Mintzapraktika egitasmoen sendotasuna ulertzeko aski argigarriak dira datuak: 80 udalerritan daude martxan, 500 talde daude eratuta, eta 4.000 pertsona inguru batzen dira horietan. Bidelagun rolean jarduten dute hainbatek; bidelari deiturikoan gainerakoek. Guztien helburua da euskaraz modu informalean jarduteko espazioak eratzea eta horietan murgiltzea. Kafe baten bueltako solasaldiak, mendi txangoak eta aisialdiarekin lotutako bestelako jarduerak izaten dira.
Astelehenean irekiko da berriz izena emateko epea, eta aurten online jarduteko aukera ere irekiko dute. Izen ematearen ostean egitasmoa oraindik ere sendoago nahi dutela azaldu dute Emma Arrizabalaga Hernandez Iruñerriko mintzapraktika egitasmoaren kudeatzaileak (2000, Iruñea) eta Maddi Dorronsoro Olamusu Taupa mugimenduko mintzapraktika jardueren koordinatzaileak (1995, Berrobi, Gipuzkoa). Bien ikuskera da garrantzitsua; izan ere, tokian-tokian, euskara elkarteek eta udalek antolatzen dituzte mintzapraktikak, baina, euskara elkarte guztiak Taupak batzen dituenez, egitasmoaren ikuspegi osoa du mugimenduak.
Zein da praktika hauetan parte hartzen dutenen soslaia?
EMMA ARRIZABALAGA: Profil nagusia 45-55 urte arteko emakumezkoak dira; bigarren mailan 25-45 urte arteko emakumezkoak ditugu. Hala ere, parte hartzen dutenen profilak askotarikoak dira, eta horixe aldarrikatzen du, hain justu ere, mintzapraktikak: profil askotarikoak, talde askotarikoak, eta malgutasuna. Nahiz eta astean behin elkartzea den helburua, gero badira bestelako aukerak ere, eta, esaterako, zaletasunen inguruan eratzen diren taldeak: mendira joateko, bizikletaren inguruan elkartzeko, yoga egiteko... Profila askotarikoa eta irekia da.
«Parte hartzen dutenen profilak askotarikoak dira, eta horixe aldarrikatzen du, hain justu ere, mintzapraktikak: profil askotarikoak, talde askotarikoak, eta malgutasuna»
EMMA ARRIZABALAGA Iruñerriko mintzapraktikaren kudeatzailea
Partaide batzuk euskaraz gaituta daude, eta besteak gaitzeko prozesu horretan ari dira. Nola orekatzen dira taldeak?
ARRIZABALAGA: Bai, taldeak normalean 4-6 pertsonakoak dira, eta bidelagun batek eta bidelariek osatzen dituzte guztiak. Bidelariak dira euskara ikasteko prozesuan daudenak, eta gutxienez B1aren inguruko maila eskatzen zaie, gutxi gorabehera. Gero bidelagunak daude, bidelari horiei laguntzeko eta haiei prozesua errazteko.
Eta badira talde handiagoak ere, ezta?
ARRIZABALAGA: Bai, Iruñerrian, adibidez, mendi taldean badira berrogei pertsona edo.
Eta talde horietan ere oreka bilatzen da bidelari eta bidelagunen artean?
ARRIZABALAGA: Bai, hor ja mailak nahasten ditugu gehiago, baina oso gustura ibiltzen dira, eta ondo moldatzen dira.
Izen ematea hemen da. Nola egiten da?
ARRIZABALAGA: Bai, 21ean irekiko dugu, Taupamugimendua.eus webgunean eman behar da izena, mintzapraktikako atalean. Euskara elkarteen eta udalen bitartez ere egin daiteke. Zenbait herritan urrian ixten dute izen ematea; beste zenbaitetan, berriz, irekita uzten da.
MADDI DORRONSORO: Izena ematean, galdetegi bat bete behar izaten da; bakoitzak zehaztuko du zer herritakoa den, bidelari edo bidelagun izan nahi duen, zer zaletasun dituen...
Izen ematea Tauparen bidez kudeatzen da, beraz...
ARRIZABALAGA: Bai, lehen bakoitzak kudeatzen zuen bere izen ematea, baina Topagunetik Tauparako jauzi horretan erabaki genuen estrategikoa edo denontzat onuragarria zela izen emate bakarrean jasotzea denak, saretuta egoteko. Iaztik egiten dugu horrela.
«Harreman berriak sortu nahi dituzten euskaldunak, euskarari ekarpena egin nahi dion jendea... Horretarako tokia ere bada mintzapraktikan»
Mintzapraktiken koordinatzailea Taupan
MADDI DORRONSORO OLAMUSU
Euskararen biziberritzeari begira, hiztunen gaitasunari gero eta gehiago erreparatzen zaio. Gaitasuna lortzeko praktika ezinbestekoa den neurrian, mintzapraktiken indar nagusia hori da?
DORRONSORO: Euskararen erabilera bultzatzeko, nonbaitetik hasi behar da; hor badago jende pila bat hasierako mailan dagoena, eta mintzapraktikaren helburua da jende horri espazio atsegin bat, seguru bat eskaintzea, euskara praktikatzen hasteko. Beste batzuek agian jarioa galduko dute, eta izan liteke horiek euskarara bueltatzeko modua ere. Inor ez da kolpetik bikain hitz egiten hasten, eta prozesu horretan laguntzeko da mintzapraktika. Aurtengo leloak ere horixe esaten du: Eman aukera elkarri. Eta ez da bakarrik praktikatzen ari diren horientzat; beste aldea ere badago: harreman berriak sortu nahi dituzten euskaldunak, euskarari ekarpena egin nahi dion jendea... Horretarako tokia ere bada mintzapraktikan.
Euskara maila jakin bat beharrezkoa da parte hartzeko, baina euskara eskakizunetatik-eta oso apartekoa da praktika hau...
DORRONSORO: Hain justu ere, ez dira euskara eskola formalak: aisialdia da. Hitz egiteko maila bikaina bainoago, hitz egiten hasteko prestasuna da garrantzitsua.
Online jarduteko aukera eskainiko duzue aurten. Izen ematean jakinarazi beharko da hautua?
ARRIZABALAGA: Bai, izena eman, eta online nahi dela zehaztu beharko da. Bultzadatxo bat eman nahi diogu sarean mintzapraktika egiteari, Euskal Herriko mintzapraktikariak sarean jartzeko eta Euskal Herrian ez daudenekin ere sarea indartzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak erronka batekin amaitu zuen aurreko ikasturtea: beste 300.000 euskaldun irabaztea 2036rako. Xede horri begira ere badu garrantzia egitasmoak.
ARRIZABALAGA: Ikusi dugu mintzapraktikak hor rol garrantzitsu bat betetzen duela. Azken batean, euskaraz egiten ez duten askok lotsarengatik ez dute egiten, edo sare faltarengatik, eta mintzapraktikak lagun dezake jauzia egiten.