Bagara Nor Getxoko euskaltzaleen mugimenduko kideak

Deiane Arrieta eta Jon Amezaga: «Ez dugu inor tragorik gabe utzi euskaraz ez egiteagatik»

Bagara Nor Getxoko euskaltzaleen mugimenduak egindako kanpaina batek hautsak harrotu ditu zenbait hedabidetan eta alderdi politikotan. Erdaldunak «baztertzea» egotzi diete Getxoko PSE-EEk, PPk eta Voxek, besteak beste.

Arrieta eta Amezaga, txosnetan jarritako leihatiletako bati eusten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Arrieta eta Amezaga, txosnetan jarritako leihatiletako bati eusten. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Getxo
2026ko abuztuaren 6a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten Algortako (Getxo, Bizkaia) San Ignazio jaietan horrenbesteko zalaparta eragin duten «gazteleradunentzako leihatiletako bat» aldean iritsi dira hitzordura Deiane Arrieta eta Jon Amezaga Bagara Nor Getxoko euskaltzaleen mugimenduko kideak. Pisutsua dirudi, baina ematen du astunago egin zaiela euskararen kontrako kolektiborik atzerakoienei. Leihatila horiek Algortako saninazioetako txosnetako mostradoretan egon dira uztailaren 29tik abuztuaren 2ra, festak iraun bitartean. Kanpaina sinboliko horren helburua zen erdaldunak ere jabetzea euskaldunek egunerokoan euskara erabiltzeko izaten dituzten oztopoez. Arrietak eta Amezagak argi utzi dute: «ez zaio inori tragoa ukatu», hainbat hedabidek eta alderdi politikok kontrakoa zabaldu arren.

Algortako San Ignazio jaietan egindako kanpainaren helburuak lortu dituzue?

JON AMEZAGA: Neurri batean, bai. Txosnetan jarritako leihatilen helburuetako bat zen hizkuntza gatazka plazara ateratzea, eta jendeak horri buruz hitz egitea. Nork zer esan duen alde batera utzita, lortu egin dugu.

DEIANE ARRIETA: Euskaldunak izan arren euskaraz egiten ez dutenak [hizkuntza hori] erabiltzera bultzatzea ere bazen beste helburuetako bat. Bestalde, leihatilen bitartez, ispiluarena egitea bururatu zitzaigun, [erdaldunek ere] euskaldunok egunerokoan euskara erabiltzeko izaten ditugun oztopoez jabetu zitezen. Bi helburu horiek ere lortu ditugu.

Hainbat hedabidek ez dute kanpainaren zentzua ulertu, ala ez dute ulertu nahi izan?

ARRIETA: Manipulazio hutsa izan da, inork ez baitu guregana jo ekimenaren helburua zein zen galdetzeko.

AMEZAGA: Gaztelaniaz hitz egiten duen jendea baztertu nahi genuela zabaldu dute; baina, besterik gabe, euskaldunon egoerari buelta eman nahi genion, ironia, parodia eta irudikatze soila erabiliz.

ARRIETA: Ez dugu inor tragorik gabe utzi euskaraz ez egiteagatik; ez zen hori gure helburua. Horrenbesterako polemika sortzea ere ez genuen espero: haiek jakingo dute ze asmorekin egin duten.

«Besterik gabe, euskaldunon egoerari buelta eman nahi genion, ironia, parodia eta irudikatze soila erabiliz»

AMEZAGA: Baten batzuk horrenbeste haserretu direla ikusita, ondoriozta daiteke arrazoia badaukagula, neurri batean. Kanpaina jolastzat har daitekeen arren, eraso egin baliete bezala sentitu dira: hain zuzen, horixe bera bizi dugu euskaldunok egunero. Euskaldunok ere haserretzen gara gure hizkuntza eskubideak bermatuta ez daudela sentitzen dugunean.

Gertatutakoa euskararen kontrako oldarraldiaren adibide bat da?

AMEZAGA: Bai. Judiziala izateaz gain, mediatikoa, politikoa eta soziala ere bada euskararen kontrako oldarraldia.

PPk eta PSE-EEk itsu-itsuan errepikatu dute hedabide horiek zabaldutako diskurtsoa. Ezustean harrapatu al zaituzte jarrera horrek?

AMEZAGA: Aurretik ere askotan ikusi izan dugu ze jarrera daukaten euskararekin; are gehiago Getxoko Udalean. Parodia moduan ikus zezaketen, baina nahiago izan dute gazteleraz hitz egiten dutenen kontrako erasotzat hartu.

ARRIETA: Geuk jasaten ditugu erasoak egunero, baita alderdi [politiko] horien aldetik ere. Eta udalak euskara politiken inguruan daukan jarrera ez da gure eskubideak babestearen aldekoa, inondik inora [PSE-EE EAJren gobernukide da Getxon].

Bi hizkuntzen erabilera «bermatzearen» alde egin du EAJk. Epelagoa izan da jeltzaleen erantzuna?

ARRIETA: Ez dakit zer den hobeagoa: epela edo txepela.

Getxoko Voxek, berriz, sare sozialetan zabaldu ditu kanpainaren kontrako mezuak. Sareetan ere egin behar da borroka euskararen alde?

ARRIETA: Bagara Nor taldearen helburua da euskararen kontrako oldarraldiari erantzun bat ematea, jarrera aktiboz, ez pasibotasunez.

AMEZAGA: Leku guztietan: kalean, plazetan eta sareetan ere bai.

Herritarrek ondo hartu dute zuen kanpaina?

AMEZAGA: Ez dakit. Denetarik egongo da. Hala ere, egunkariak irakurrita ematen du Algortako jaietan gatazka baino ez dela egon. Inondik inora ere ez. Egia da oldarraldiaren txapelaren azpian kokatzen diren euskararen kontrako mezu horiek barruraino sartzen direla alderdi jakin batzuetan; baina, zalaparta mediatikoa alde batera utzita, oso jai lasaiak izan dira, eta ez dugu inolako arazorik izan jendearekin.

«Zalaparta mediatikoa alde batera utzita, oso jai lasaiak izan dira, eta ez dugu inolako arazorik izan jendearekin»

ARRIETA: Kanpaina honekin ziurrenik ez ditugu zenbaiten iritziak aldatuko; hori ez da gure helburua. Baina Algortan badaude euskararekiko jarrera positiboa daukaten herritarrak, eta horiengana jo nahi izan dugu. Uste dugu ekimen hau herritar horiengan euskararen aldeko sentsibilitatea pizteko erreminta bat izan dela.

Euskaldunei ez diete erraz jartzen euskaraz hitz egitea, ezta?

AMEZAGA: Euskaldunok eta erdal hiztunek egoera berean bizitzeko aukerak eta eskubidea ditugula zabaltzen ari dira etengabe, eta nahi duenak bere hautua libreki egin dezakeela. Diskurtso hori faltsua da, euskaraz bizitzea hautatzen duenak askoz traba gehiago topatzen ditu eta; gazteleraz bizitzea aukeratzen duenak, ordea, erraztasunak. Nahi dugun hizkuntzan aritzeko eskubidea izan behar dugu denok, baina hori bermatu egin behar da.

«Euskaldunok eta erdal hiztunek egoera berean bizitzeko aukerak eta eskubidea ditugula zabaltzen ari dira etengabe. Diskurtso hori faltsua da»

ARRIETA: Udalaren kultur eskaintzari begiratzea baino ez dago: hizkuntzen arteko parekidetasuna ez dago bermatuta, eta horrek menpekotasunera eramaten gaitu.

Erasoak eraso, aurrera jarraitzeko asmoa duzue?

ARRIETA: Leihatilena ez da izan Algortako [San Inazio] jaietan egin dugun ekintza bakarra: besteak beste, kale agerraldi bat egin genuen, eta euskararen aldeko pegatinak banatu genituen. Pankartak ere jarri genituen kalean, baina udal langileek denak kendu zituzten, zintzilikatu eta bi ordura, beste eragile batzuen pankartekin batera. Ikaragarria da zelako adierazpen askatasun falta dagoen herri honetan. Algortako Portu Zaharreko jaietan ere leihatilak jarriko ditugu bertoko txosnetan.

AMEZAGA: Ikasturte berriarekin batera ere aurrera jarraitzeko asmoa dugu. Hori dela eta, euskararen aldeko ekimenetan parte hartzera deitu nahi dugu jendea. Ez soilik Algortan: gainontzeko herrietan ere beharrezkoa da euskararen auzia plazara ateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA