Osakidetzak ez du kontrolatzen txertoen trazabilitate osoa, hau da, txertoak erosten direnetik herritarrei jartzen zaizkien arteko prozesu guztia. Urtebete barru egingo du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek jakinarazi dutenez. Prozesuaren kontrol falta horren ondorio izan da iazko azaroan, abenduan eta aurtengo urtarrilean 266 herritarri —gehienak haurrak— txerto hexabalentearen, tetrabalentearen eta hirukoitz birikoaren dosi iraungiak jarri izana. Gabeziak konpontzeko neurrien berri eman du Alberto Martinez Osasun sailburuak gaur arratsaldean, Gasteizen. Gehitu du 2017., 2023. eta 2024. urteetan ere beste 106 txerto iraungi jarri zirela: hirukoitz birikoaren 89 dosi 2023an eta 2024an, eta pentabalentearen hamazazpi dosi 2017an.
Iazko urte bukaeran eta aurtengo urte hasieran txerto iraungiak jarri zirela jakin eta gero, Osasun Sailak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzorde bat sortu zuen, zer gertatu zen argitzeko eta sistemaren funtzionamendua aztertzeko. Batzorde horrek atera ditu ondorioak, egin ditu sistema hobetzeko proposamenak, eta Osasun Sailak bere egin ditu. Txertoak jartzeko prozesuaren urrats ia guztietan atzeman ditu gabeziak. «Desbideratzeak» deitu die, eta haiek kateatu zirela ondorioztatu du. Argitu du ez direla pertsona baten hutsegiteak izan.
Asko erosi, asko pilatu
Txerto iraungiak jartzearen arrazoien artean dago, batzordearen arabera, Osakidetzak ohi baino txerto dosi gehiago erosi izana, horrek txertoak pilatzea eragin baitzuen, eta iraungitze datatik gertu zeudenak erabiltzea. Txerto horietako batzuk sei hilabete baino lehenago jarri behar ziren. «Horrek stockaren kudeaketa askoz ere zuhurragoa eta azkarragoa eskatzen du, txertoen sorta horiek garaiz erabiltzen direla ziurtatzeko», azaldu dute.
Kontrola zailagoa da sistema zentralizatu eta informatikorik gabe. Batzordeak zehaztu du gaur egun paperean edo Excel artxiboetan jasotzen dela txertoen sortari eta iraungitze datari buruzko informazioa prozesuaren zenbait urratsetan: biltegiratzean, eta ESI erakunde sanitario integratuetara eta osasun etxeetara banatzean. Txertoen stockaren kontrola guztiz sistematizatu gabe dago, eta, ondorioz, zentro guztietan ez da lehenago erabiltzen lehenago iraungitzen den txertoa.
Txerto iraungiek agerian utzi dute dosi bat baino gehiagoko txertoetan sistema informatikoak erraztu egiten zuela huts egitea erregistroan, aurreko dosiaren datuak agertzeko modua ematen baitzuen. Ez dago sistemarik txerto sorta eta haren iraungitze data egiaztatzeko. Ezta alertarik edo abisurik ere: «Ez zegoen txerto iraungi bat erregistratzea eragotziko zuen abisu automatikorik».
Gabezia horiek guztiak aitortu ditu Osasun Sailak, eta horiek konpontzeko neurriak hartuko dituela agindu. Sistemaren gabeziak erakusten dituzte bai batzordeak zerrendatutakoek eta bai Osasun Sailak hartuko dituen neurriek. Neurri nagusia txertoen trazabilitate osoa ezartzea da, sistema digital baten bitartez, dosien jarraipena egiteko, Osakidetzara iristen direnetik herritarraren historia klinikoan erregistratu arte. Osasun Sailak sei hilabete eta urtebete arteko epea eman dio bere buruari, txertoen trazabilitate osoa ezartzeko.
Kodeen irakurgailuak
Horretarako, besteak beste, Data Matrix kodeen irakurgailuak erabiliko dituzte: txertoaren kodea irakurtzen dute, eta automatikoki betetzen dute hari buruzko informazioa. Horrela, langileek jakingo dute noiz iraungitzen den. Iraungitze daten alerta sistema bat ere ezarriko dute, iraungitzear diren txertoen berri emateko.
Osasun etxeetan txertoen kudeaketa prozedurak bateratzeko asmoz, protokolo komunak ezarriko dituzte stockak kontrolatzeko. Osasun etxe bakoitzean txertaketen arduradunak eta haien ordezkoak izendatuko dituzte, beti egon dadin txertoez arduratuko den norbait.
Liburuxka digitala
Herritarrei dagokienez, txertatze liburuxka digitala sortuko dute, «jarri diren txertoak ez ezik, egutegiaren arabera etorkizunean jarri beharreko dosiak ere jasoko dituena, eta familiek beren seme-alaben txertaketa nola dagoen erraz kontsultatu ahal izateko aukera emango duena». Ez gurasoek bakarrik, jakina.
Neurri horiek ezarri bitartean, epe laburrean, txertoen kontrola zorroztuko dute, batez ere sei hilabetetik beherako iraungitze data duten txertoena. Horrez gain, osasun etxeetan txertoak eskatzeko, jasotzeko eta haiek gordetzeko hozkailuak kudeatzeko protokoloak egingo dituzte.
Neurri horiek guztiak garatzeko milioi eta erdi euro gastatuko dituzte.