Iosu Alberdi.

Eutsi edo berriz eraiki

2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Esparru politiko horren bilakaerari erreparatu dion inor ez du harrituko entzunda «ia ezinezkoa» dela Sumar eta Ahal Dugu batera aurkeztea Eusko Legebiltzarrerako bozetara, nahiz eta bietako batek ere ez duen eman nahi izan atea ixteko azken kolpea. Desadostasunen oinarriari erreparatuta, baina, badirudi badela galdera bat muinean. Edo bi aldeek konpartitzen ez duten «diagnostiko politiko» bat, Alba Garcia Sumarren lehendakarigaiaren esanetan. Eta horrek –programari, hautagaiei eta testuinguru sozial edo ekonomikoaren inguruko ikuspegiari baino gehiago– markari edo espazioaren lidergoari erreparatzen dio hein batean. Eraikitakoari eutsi, edo dagoena hautsi eta berreraiki? Galizian, ez batak ez besteak ez du balio izan.

Politikaren lehen lerroa uztearekin batera, esparru politiko horren eraldaketari bide eman zion erabakia hartu zuen orduko Espainiako presidenteorde Pablo Iglesiasek, nahiz eta ez zen hori haren helburua. Iradoki zuen Yolanda Diazek hartu behar zuela PSOEtik ezkerreragoko ezkerraren gidaritza, horretarako Podemoseko buruzagi eta alderdikideak proposatu beharrean —esaterako, Ione Belarra edo Irene Montero—. Diazek, baina, ez zuen Unidas Podemosen aldeko apustua berretsi, eta transformazioari ekin zion: Podemoseko zuzendaritzatik aldendu, Sumar eratu, eta goitik behera aldatu zituen esparru politiko hartako alderdien arteko indar harremanak. Hein handi batean, gainera, Podemoseko kide ohien laguntzarekin egin zuen; besteak beste, Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohiarekin.

Aldaketa begi onez ikusi dute IUk, Mas Paisek, Equok, Comukoek... Baina ez Podemosek, 2014ko Europako Parlamenturako bozetatik espazio politiko hartako indar nagusia zenak —eta militante kopuruari dagokionez, oraindik ere hala denak—, ikusi baitu nola jan dioten gainerakoek lekua. Lehenik Espainiako Gorteetarako zerrendetan; gero, Ministroen Kontseiluan; eta azkenik, Kongresuko talde parlamentario barruko espazioetan.

Erantzuna bloke parlamentarioa uztea eta Sumarretik nabarmen urruntzea izan da, soslai propioa indartu nahian; besteak beste, Diazek proposatutako langabezia laguntzen inguruko dekretuaren aurka eginda, besteak beste. Eta erabaki horien oihartzuna Madrildik Galiziara iritsi zen segituan. Galiziako Podemosen zuzendaritzak aurreakordio bat zuen arren hauteskundeetara Sumarrekin batera aurkezteko, militantziak ezezko borobila eman zion aukera horri; besteak beste, Iglesiasek berak hauspotuta. Emaitza: bigarrenez jarraian, esparru politiko hori ordezkaritzarik gabe geratu da Galiziako Parlamentuan, milaka boto galduta; eta bi aldeek elkarren jarrera kritikatu dute.

Horiek hala, zenbaitek Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begiratu dute azken asteetan —baita Madrildik ere—. Galiziakoaren antzeko ebazpenen bat espero zen hasieratik, baina, egoera bideratzeko asmoz, Ahal Dugu-k urratsak eginak zituen aurrez: Miren Gorrotxategiren hautagaitza iragarri, eta Elkarrekin markaren aldeko apustua hauspotu. Hori zen moreen abagunea Sumarren pean xurgatuak ez izateko, eta hala sustatu zuten Euskadi Berria Eraikitzen dokumentuan, Ezker Anitza-IUrekin eta Equo Berdeekin zuten itunaren ezarpena nabarmenduta eta «etorkizuneko apustutzat» jota.

Dena, iristear zenari so: «Interes batzuetan oinarrituta errealitate hori albo batera uzten duten formulek ez dute balio», diote dokumentu berean, Elkarrekin formularen defentsan. Hau da, esaldi horretatik abiatuz, interpreta daiteke Elkarrekin izan beharko litzatekeela hauteskundeetarako marka eta ez besteren bat; hau da, ez Sumar. Eta horixe defendatu du Ahal Dugu-k, David Soto alderdikideak hautagaitzaren inguruan eginiko proposamena kontua hartuta: lehendakari izateko hautagaitza konpartitua eta Eusko Legebiltzarreko bozeramailetzari uko egitea.

Sumar Mugimenduak, baina, bere apustuari eutsi dio, Espainiako Gorteetan irekitako ildoari jarraikiz. Eta orduan bezala, Ezker Anitzaren eta Equoren babesarekin. Sumarrek adierazi du «ziklo politiko berri bat» datorrela eta horretarako «aurpegi berri bat» —Alba Garcia— behar dela, baina baita marka berri bat ere. Finean, esparru politikoa eraldatzearen alde egin dute.

Bi ikuspegi horien arteko diferentziak, ordea, «kezka» eragin du esparru horren beraren barruan ere, kaltegarri izan daitekeelakoan, eta horren ondorio da aurreko astean abiatutako sinadura bilketa, Elkarrekin Sumar bai leloa duena. Inkestek eman dizkiete horretarako argudioak, eta Galizian gertatutakoak ez du balio izan arrangura alboratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.