Administrazio publikoan euskarak duen tokia mugatze aldera ebatzi izan diren sententzia ugariekin arduratuta, aurrez ere behin baino gehiagotan atera dira kalera ELA eta LAB sindikatuak, eta berritu egin dute orain deia: larunbat honetan Bilboko kaleak bete nahi dituzte Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde! leloa ozentzeko. Steilasekin batera egina dute deia. ELAko Euskara arduradun Pello Igeregik (Sopela, Bizkaia, 1981) eta LABeko Euskara idazkari Urko Aierbek (Arbizu, Nafarroa, 1974) nabarmendu dutenez, aurrez Euskal Herri osorako aldarriak maiz plazaratu badituzte ere, orain bereziki Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira ardaztu dute mobilizazioa; izan ere, bertan gaiaren inguruan dagoen eztabaida politikoa «baldintzatzea» da manifestazioaren helburua. Horregatik, euskaltzaleen irudi «indartsua» nahi dute etzi Bilbon. Ekainaren 13an, Euskalgintzaren Kontseiluak euskaltzaleak batuko ditu Iruñean, eta larunbat honetako mobilizazioa ekainekoarekin guztiz bat datorrela esan dute sindikatukoek. Aierbe: «Osagarriak dira, ipar berean kokatuta dauden bi deialdi».
Berriz egin duzue kalera irteteko deia. Zergatik orain berriro?
Pello Igeregi: Lehendabizi, testuinguru politikoarengatik. Bi gai daude orain guretzat funtsezkoak direnak hizkuntzaren gaiari dagokionez; bat da EAE Euskal Autonomia Erkidegoko estatus juridikoaren gaineko eztabaida, eta bestea Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforma. Bietan eztabaidagai dagoena da euskaldunok hizkuntza eskubide guztiak izango ditugun ala bigarren mailako herritarrak izango garen. Bestetik, oldarraldi judizial eta politiko bat pairatzen ari gara, eta horrek euskaltzaleok haserretu egin behar gaitu: gu iraintzen ari dira, guri eraso egiten. Horregatik, iruditu zaigu momentu politiko eta soziala dela horrelako manifestazio bat egiteko.
Asteotan, Euskal Enplegu Publikoaren erreformaren harira, berritasunak izan dira. Hilabeteak egin dituzte EAJk eta PSE-EEk gaiari buruzko negoziazioetan, baina harremana eten dutela esan dute orain. Erreforma proposamenei egin beharreko zuzenketak egin dizkiete taldeek. Zer aterabide ikusten diozue orain honi?
Urko Aierbe: Edozein aldaketa legalek hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu ezinbestean; ez horiek bakarrik, baina hizkuntza eskubideak ere bai. Ez soilik herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea ―eta gaur egun eskubide hori behin eta berriz urratzen da, administrazio guztietan―; baita langile publikoek euskaraz lan egiteko duten eskubidea ere. Askotan, administrazioan euskararen normalizazioa nahi ez duten sektoreek soilik erreparatzen diote arretari: herritarrek arreta euskaraz jasotzeari. Epai gehienek ere hor jarri dute ardatza: hori neurri minimo batean bermatzea nahikoa dela esan dute behin eta berriro. Guk, ordea, zera diogu: benetan euskara normalizatu dadin eta langile publikoek euskaraz lan egiteko duten eskubidea berma dadin, lan hizkuntzak euskara izan behar duela, eta horretarako neurriak hartu behar direla.
Igeregi: Gure ustez, ezinbestekoa da hizkuntza eskubideak parekatzea. Egun, soilik gaztelania exijitzen da lanpostu publiko guztietan, eta bada bi hizkuntza ofizialak exijitzeko garaia. ELAk eta LABek Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera adostu genuen nolakoa izan behar zuen horretarako prozesuak, horren bidez euskararik ez dakiten langile guztiek ere aukera izan dezaten euskalduntzeko. Iruditzen zaigu horren aurka ezin duela inork egin benetan hizkuntza eskubideetan sinesten badu. Eta kezkatuta gaude, zeren eta oldarraldi mediatiko eta politikoak badu helburu bat, gure ustez: guk egiten ditugun zentzuzko proposamenak maximalista moduan seinalatzea, gu kriminalizatzeko.
«Oldarraldi mediatiko eta politikoak badu helburu bat: guk egiten ditugun zentzuzko proposamenak maximalista moduan seinalatzea»
ELAko Euskara arduraduna
PELLO IGEREGI
Gero eta sarriagotan entzuten dira euskararen normalizazioa sustatzen duten neurrien kontrako mezuak. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak berak horrelakoak zabaldu ditu asteburuan. Zer-nola baloratzen duzue hori?
Igeregi: Gizartea galduta daukate, eta eztabaida politiko oso gordin bat mahai gainean jarri nahian ari dira, eskuin muturreko eragileen irizpideak eta eskaerak mahai gainean jarrita. Gizartearen iritzi publikoa aldatu nahi dute, eta beste oldarraldi batzuetan gertatzen den bezala, pribilegiodun moduan ikusarazi nahi gaituzte zapalduak.
Hizkuntza eskakizunen erreforman nola kudeatu hizkuntza eskakizunen derrigortasuna horiek eskatzeko progresibitatearekin? Hainbat proposamen jarri dira mahai gainean. Zer iritzi duzue?
Aierbe: 40 urte pasatu dira ja hizkuntza eskakizunen sistema ezarri zenetik, ordutik hona administrazioa euskalduntzeko urrats handiak egin dira, baina, era berean, jendartean euskaraz bizitzeko nahia asko hedatu da, eta euskararen ezagutza ere bai. Beraz, baldintzak badaude benetan urrats kualitatibo eta kuantitatibo bat egiteko administrazioaren euskalduntzean. Horregatik, gure ustez, orain arteko paradigma gainditu behar da, eta bada garaia bi hizkuntzen eskakizunak maila berean jartzeko.
Baina nola baloratzen dituzue progresibitatearen inguruan egiten ari diren proposamenak? Zein da formula?
Igeregi: Gure ustez, lehendabizi oinarriak eztabaidatu behar dira, eta guk hiru oinarri dauzkagu adostuta. Lehendabizikoa da bi hizkuntzak parekatu egin behar direla eta exijentzia horrek ehunetik ehunekoa izan behar duela bi hizkuntzetan, eta ez soilik gaztelaniaz. Bigarrena da epemuga bat ipini behar dela helburu horretara iristeko. Hirugarrena, berriz, hauxe: edonork ikas dezake euskara, baliabideak ematen bazaizkio. Oinarri horietan ados bagaude, modu desberdinak egon daitezke: hizkuntza eskakizunak geroratu daitezke, edo modu progresiboan ezar daitezke. Baina, gure ustez, helmuga adostu behar da orain.
«Oso arduragabea eta maltzurra da euskararen biziberritzearen aurka erabiltzea langile etorri berriak» URKO AIERBE
LABeko Euskara idazkaria
Maiz, hizkuntza eskakizunak handitzearen kontra daudenek langile prekarizatuak izaten dituzte hizpide, eta askotan migratzaileak. Nola erantzun halakoei?
Igeregi: Beste edozein herritarrek bezala, migratzaileek ere, laguntza eskainiz gero, euskara ikasiko dute, betiere gizarte honetan baloratzen den hizkuntza bat bada. Lehendabizi, gure gizarteak eman behar dio balioa euskarari, eta Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreforman hori dago jokoan.
Aierbe: Salatu behar da sektore euskarafoboek langile horien egoera eta baldintzak maltzurki erabiltzen dituztela. Oso arduragabea eta maltzurra da euskararen aurka eta euskararen biziberritzearen aurka erabiltzea langile etorri berriak eta hona gurekin batera bizitzera etorri diren pertsonak.