Eusko Legebiltzarra. X. Legegintzaldiaren hasiera

Eusko Legebiltzar berria eratu dute, herritarren borondatearen isla duena

«Bakearen eta elkarbizitzaren oinarriak» ezartzeko legealdia izango dela esan du Bakartxo Tejeria presidente hautatu berriakAgirrezabala, Roncal, Danborenea eta Iturrate aukeratu dituzte mahaiko kide

Eusko Legebiltzarreko presidente Tejeria, atzo, legebiltzarra eratzeko saioan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarra eratuta geratu da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren borondatearen isla duena, eta ofizialki eman zaio hasiera hamargarren legegintzaldiari. Garai politiko berri baten erakusle izango da legebiltzar berria, historian lehen aldiz ETAren indarkeriarik gabeko egoera batean osatu delako eta aukera politiko guztiek aukera berberetan parte hartzeko parada izango dutelako. Legebiltzar berriaren mahaia ere egoera berriaren adierazle izango da, gizartearen pluraltasun politikoaren ispilu baitira kide berriak: Bakartxo Tejeria jeltzalea izendatu dute Eusko Legebiltzarreko presidente berria, eta Juanjo Agirrezabala (EH Bildu), Blanca Roncal (PSE-EE), Antonio Danborenea (PP) eta Iñigo Iturrate (EAJ) mahaiko kideak.

EAEko hauteskundeak egin eta hilabetera osatu da legebiltzarra. Aurretik ezarritako gidoiari jarraitu dio osoko bilkurak, eta ezustekorik ez da izan. Arantza Quiroga jarduneko presidenteak eman dio hasiera saioari, eta Adineko Mahaia osatu dute gero. Behin betiko mahaia osatu arte, saioa zuzentzeko ardura hartu du Quirogak. Isabel Zelaa legebiltzarkide adintsuenak gidatu du saioa; alboan, adinez hurrengo diren Xabier Agirre eta Blanca Roncal eta gazteenak diren Igor Lopez de Muniain eta Diana Carolina legebiltzarkideak zituela. Haiei egokitu zaie mahai berria eratzeko bozketa zuzentzea.

Lehen indarra izan zen EAJ urriaren 21eko hauteskundeetan, eta alderdi horri zegokion ganberako presidentetza eskuratzea. Horrela gertatu da. Bakartxo Tejeriaren hautagaitzak bere taldearen 27 boto eskuratu ditu, eta bigarren bozketan izendatu dute presidente, gehiengo soilez. Gainerako taldeetako legebiltzarkideek boto zuria eman dute, eta bi boto baliogabe ere izan dira, EH Bilduko Juanjo Agirrezabalak hautagaitza aurkeztu ez arren bi boto jaso dituelako.

Tejeriak presidente modura egindako lehen hitzaldian, ETAk hildako Gregorio Ordoñez eta Fernando Buesa eta GALekhildako Santi Brouard legebiltzarkideak gogoratu ditu, eta horrelakorik berriro gertatu ez dadin eskatu du: «Guztion oroimenean, inoiz gehiago ez. Bakea eta askatasuna». Era berean, azpimarratu du ETAren jardun armaturik gabeko testuinguruan osatu dutela ganbera berria: «ETAren indarkeriarik gabeko legealdia dugu lehen aldiz eta Euskadiko aukera politiko guztiak gaude hemen, herri ordezkari». Zabaldu berri den hamargarren legegintzaldian «bakea eta elkarbizitzaren oinarriak» ezarri beharko direla esan du, halaber. «Itxaropenari leihoa» irekiko dio legebiltzarrak eta bakea behin betiko sendotzeko lan egingo du, haren esanetan. Akordioaren alde lan egingo duela hitzeman du Tejeriak, elkarrizketaren bidez eta «betorik eta bazterketarik» gabe. Haren hitzetan, une ekonomiko zailean are eta gehiago landu beharko dute adostasunaren bidea: «Gastua neurtu, ekonomia berpizten lagundu, gizartearen ongizatea bermatu, eta estu eta larri daudenak lehenetsi behar ditugu, akordio zabalen bidez».

Eskerrak eman eta mahaikide berriak ere zoriondu ditu Tejeriak. Legealdi honetan, EH Bildu koalizioko Juanjo Agirrezabala izango da lehen presidenteordea, eta PSE-EEko Blanca Roncal bigarren presidenteordea. Bozketa bakarrean hautatu dituzte karguetarako, eta bakoitzak bere taldekideen botoak eskuratu ditu: EH Bilduren 21 boto Agirrezabalak, eta PSE-EEren 16 boto Roncalek. EAJ, PP eta UPDko legebiltzarkideek zuri bozkatu dute. Ostean aukeratu dituzte lehen idazkari PPko Antonio Danborenea eta bigarren idazkari EAJko Iñigo Iturrate.

Mahaia eratuta, presidenteak hilaren 27rako deitu du Bateraezintasun Batzordea. Hari egokituko zaio lehendakariaren inbestidura saioaren data ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.