Euskara

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du auzi judizialak euskara hutsean garatzeko eskea

EH Bilduren legez besteko proposamenaren aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek. Euskalduntze prozesua «bizkorregi» egitea alboratu dute.

Eraitz Saez de Egiluz EH Bilduren legebiltzarkidea, gaurko saioan. JOSU CHAVARRI
Edurne Begiristain.
2023ko ekainaren 15a
16:30
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako justizia administrazioa urrun dago oraindik euskararen normalizaziotik: gaur-gaurkoz ia ezinezkoa da auzi oso bat euskaraz egitea, eta herritarren hizkuntza eskubideak «sistematikoki» urratzen dira. EH Bilduk gaur egin du salaketa Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, legez besteko proposamen batean. Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkideak deitoratu du 2011 eta 2020 arterako Hizkuntza Normalizaziorako Planean jasotako neurriak ez direla aski izan justizia euskalduntzeko, eta ordutik ez dela plan berririk egin. Kritikatu du azken hamarkadetan «oso urria» izan dela Jaurlaritzak justizia euskalduntzeko egindako lana, eta «borondaterik eza» egotzi dio «konpromiso sendoak» hartzeko. Hala, neurriak hartzeko galdegin dizkio Jaurlaritzari. Batetik, eskatu dio «kezka» agertzeko euskararen aurkako epaiekin, eta, bestetik, auzi judizialak osorik euskaraz egiteko proiektu pilotuak martxan jartzeko hainbat barrutitan.

Ganberaren gehiengoak, baina, atzera bota du ekinbidea, eta EAJk eta PSE-EEk hitzartutako zuzenketa bat onetsi du. Bi taldeek aitortu dute euskarak ez duela egoera normalizatua justizia administrazioan, baina baztertu egin dute euskalduntze prozesua «bizkortzea». Eva Juez EAJko legebiltzarkideak ohartarazi du «azkarregi joateak» atzera egiteko arriskua duela, eta euskalduntze prozesua «pausoz pauso» egiten jarraitzea babestu du. Eskaerarekin bat egin dute sozialistek ere.

Jeltzaleek eta sozialistek azpimarratu dute oraindik «bide luzea» dagoela egiteko herritarrek arreta eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean jasotzeko duten eskubidea bermatzeko. Adostutako zuzenketan, baina, ez dute neurri zehatzik proposatu egoera iraultzeko. Horren ordez, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote jarrai dezan justizia administrazioan koofizialtasunaren aldeko «apustu irmoa» egiten eta euskara normalizatzeko planean jasotako neurriak garatzen.

Saez de Egiluzek salatu du «ulertezina» dela EAJren eta PSEren jarrera, eta «euskararen alde egotetik euskararen alde egitera» igarotzera deitu ditu bi alderdiak. Euskararen aldeko «konpromiso sendoak» hartzeko eskatu die; besteak beste, auziak euskara hutsean egiteko proiektu pilotua martxan jarrita hainbat barrutitan. Besteak beste, Bergaran, Bilbon, Donostian, Durangon, Gasteizen, Gernikan eta Tolosan proiektu hori martxan jartzeko eskatu die; horretarako, behar adina baliabide erabiltzea eta etorkizunean auzi guztiak epaitegi guztietan euskaraz egiteko konpromisoa bere gain hartzeko galdegin die.

EP-IUren izenean, Gustavo Angulok ezinbestekotzat jo du justizia euskalduntzeko planak eta programen ebaluazioak egitea justiziaren euskalduntzean aurrera egiteko. EP-IU abstenitu egin da EAJren eta PSEren zuzenketaren bozketan.

PP+C’s-k eta Voxek, berriz, ukatu egin dute justizian hizkuntza eskubideak urratuak daudela. «Kontua ez da euskaraz edo gazteleraz bizi nahi izatea, baizik askatasunean bizitzea», esan du Luis Gordillo PP+C's-ko legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.