Eutanasia eskubideari buruzko informazio eta ikastaro gehiago galdegin dizkiote Osakidetzari

Duintasunez Hiltzeko Elkarteak kanpaina instituzional gehiago galdegin ditu, «eutanasia eskubidea ezagutarazteko». Elkarteko ordezkarien ustez, eutanasiaren legea «oso lagungarria» da, baina «badu zer hobetu».

Eutanasia egin dioten andre bat, pertsona maite bati eskua emanda. BIEL ALIÑO / EFE
Eutanasia egin dioten andre bat, pertsona maite bati eskua emanda. BIEL ALIÑO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urriaren 27a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau urte joan dira eutanasia arautzen duen legea Hego Euskal Herrian indarrean jarri zenetik. Ordutik, dozenaka dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan eskubide hori baliatzeko baimena eskatu dutenak. Osakidetzan, zehazki, 133 pertsona hil dira metodo horren bitartez, eta eskaerak nabarmen ugaritu dira 2022az geroztik. Iaz, 74 eskaera tramitatu zituzten, eta horietatik, 49ri aplikatu zieten eutanasia. Gaur, Duintasunez Hiltzeko Elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, eta legearen argiak eta itzalak aletu. Uste dute araua «oso lagungarria» izan dela askorentzat, baina badela «zer hobetu».

Besteak beste, nabarmendu dute paziente askok «zailtasunak» dituztela aurretiazko borondateen agiriak osasun zentroetan aurkezteko, eta horiek erregistratzeko zitazioak oso berandu ematen dituztela. Horrez gain, osasun profesionalek pazienteei ematen dieten informazioa «hobetu beharra» nabarmendu dute. Hori konpontze aldera, «formakuntza handiagoa» eskatu dute Osakidetzako sendagileentzat, eta «kanpaina instituzional gehiago», gizarteari eutanasia eskubidearen berri emateko.

Duintasunez Hiltzeko Elkarteko Iñaki Alegriak azaldu du nola aplikatzen den eutanasia Hego Euskal Herrian. Eskubide hori gauzatzeko baldintza da gaixotasun larri, kroniko edo ezintzaile bat sufritzea, eta osasun profesionalei galdegitea eutanasia bidez hiltzea. Kasu batzuetan, osasun profesionalek zuzenean aplikatuko diote eriari heriotza eragiteko substantzia bat; beste batzuetan, berriz, substantzia hori preskribatuko diote, pazienteak bere kabuz har dezan.

Alegriak aitortu du legea «oso lagungarri» izan dela familia askorentzat, baina zehaztu du baduela «zer hobetu». Batez ere, pazienteek sarritan jasotzen duten «informazio eskasa» kritikatu du, eta bi bide proposatu ditu hori konpontzeko: batetik, profesionalei ematen zaien formakuntza hobetzea eta horretarako baliabide gehiago jartzea; eta bestetik, kanpaina instituzional gehiago egitea, «gripearen aurkako txertoarekin edo minbiziaren aurkako baheketekin egiten den bezala».

Duintasunez Hiltzeko Elkarteko ordezkariak esplikatu duenez, legea indarrean denetik eutanasia aplikatu litekeen zenbait kasutan «sedazio aringarriak» aplikatzen dira, eta horiek ez dira islatzen inongo estatistiketan. Alegriak gehitu du legeak «lasaitasuna» eman diela profesionalei, modua ematen dielako «asmo txarreko arazo legalei aurre egin behar izan gabe» egiteko sedazio horiek.

Aurretiazko borondateen agiria

Alegriarekin batera, Eusko Legebiltzarrean hitz egin du Cristina Valverdek ere. Aurretiazko borondateen agiria izan du hizpide. Dokumentu horretan, edozeinek zurian beltz adieraz dezake hiltzeko laguntza nahi duen ala ez, betiere legeak jasotzen dituen egoeretan.

Valverdek azaldu duenez, hiru bide daude agiri horrek legezko balioa izan dezan: notario batek izenpetzen badu; hiru lekukoren aurrean idazten bada; edo osasun zentroetako medikuen, erizainen edo erregistroko arduradunen aurrean egiten bada. Hor ere zailtasunak antzeman ditu Duintasunez Hiltzeko Elkarteak. Iaz, adibidez, 11.000 agiri erregistratu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik, %4 soilik balioztatu zituzten osasun zentroetan. «Sarritan, anbulatorioetara jotzen zuten eskatzaileak Osasun Sailaren lurralde egoitzetara bidaltzen zituzten, aurretiazko borondateen agiriak han balioztatu eta erregistratu zitzaten». Egoitza horietan ordua lortzeko itxaron zerrenda urtebetekoa dela gaineratu du Valverdek: «Ez da onargarria urtebete zain egon behar izatea, ezta eskaera gero eta handiagoa izanik baliabide gehiago jarri ez izana ere».

Hori dela eta, «baliabide material eta pertsonal gehiago» eskatu ditu Duintasunez Hiltzeko Elkarteak, eta, zehazki, proposatu dute gizarte langileak jar ditzatela zeregin horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.