Politika

Eusko Legebiltzarrak biktimak gogoratu ditu Memoriaren Egunean

Etxerat-ek sakabanaketak hildako hamasei lagunak biktimatzat hartzea galdegin du elkarretaratzean. Eguerdian egin du Jaurlaritzak ekitaldi nagusia, Donostiako Miramar jauregian.

Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak, Memoriaren Eguneko ekitaldian, legebiltzarraren atarian. ENDIKA PORTILLO, FOKU
edurne begiristain
2018ko azaroaren 10a
07:39
Entzun

Memoriaren Eguna ospatzen ari dira gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, azken urteotan bezala, Eusko Legebiltzarrean ekitaldia egin dute goizean. PPk salbu, gainerako legebiltzar taldeek hartu dute parte ekitaldi instituzionalean. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere egon dira Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren inguruan egindako omenaldian. Isiltasunean gogoratu dituzte indarkeriaren biktima guztiak, eta lore eskaintza ere egin diete, urtero legez.

Ekitaldian, Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak azpimarratu du Memoriaren Egunaren aurtengo helburu nagusia dela azken 60 urteetan "Euskadik indarkeriaren biktimekiko izan duen jarrerarekiko azterketa kritikoa" egitea. "Gure oraintsuko iraganera begiratzen badugu, gure gizartearen historiako alderik txarrena biktimek jasan zuten utzikeria eta terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio urria izan dira, batez ere 70eko eta 80ko hamarkadetan", esan du. Hori hala, Tejeriak biktimekiko elkartasuna eta pertsona guztien "duintasunaren, bizitzeko eskubidearen eta giza eskubideen balio gorenarekiko" konpromisoa aldarrikatu ditu.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak Radio Euskadin egindako adierazpenetan esan du "pairatutako indarkeria guztiak" aitortu behar direla, eta haien "justifikazioa baztertu" egin behar dela. Egibarrek nabarmendu du ez dela gauza bera indarkeria ekintzak justifikatzea eta horien jatorria azaltzea.

EH Bilduren parte hartzea "kritikoa" dela adierazi du Iker Casanova koalizioko legebiltzarkideak, irrati berean. Casanovaren esanetan, kontakizun bateratu bat sortzeko dauden "zailtasunak" direla eta, "adostasun puntuak nabarmendu" beharko lirateke. Ohartarazi du "iragana interpretatuko duen diskurtso bakar bat inposatzeak" zaildu egingo duela elkarbizitza.

Biktima jakin batzuk bakarrik aitortzeko garaia atzean utzi behar dela defendatu du Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Besteak beste, "biktimak beraien artean elkar aitortzen direlako" dagoeneko. Memoria "inklusibo" baten alde agertu da Bollain.

PSEko legebiltzarkide Alexia Casteloren iritziz, nahitaezkoa da "guztiek terrorismoa, indarkeriaren erabilera eta giza eskubideen urraketak arbuiatzea", "testuinguru eta justifikaziorik gabe", iraganari buruzko kontakizuna eta memoria eraiki ahal izateko. Indarkeriari zilegitasuna ukatzeko adostasunak bilatzearen beharra nabarmendu du.

Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak bere alderdiak Memoriaren Egunean ez parte hartzeko hartu duen erabakia defendatu du. Danboreneak galdetu du ea biktimei egindako omenaldia zintzoa al den, ekitaldi horretara "terrorismoa gaitzesten ez dutenak" eta euskal presoei espetxetik irteten direnean "omenaldiak" egiten dizkietenak badoaz. EH Bilduk ETAren biktimak beste indarkeria batzuen biktimekin parekatzen dituela salatu du.

Etxeraten elkarretaratzea

Legebiltzarreko ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago eta handik metro gutxira, Etxerat-ek bilkura egin du sakabanaketak hildako hamasei lagunak gogoratzeko. Bilkura hasi denean, EH Bilduko hainbat legebiltzarkide hurbildu egin dira elkarretaratzera, eta lore zuriak eman dizkiete pankarta eusten ari ziren euskal presoen senideei.

Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak salatu du Memoriaren Egunaren ekitaldi instituzionalek ahaztu egiten dituztela sakabanaketak hildako lagunak, eta beharrezkoa dela "gatazka politikoaren biktima guztien aitortza" egitea konponbidea lortu nahi bada. Sakabanaketak hildako hamasei pertsonen memoria eta aitortza aldarrikatu ditu Errazkinek, eta, halaber, azpimarratu du bakea eta bizikidetza egoera egonkor bat eraikitzeko "memoria inklusibo, garden eta argia" ezinbestekoa dela.

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Miramar jauregian egin du Memoriaren Eguneko bere ekitaldi nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.