Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak murriztu egin du iaz txertoen dosi iraungia hartu zutenen kopurua: hemeretzi kasu baieztatu dituzte, eta 137 kasu potentzial identifikatu. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman du horren berri, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Iragarri du, halaber, 21 neurri atondu dituztela txertaketa prozesuen segurtasuna bermatzeko, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua izanen dutela martxan jartzeko.
Martinezekin batera, haren lantaldea egon da agerraldian: Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Koldo Berganzo Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendaria, Gontzal Tamayo Osasun sailburuordea eta Aritz Uriarte Osasuneko Gobernantza eta Jasangarritasun sailburuordea. Martinezek berriz ere aitortu du gertatutakoa «hutsegite bat» izan zela, eta gogoratu Osasun Sailak eta Osakidetzak «gardentasunez eta modu proaktiboan» jardun dutela. «Berehala jardun genuen, epe laburrean edo ertainean kalterik ez zegoela egiaztatuz eta bermatuz», erran du. Oposizioa, baina, kritiko mintzatu da, eta gardentasun falta egotzi die, familia kaltetuei eta gizarteari informazioa emateari dagokionez.
Txerto horiek Osakidetzan emandakoak dira, batez ere umetxoei jarritakoak. Urtarrilaren 27an atera zen argitara albistea, eta ia egunero berritu dira datuak: zenbat pazienteri eman zitzaien, eta txerto iraungiak zer motatakoak ziren —hasieran hexabalentea izan zen, baina, gero, tetrabalentean eta hirukoitz birikoan ere hutsegiteak aurkitu dituzte—.
Hain justu, Tamayok adierazi du txerto hexabalenteari dagokionez 253 kasu potentzial identifikatu zituztela hasieran —gerora 103ra murriztu zen—: haietatik 40 kasutan, erregistroan hutsegiteak egon zirela baieztatu dute; bertze 40 laguni berriz eman zaie txertoa, eta gainerako kaltetuek erabaki dute txeroa berriz ez hartzea, edo erabakia luzatzea. Txerto tetrabalenteari eta hirukoitz birikoari dagokienez, berriz, 78 kasu potentzial identifikatu zituzten; haietatik 44 txertatu dituzte berriz, bederatzi kasutan erregistroan hutsak egon ziren, eta gainerako kaltetuek erabaki dute txeroa berriz ez hartzea. Hau da, guztira, 84 lagun txertatu dituzte berriz.Â
Segurtasuna indartu
Txertoen dosi iraungien egoeraz ez ezik, txertaketa prozesuen segurtasuna bermatzeko neurriez ere mintzatu da Martinez. Neurriok 21 dira, eta urtarrilaren 15ean hasi ziren haietako batzuk martxan jartzen.
Neurrien artean daude, bertzeak bertze, txertaketa agiri digitala ezartzea herritar guztiendako, txertaketa prozesuetan parte hartzen duten osasun langileendako derrigorrezko formakuntza saioak izatea —logistikari buruz— eta 2025ean jarritako txerto guztiak berrikustea.