Epaiketaren lehen saioaren ostean erantzun ditu BERRIAk egindako galderak Bea Ilardia Askabideren abokatuak. Azpimarratu du epaitzen ari direna ez dela otoitz egiteko eskubidea, haurdunaldia etetera doazen emakumeen aurkako intimidazioa baizik. «Inork ez luke halakorik jasan behar».
Europan horrelako epaiketa bat egiten den lehen aldia da. Zer garrantzi du?
Klinikara doazen emakumeen eskubideez ari gara. Ez gara epaitzen ari otoitz egiteko eskubidea duten ala ez, baxuago ala ozenago egiten duten otoitz, zer esaten duten otoitz horietan, edo karteletan zer jartzen duten; ez, hori ez da hertsatzea. Koakzioaren edo hertsatzearen testuingurua askoz ere zabalagoa da. Kontuan hartu behar da klinika bat dela, eta denetariko emakumeak joaten direla; batzuk zaurgarri dira, eta beste batzuk ez hainbeste, baina inorentzat ez da atsegina izaten haurdunaldia etetera joan behar izatea eta aurrez aurre pertsona batzuk begira izatea, begiradarekin jarraitzen, seinalatzen, kartelak erakusten... Inork ez luke halakorik jasan behar. Non geratzen da norberaren intimitaterako eskubidea horrelako klinika batean?
Lehen saioan, klinikara joandako zenbait emakumek eta bertako arduradunek eta langileek salatu dute antiabortisten intimidazioa jasan dutela eta seinalatuak eta jazarriak sentitu direla.
Deklaratu dutenek horixe bera esan dute: ez dela soilik otoitz egitea edo hitzezko indarkeria erabiltzea, koakzio hau espezifikoa dela eta askoz ere harago doala. Zer sentitu zuten kontatu dutenean adierazi dute sortutako giroak eta testuinguruak hertsatu egin zituztela. Beste edozein adibide erabiliko bagenu, askoz ere argiago ikusiko genuke: indarkeria matxistaren kasuan, adibidez, erasotzailea espaloi batean balego eta biktima beste batean, denok ikusiko genuke argi eta garbi isiltasuna bera edota begiradak koakzio direla. Askabideko gerenteak oso ongi azaldu du zein den auziaren funtsa; hau ez baita izan egun bateko kontua, urtean bi aldiz, goiz eta arratsaldez egindako zerbait baizik, eta horrek higatu egin du, eta pertsona moduan hustu.
2022an Espainiako Zigor Kodean egindako moldaketa dago auziaren oinarrian, ezta?
Haurdunaldien etenaldiak egiten dituen kliniken aurrean otoitz egitea edo elkarretaratzeak egitea zigortzen zuen legearen hasierako moldaketak, baina erreformaren tramite parlamentarioan aldaketak egin zituzten eta bertan behera geratu zen legearen funtsa eta zentzua bera. Orain demostratu egin behar da pertsona jakin batek momentu jakin batean molestatu egiten zaituela edo intimidazioa egon dela. Eta hori oso perbertsoa da, inbertitu egiten delako frogaren karga, eta demostratu behar duzulako, banan-banan agian, pertsona horiek zerbait egin dizutela. Inork ez du pentsatuko pertsona bat koakzioa egiten ari dela otoitz egiteagatik, baina kontua da non egiten den, zein helbururekin egiten duen eta zenbat aldiz egiten duen. Hor dago gakoa.
Gaur 21 antiabortistak dira deklaratzekoak. Zer espero duzu?
Ez dituzte nire galderak erantzungo, eta soilik haien abokatuari eta fiskaltzari erantzungo diete. Haien mantra da otoitz egiteak ez duela molestatzen. Poliziek ere esan dute ez zutela molestatzen, ez zeudela legearen aurkako ezer egiten ari, ez zirela ordena publikoaren aurkako ezer egiten ari.
Epaia zein izango den gorabehera, epaiketa bera egin izana garrantzitsua da, hala ere.
Bai. Fokua haiengan jarri da, eta haiek absolbituta ere, balio beharko du funtsezko gaiari heltzeko: Zigor Kodearen erreformaren jatorrizko helburua ez bada bete, aldatu beharko genuke.