Ez dute aparteko istilurik antzeman Donostiako Aste Nagusian

Insaustik esan du jaietan «erabateko normaltasuna» izan dela. Delituak %45 gutxitu dira iazkoen aldean, hondakin gutxiago jaso dituzte, eta garraio publikoa inoiz baino gehiago erabili da aurten.

Jon Insausti Donostiako alkatea, Aste Nagusiaren hasiera ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Insausti Donostiako alkatea, Aste Nagusiaren hasiera ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2026ko abuztuaren 16a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Giro onekoa eta parte hartzailea». Halakoa izan da aurtengo Donostiako Aste Nagusia Jon Insausti Donostiako alkatearen eta Ana Lopez Kultura zinegotziaren arabera. Agerraldia egin dute goizean, Easo plazan, festen balorazioa egiteko, eta ez dute aparteko istilurik nabarmendu.

Agintarien arabera, Aste Nagusiak iraun duen zazpi egunetan «giro ona» nagusitu da kalean. «Erabateko normaltasuna» izan dela esan dute harro, eta adierazleak eman dituzte: delituak %45 gutxitu dira iazkoen aldean, hondakin gutxiago jaso dituzte, eta garraio publikoa inoiz baino gehiago erabili da aurten —iaz baino 11.000 bidaia gehiago egin dira—. 

Delituei buruz, gaineratu du pozik dagoela iazko kopurua murriztu delako eta COVID-19aren izurriaren garaitik erregistratutako daturik apalena delako aurtengoa. «Segurtasun indarrei esker» izan dela esan du, ehun udaltzain gehiago egon baitira kalean, Ertzaintzarekin elkarlanean. 

«Ezin da gehiago eskatu»

Insaustik jakinarazi du baliabide guztiek oso ondo funtzionatu dutela, eta hori herritarrei esker izan dela. Zoriondu egin ditu horregatik: «Elkarbizitzan ondo aritzeagatik, ondo erantzuteagatik eta giro ona jartzeagatik», baita jai seguruago, garbiago eta ekologikoagoei bide emateagatik. «Benetako urrezko maskorra, handia», eskaini die denei. «Ezin da gehiago eskatu». Hala esan die jai hauek posible egin dituzten donostiarrei eta eragileei. 

Kontzertu bat bertan behera

Lopezek jakinarazi du Lia Kali artistaren kontzertura 12.000 pertsona joan direla, Orquesta Mondragon taldearenera 10.000 pertsona, eta Etzakit taldearenera 7.000 inguru. Alde txar bakarra adierazi dute: Nat Simons eta Aurora Beltranen kontzertua bertan behera geratu zela, eguraldi txarra zela eta. 

Bereziki azpimarratu dute Puro Relajok ostegunean Plaza Berrian emandako kontzertua eta eguzki eklipsea, Aste Nagusian egokitu baitzen. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA