Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du ikastetxeetako orientatzaileen lana «indartu» egingo dutela

Eusko Jaurlaritzak Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana aurkeztu du, gisa horretako lehenengoa. Ikasleen hezkuntza orientazioko prozesu osoan genero ikuspegia txertatu nahi dute.

Plana
Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Planaren aurkezpena, gaur, Donostian. GORKA RUBIO/FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 16a
12:58
Entzun

«Zer ikasi eta zertan lan egin nahi dut?». Horixe izaten da askotan ikasleek buruan darabilten galdera, eta erantzuten laguntzea izaten da ikastetxeetako orientatzaileen lanetako bat. Lan hori indartu eta hobeto antolatze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana aurkeztu du gaur lehenengoz, Donostian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako eta Lanbide Heziketarako. Bertan izan dira Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea eta Lucia Torrealdai Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria. Orientatzaileen lana «ahalduntzea, indartzea eta koherentziaz hornitzea» jarri dute helburutzat.

Planaren ernamuina 2021-2022ko ikasturtean dago. Orduan, ikerketa bat egin zuten, eta 150 ikastetxetako ikasleek, orientatzaileek eta zuzendariek parte hartu zuten. Zenbait datu atera zituzten. Esaterako, Pedrosak azaldu duenez, zuzendaritza eta orientazio taldeei galdetuta, %80ri iruditzen zitzaien gauzak gutxi gorabehera ondo egiten ari zirela; aldiz, gurasoei galdetutakoan, %40k zuten asebetetze maila ona orientazioaren eta jasotzen zuten aholkularitzaren inguruan. «Ikasleen artean ere bazegoen eskaera gauzak hobetzeko. Erabaki genuen behar-beharrezkoa zela estrategia espezifiko bat garatzea».

Erabaki eta egin. Gaur aurkeztu duten plana bi sailburuordetzaren artean —hezkuntzakoa eta Lanbide Heziketakoa— ondu izana goraipatu du Pedrosak. Izan ere, orientatzaileek eginbehar «pila bat» dituztela nabarmendu du: inklusioa eta bizikidetza lantzea, lan orientazioa... Ziurtatu dute estrategia berria ikasturte honetan hasi dela isla edukitzen, eta, esaterako, orientatzaile berriei «formakuntza zehatza» ematen hasi direla.

Bigarren Hezkuntzari dagokionez, azaldu dutenez, planak lau printzipio ditu oinarri: haurren eskubideak babestea, unibertsaltasuna, prebentzio integrala eta ikasle guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea. Eta hiru «zutabe» zehaztu dituzte: orientazio akademikoa eta profesionala, bizikidetza positiboaren garapena eta aniztasunari eta hezkuntza inklusioari eman beharreko erantzuna. Halaber, azaldu dutenez, ekintzak garatzeko garaian genero ikuspegia txertatuko dute hezkuntza orientazioaren «dimentsio» guztietan. Horrekin guztiarekin zer lau helburu erdietsi nahi dituzten ere zehaztu dute.

helburuak

  1. Ikastetxe publikoetan eta itunduetan irakasle orientatzaileek egiten duten lana «indartzea, lerrokatzea eta koherentzia ematea».

  2. Orientazioko esku hartzearen eragina handitzea, ikasleei arreta emanez, hezkuntza profesionalekin lankidetzan.

  3. Ikasle guztien garapen ahalik eta handiena ziurtatzea, haien ezaugarriak eta testuinguru pertsonala kontuan hartuta.

  4. Hezkuntza sistema bermatzea, «genero joerarik eta diskriminaziorik gabeko ibilbide akademiko eta profesionalak aukeratzeko aldaketaren eragile gisa», horiek edozein motatakoak edo baldintzatakoak direla ere.

Lanbide Heziketari dagokionez, orientazioa hiru eremutan biltzen dela azaldu dute: orientazio psikopedagogikoa, ikasleen ongizate emozionala bermatzea helburu duena; Lanbide Heziketako orientazioa, ikasketetan eta enplegu irteeretan jarraitutasuna eskaintzeko; eta bitartekotza, ikaskuntza bitartekarien bidez bizitza osoko ikaskuntza indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.