Eutsi Berrituz kolektiboak egotzi dio Munilla gotzainari kristau elkarteak «haustea»

Donostiako elizbarrutiko buruzagiak agintaldia hasi zuela bost urte bete direla eta, balorazioa egin du taldeak.«Min handia» ekarri duela diote

arantxa iraola
2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ez dute ukatzen. Susmo txarrak zituzten: «On Jose Ignazio Munilla izendatzeak kezka handia eragin zuen gure artean». Baina Eutsi Berrituz kristau taldean batutako andra-gizonek Donostiako apezpikuaren agintaldiaren bosgarren urtemugaren harira plazaratu duten agiriaren arabera —2010eko urtarriletik da Donostiako elizbarrutiko buruzagia—, zinetan kezkagarria da egoera. «Min handia» ekarri izana gaitzetsi dute, eta kristau elkarteen «haustura»eragin duela salatu.

Salaketa ugari egin dituzte. Haren jarduera «autoritarioari» buruzkoak: «Elizbarrutiaren bizitzarako guztiz garrantzizkoak diren erabakiak hartzen ditu, kasik entzun gabe». Teologian duen jardunbide okerraz: «Pobrea da teologikoki, eta ez du sintoniarik gure herriaren kultura eta sentiearekin».Elkarlan faltaz: «Bai Artzipreste Kontseilua, bai Kontseilu Presbiterala, eta Elizbarrutiko Pastoral Kontseilua organo informatzaile huts izatera mugatu dira askotan». Haren jardunaren urriaz: «Gotzainak eta gotzaindegiak eragindako ekimen pastoralak Donostiako parrokietak eta mugimenduetako jardueratara mugatzen dira». Erakusten duen «sasi-debozioaz»: «Debozio sano, heldu eta esanguratsu bat animatu ordez, kontzilio aurreko espiritualismo hura ari da eragiten». Eliztarren arteko komunioa hausteko asmoz egin dituen ahalegin ugariez: «Giro gaixoti, arraro eta etena joan da garatzen, bi sentiberatasun pastoral guztiz desberdindu sorraraziz. Giro horrek berekin ekarri du elkartasun egiati baten eta elkarrekiko gardentasun baten falta».

Horien guztien atzean Eutsi Berrituz taldeko kideen ustez, Munillaren «ezgaitasun larri bat» dago, besteekin elkarrizketak izan, eta adostasun puntuak lortzekoa. Ondorioz, diotenez, «inprobisazio hutsez eta lehentasunak markatu gabe» ari da apezpiku lanetan. Elizbarrutiko egoera oso larria dela diote: «Gainbehera doa, eta zurruntzen, paralizatzen, etorkizunerako ere planteamendurik bistaratzen ez delarik». Fisikoki ere, gotzainak Euskal Herrian denbora gutxi egiten duela salatu dute: «Sarritan urruntzen da elizbarrutitik; gutxitan azaltzen da parrokietan eta artziprestaldeetan». Horrek dakarren komunikazio falta ordezkatzeko, agintzeko era «pertsonalista» duela diote, eta guztiz saihesten dituela kritikak. «Ez da gai ez aktiboki entzuteko, ez gauzak egiati egiaztatzeko», gaitzetsi dute.

Arrangura erakutsi dute iruditzen zaielako Vatikanotik Frantzisko I aita santua sustatzen ari den aldaketetatik oso urrun dagoela, Munillaren eskuetan, Gipuzkoako elizbarrutia. Nolanahi ere, beren eremuan, lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute, gida gisara hartuta Eliza Ebanjelioaren zerbitzura dokumentua -1999an aurkeztua—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.