Etxebizitza propio bat, baina zerbitzu, gune eta baliabide komunak dituena. Bizitoki egonkor bat, baina espekulazioaren logikatik aldenduta. Elkartasunean oinarritutako filosofia bat, azpimarra eginda zaintza komunitarioan. Etxebizitza eredu hori sustatu nahi du Nafarroako Gobernuak, Etxebizitza Kolaboratiboen Foru Legearen bidez. Etxebizitzaren alorreko arduradunek argi dituzte helburuak, baina ikusteko dago gai izanen diren asmo handi horiek guztiak hezurmamitzeko. Oraingoz, aurreproiektu batean jaso dituzte, zurian beltz, legearen ardatz nagusiak. Aurreproiektua ikusgai da Nafarroako Gobernu irekiaren webgunean, eta bertan, herritarrek aukera izanen dute legeari ekarpenak egiteko, martxoaren 22ra arte.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken kontseilari Begoña Alfarok iragan astean eman zuen proiektuaren berri, eta hura jendaurrean aurkezteko solasaldi sorta abiatu du orain: atzo egin zuten lehen agerraldia, Elizondon; martxoaren 2an Berriobeitin aurkeztuko dute; eta martxoaren 10ean, berriz, Lekunberrin.

Zer dira etxebizitza kolaboratiboak?
Alfaro lehendakariordearen esanetan, «egungo bizitegi ereduen alternatiba bat da: eskuragarria, komunitarioa eta espekulaziotik aldendua». Lege aurreproiektuan irakur daitekeenez, zenbait etxebizitzak osatutako eraikin edo eraikin multzo bat da, eta kooperatiba bati dagokio haren titulartasuna. Kooperatiba horren partaideek «erabilera eskubidea» dute, denek sinatu beharreko «itun kolaboratibo» baten arabera. Hots, ez dira eraikinaren jabeak, baina eskubide osoa dute hor bizitzeko eta eremu eta zerbitzu komunak erabiltzeko.
Legearen sustatzaileen arabera, eredu kolaboratiboa «erdibidean» dago, «etxe baten jabetza osoaren eta alokairuaren artean», eta helburutzat du «bizitoki eredu egonkor, solidario eta ez-espekulatibo bat bermatzea». Orain arte, Nafarroan ez zegoen gisa horretako etxebizitzak arautzeko legerik, eta, Alfaroren ustez, «aitzindaria» izanen da. Eredutzat hartu dituzte Katalunian eta Europako zenbait herrialdetan indarrean diren arauak —Eskandinaviako herrialdeetan, esate baterako, oso hedatua dago etxebizitza kolaboratiboen eredua—.
Zeintzuk dira etxebizitza kolaboratiboen ezaugarriak?
Lege aurreproiektuan zehatz-mehatz jasota daude etxebizitza kolaboratiboek izan beharreko elementuak eta ezaugarriak. Alde batetik, erabilera pribaturako eremuak eduki behar ditu, eta, bestetik, guztiek erabiltzeko tokiak: sukaldea, jangela, baratzea edo lorategia, osasun zerbitzuak, gimnasioa, liburutegia, garbitegia... Eremu horietan, «zerbitzu eta jarduera kolaboratiboak» eginen dituzte kooperatibistek, aldez aurretik sinatutako itunean zehaztutakoaren arabera.
Etxebizitzen gune komunek askotariko erabilerak izan ditzakete: senideei aldi baterako ostatu ematea; adingabeen edo mendekotasunak dituzten pertsonak zaintzea; osasun zerbitzuak, tailerrak, fisioterapia edo bestelako zerbitzuak eskaintzea... Edonola ere, etxebizitza kolaboratibo bakoitzaren oinarrian dagoen kooperatibak ezinen du irabazi-asmorik izan.
Zenbat modalitate daude?
Nafarroako Gobernuak hiru eredu zehaztu ditu lege aurreproiektuan: alde batetik, adinekoentzako etxebizitza kolaboratiboak; bestetik, landa eremuetan kokatutako etxebizitza kolaboratiboak —baserriak eta bestelako eraikin historikoak birgaitzeko modua emanen du modalitate horrek, besteak beste—; eta, azkenik, elkarlaneko etxebizitza eskuragarriak, «lurzoru publikoan sustatua eta etxebizitza babestuaren erregimenari lotua».
Noiz onartuko dute legea?
Legea indarrean sartzeko egun edo epemuga jakinik ez dago, baina Nafarroako Gobernuaren asmoa da prozesua aurten burutzea. Lege aurreproiektua Nafarroako Gobernu Irekia webgunean dago ikusgai, eta, martxoaren 22ra arte, herritarrek aukera izanen dute nahi beste ekarpen egiteko. Horiek bilduta, behin betiko testua onduko du Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken Departamentuak, eta parlamentura igorriko du, tramitazioa hasteko.
etxebizitza modalitateak
Adinekoentzako etxebizitza kolaboratiboak. Etxebizitzaren erabilera eskubidea sinatzeko garaian, bazkideek 50 eta 70 urte artean izan beharko dituzte, eta bizitokien erdiak, gutxienez, 65 urtetik gorakoentzat gorde beharko dira.
Landa eremuko etxebizitza kolaboratiboak. Udalek sustatuko dituzte, eta herrietako ondarea biziberritzeko balioko dute. Modalitate horren helburua izanen da baserriak, komentuak, tren geltokiak eta bestelako eraikin historikoak zaharberritzea.
Etxebizitza kolaboratibo ordainerrazak. Babestutako etxebizitzak izanen dira. Halakoak sustatuko dituzten kooperatibek ezin dute irabazi-asmorik izan, eta bere gain hartu beharko dute etxebizitza eraikitzeko edo birgaitzeko ardura, eta baita egiturazko mantentze lanena ere.