Eusko Legebiltzarrak tramite bat egin du gaur irailaren hasieran lehendakariaren izendapenarekin jarraitu ahal izateko. Parlamentarien bateraezintasunak aztertu behar dira inbestidura saioa hasteko, eta gaur erabaki dute zer kidek egingo duten azterketa hori.
Astebete barru, hilaren 13an, bilkura osoa egiteko aurreikuspena dute. Datorren osteguneko bilkura horretan parlamentarien ondasun eta jarduerak bateragarriak direla onartuz gero, Bakartxo Tejeria parlamentuko presidenteak lehendakaria izendatzeko hasiera eguna zehaztuko du. Aurreikuspenen arabera, litekeena da irailaren 3an hastea inbestidura saioa.
Bestalde, legebiltzarrak ezeztatu egin du Voxeko diputatuak egindako eskaria. Amaia Martinezek, Voxeko diputatu bakarrak, idatzi baten bitartez osoko bilkura berriz egiteko eskatu zuen, parlamentari guztiek Espainiako Konstituzioari men egingo diotela zin egiteko.
Martinezek adierazi zuen Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoaren arabera parlamentariek baldintza jakin batzuk bete behar dituztela, eta horietako bat 108.8 artikulua dela. Artikulu horrek dio autonomia erkidegoetako parlamentariak Espainiako Konstituzioari «men egingo diotela zin egitera behartuta» daudela, eta «kargua hartzen den momentuan egin behar dela hori».
Eusko Legebiltzarreko araudiaren arabera, eta aurreko legealdiak osatzeko prozesuak aintzat hartuta, ordea, ez da beharrezkoa konstituzioari men egitea legebiltzarkideek kargua hartu ahal izateko.