EH Bilduko senataria eta EHUko irakaslea

Mario Zubiaga: «Ez da aurreiritzi bat: autogobernua ukatu egiten da, eta higatuta dago»

Zertarako antolatu euskal botere judiziala? Badaude hainbat arrazoi, Zubiagaren esanetan. Euskararen presentzia indartzen hasi, eta eskubide eta askatasunen defentsara, nazioarteko joera autoritarioari kontra eginda.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2025eko irailaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irailaren 15erako biltzekoak dira Telesforo Monzon laborategia eta EHU, Euskal Botere Judiziala irudikatzen hasteko. Egungo egoeraren diagnostikotik abiatuta, arlo judizialean ere autonomia gehiago izateko aukerez eta beharrez hausnartuko dute ikastaroan. Prestaketa lanetan ari da Mario Zubiaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1963) EH Bilduko senatari eta EHUko irakaslea, Iñigo Urrutiarekin batera. Egun egin daitezkeen urratsei erreparatuko diete, baina helmuga non dagoen ahaztu gabe: «Euskal botere judizial propio bat eraikitzea».

Abiapuntu bat ezartzeko. Zer diagnostiko egiten duzue botere judizialaren egoeraz?

Botere judizialak —baita polizia ereduak ere— eduki beharko luke posizionamendu bat eskubide eta askatasunen defentsan, baina mundu osoan nagusitzen ari den joera autoritarioak horiek murriztea dakar arlo guztietan. Horrek badauka estatu bakoitzean bere gauzatze praktikoa eta konkretua. Espainiako Estatuan, botere judizialak posizionamendu ideologiko argia du. Sanchismo gisa definitzen den horren kontrako edozein ekinaldi egiteko prest dago. Horrek ez du esan nahi epaile guztiek ildo horri jarraitzen diotenik, baina hori da botere judizial hegemonikoaren posizio ideologikoa.

Eta Euskal Herriari dagokionez?

Horren arabera, esango nuke Espainiari buruzko kontzeptualizazio nazionala una, grande y libre [bakarra, handia eta librea] leloaren markoan kokatzen dela. Hau da, nazio aniztasunaren gaineko sentsibilitatea hutsaren hurrengoa da. Berriro diot, epaile jakin batzuk: erabaki nagusiak hartzen dituztenak. Ez da aurreiritzi bat: autogobernua ukatu egiten da, eta higatuta dago. Eta argi izan behar da: deszentralizatuta ez dagoen botere bakarra botere judiziala da. Espainiako botere judiziala dago autonomia erkidegoetan, ez euskal botere judizial bat. Botere judizial propio bat edukitzea izan beharko litzateke autogobernuaren elementu nagusia.

«Botere judizial propio bat edukitzea izan beharko litzateke autogobernuaren elementu nagusia»

Diagnostikoa eginda, zein litzateke ikastaroaren helburua?

Horri aurre egiteko zer egin aztertzera animatu nahi dugu jendea. Hitz egingo dugu ea oraingo markoan zer aukera dauden euskal botere judizial horretara hurbiltzeko. Badakigu estatus berri batek ez dakarrela independentzia, baina eman dezake aukera burujabetzaren bidean urratsak egiteko. Adibidez, euskarari dagokionez. Horren inguruan edukiko dugu ekarpen bat, Mireia Grau Creusena. Eta hausnartuko dugu nola eta zertarako antolatuko dugun euskal botere judizial propio bat; irudimen konstituziogilea erabiliz. Dagoena aprobetxatu behar da aurrera egiteko, baina espektatiba konstituziogilea ahaztu gabe.

Nola eragin daiteke judikaturan euskararen presentzia areagotzeko?

Adibidez, Zuzenbidea euskaraz ikasten duten ikasleek gradua euskaraz egiten dute, eta graduondoko masterra euskaraz egin dezakete, mugekin bada ere. Baina gero, epailetzarako oposizioa prestatu eta ibilbide bat egiteko, guztia gazteleraz egin behar dute derrigorrez. Hortik epaile euskaldunak ateratzea ia ezinezkoa da; militantzia maila izugarria behar da. Hori oso gauza zehatza da, baina halakoak dira, azken finean, euskal botere judizial propioa eduki bitartean eman beharko liratekeen aurrerapausoak. Ez luke errotiko aldaketa bat ekarriko, baina asko baldintzatuko luke epaileen sentsibilitatea.

Lehen mintzaldian, foruetatik abiatuko zarete. Baten batek esan dezake asko atzera egitea dela. Zer ekarpen egin dezakete?

Bada Zizeken esaldi bat: «Borroka ideologikorik gogorrena etorkizuna baldintzatzen duen iraganari buruzkoa da». Iragana etorkizunean proposatu nahi dituzun horiei funts bat emateko interpretatzen da. Azurmendik liburu batean jaso zuen Espainiako Estatuan egin zen lehen langile greba Eskorialeko langileena izan zela. Gehienak euskaldunak ziren, bizkaitarrak esaten zitzaien, eta lan baldintza txarrengatik-edo erabaki zuten lanik ez egitea. Felipe II.ak esan zuen: «Hauek atxilotu, torturatu eta lanean jarriko ditut». Baina konturatu zen bizkaitarrak zirela, eta ezin zituela atxilotu eta torturatu haien eskubideak errespetatu gabe. Eta hori foruak ematen zien. Nahiko nituzke eskubide eta askatasun horiek orain, azkeneko 50-60 urteetan; torturatuak ez izateko, baldintzarik gabe atxilotuak ez izateko.

«Errealitatea da Auzitegi Konstituzionalak jada oso mugatua dagoen hori hartu duela eta are modu mugatuagoan interpretatu duela»

Estatus berriari buruz hitz egitean, aipatzen diren aferetako bat da Auzitegi Konstituzionala ekuaziotik kendu beharra.

Horretarako, Xabier Arzoz egongo da ikastaroan. Auzitegi Konstituzionalean egon da legelari gisa, eta kontatuko digu zein izan den dinamika azken urteotan. Bi alde badaude —gure autogobernua eta Espainiako legedi sistema zentrala—, badirudi bien gainean jartzen den arbitro inpartzial bat dela, eta biblia juridiko hori, konstituzioa, interpretatzen duela, arrazoia emanez bati edo besteari. Errealitatea da jada oso mugatua dagoen hori hartu eta are modu mugatuagoan interpretatu duela. Beraz, arbitro bat beharko da, baina arbitro horren inpartzialtasuna ziurtatzeko modu bakarra da bi aldeetatik hautatzea magistratuak.

Urrats horiek egiteko, akordioak behar dira. Bada modua estatus berri bat adosteko?

Uste dut hemen oinarrizko kontsentsu horretara heltzea ez dela zaila. Eta estatuan, ikusiko da. Leihatila hori zabalik dago. Uste dut eraikuntza nazionalaren eta nazioaren defentsaren ikuspegitik aurrerapausoak eman behar direla, eta horietako bat da autogobernuaren berme sistema sendo bat antolatzea. Gainera, badago beste elementu bat: orain, estatuko koalizio moduko hori ados jartzeko gai bakarra lurralde antolaketa da. Ez bakarrik gure autogobernua defendatzea behar dugulako, baizik eta pragmatikoki PSOErentzako ere hori delako agendarik errazena.

Madrilen zer-nolako urratsak egingo dira datozen hilabeteetan?

Kurtso bukaeran, Otegik esan zuen: hurrengo pantailara pasatzeko garaia da. Badago beldur hori: PPrekin eta Voxekin, hurrengo pantailara pasatu baino, itzali egingo dela. Hala ere, uste dut askotan egintzat jotzen ditugula oraindik gertatu ez direnak. Apustuak egiteko garaia da, eta Pedro Sanchez oso apustulari fina da. Legealdia amaitu artean aurrerapausoak emanez gero, ez nuke baztertuko hurrengo legegintzaldian ere antzeko formulazio politiko bat gertatzea, erreforma sakonago bat bideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.