Analisia

«Ez da normala»

inaki petxarroman
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Espainia ez dela herrialde normala esan du Mariano Raxoi PPko lehendakariak. Ez zaio normala iruditzen gaztelaniaz gain bestelako hizkuntza koofizialak erabiltzea Senatuan, senatari guztiek dakitelako gaztelaniaz. Horrek ekarriko duen itzulpen gastuaz kexu dira PPn, bereziki krisiaren astindua pairatzen ari den aldi batean. «Hizkuntzak elkar ulertzeko dira, ez arazoak sortzeko», borobildu du Raxoik.

«Besteen hutsak aurrean, gureak bizkarrean», dio euskarazko esaera zaharrak. Eta halaxe dabiltza PPkoak hizkuntzaren kontu honekin. Izan ere, Europako Batasunak onetsi berri du patente bat hiru hizkuntzatan: ingelesez, frantsesez eta alemanez. Eta Jaime Mayor Oreja europarlamentarioa aztoratuta dabil, oso erabaki «larria» delako, «gaztelaniak Europan duen paperari min handia» egingo diolakoan.

Hiru hizkuntzen «nagusitasuna bermatuko lukeen justifikaziorik gabeko aurrekaritzat» jo du Mayor Orejak patentearena, eta PPk haren kontra gogor egingo duela iragarri du.

Pentsatzen hasita, Europako Batasuneko herritar gehienek ulertzen dituzte ingelesa, frantsesa eta alemana. Eta PPk kontuan hartu beharko luke prozesua zenbat garestituko lukeen patentea hiru hizkuntzatan egin beharrean dozenaka hizkuntzatan egiteak. Arrazoi ekonomikoa horren argia izanik, hobe dute ingelesa ikasten hastea.

Zeren, zintzoa izanda, ez da normala norberarentzat nahi dena besteei ukatzea. Edo bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.