta ikerketa eta garapenean BPGren %3 inbertitu ahal izateko, eragile sozioekonomikoekin mahai bat eratzea.
Pentsio publikoak ere bermatu nahi ditu, eta, besteak beste, egun DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pentsiodunek murrizketarik gabeko osagarria jaso dezaten, ekarpen berezia onartzea proposatu du.
Trantsizio energetikoa lortzeko, berriz, «neurri ausartak eta berritzaileak» eskatu ditu EH Bilduk; tartean, klima aldaketaren aurkako inbertsioak bultzatzeko finantza tresna bat eratzea.
Berdintasun alorrean, EH Bilduk uste du ezinbestekoa dela erakunde publikoek lan baldintzak duintzeko eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko neurriak hartzea. Hala, besteak beste, zaintza lanetan urteetan aritu diren emakumeak konpentsatzeko funts bat sortzeko eskatu du, baita EAEko adinekoen egoitzen erabiltzaileen zein langileen baldintzak hobetzeko ere.
Babeserako neurri berezi batzuk ere planteatu ditu EH Bilduk: besteak beste, diru sarrerak bermatzeko errentan urteetan izandako murrizketak ezabatzeko «bide orria» egitea proposatu du, eta alokairuzko prezioari mugak jartzeko legea osotasunean garatzeko konpromisoa hartzea.