«Euskararen aurkako presio antolatuak» erantzun antolatua eskatzen duela argudiatuta, apirilaren 24an euskararen aldeko manifestazio baterako deia egin zuten ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Larunbat honetan da manifestazioa, Bilbon, eta bi asteotan deialdiak «atxikimendu» ugari jaso dituela esan dute gaur. Euskalgintzaren Kontseiluaren babesa du, batetik, eta horren bidez haren abaroan dauden erakunde euskaltzale guztiena. Horiez gain, deialdiarekin bat egin dute Bilgune Feministak, Pantailak Euskaraz-ek eta Ernaik, beste hainbatekin batera.
Ikusi gehiago
«Eragile euskaltzaleek bat egin dute euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde, eta norabide horretan neurriak har daitezen eskatuko dute larunbatean», azaldu dute sindikatuek. Ondoren ere hizkuntza politika ausartagoen alde beste bi mobilizazio egingo direla gogoratu dute, eta horietan parte hartzeko deia egin. Izan ere, igande honetan Senperen Herri Urrats egingo dute, Ipar Euskal Herriko ikastolen festa. Ekainaren 13an, berriz, Euskalgintzaren Kontseiluak martxa baten inguruan bilduko ditu euskaltzaleak, Iruñean.