Ezagutza kolektiboa sortzeko aukera emango dute EHUren udako ikastaroek

Guztira, 133 ikastaro eta 29 tailer eskainiko dituzte ekainetik irailera bitarte. Matrikulazio epea zabalik da, eta interesa dutenek UIKen webgunean eman ahalko dute izena, ikastaroak hasi arte.

Poderoso, Bengoetxea eta Otaegi, gaurko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Poderoso, Bengoetxea eta Otaegi, gaurko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko apirilaren 23a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rene Descartes filosofo frantsesaren esaldi ezagun bat berrinterpretatuz, Pentsatzen duzulako gara leloa jarri diote EHUko Uda Ikastaroen 45. aldiari. Izan ere, antolatzaileen arabera, askotariko pertsonak batzen diren egitasmo apartak dira jarduera horiek, «non pentsamendu indibiduala ezagutza kolektibo bihurtzen den, bakoitzak bere ikuspegia, galderak eta esperientzia ekarriz». Ekainaren hasieratik irailaren amaierara bitartean, guztira 133 ikastaro eta 29 tailer eskainiko dituzte.

Gaur aurkeztu dituzte EHUren 45. Udako Ikastaroak, BBVA Fundazioaren Bilboko egoitzan, eta hala, hasiera eman diote beste ziklo bati. Hain zuzen, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Idoia Otaegi Udako Ikastaroen zuzendari akademikoak eman dituzte 2026ko prestakuntza programari buruzko argibideak.

«Aukeratutako leloak asko du guretik», adierazi du Bengoetxeak. Eman ta zabal zazu leloari jarraitzen dio, haren ustez. «Indibidualismoa gailentzen ari dela diotenen aurrean, Udako Ikastaroek gutasuna azpimarratu nahi dute; elkarrekin pentsatuz eta hausnartuz, denon artean bidea egiteko eta esku artean ditugun erronka handiei erantzuteko gaitasuna, alegia. Bakarkako ideiak taldean garatzen direnean aberastu egiten baitira», azaldu du EHUko errektoreak.

«Uda Ikastaroek gutasuna azpimarratu nahi dute; elkarrekin pentsatuz eta hausnartuz, denon artean bidea egiteko eta esku artean ditugun erronka handiei erantzuteko gaitasuna, alegia»

JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea

Are, asteartean onartutako EHUren estatutu berriek eta Udako Ikastaroek helburu bera dutela nabarmendu du unibertsitateko buruak: «Komunitate konprometituagoa eta arduratsuagoa sortzea». Horregatik, halaber, gizarteak dituen kezkei erantzuteko proposamenak batu dituzte udako ikastaroen 45. aldian.

Otaegik gehitu duenez, aurten mezu sinple baina oso esanguratsu bat helarazi nahi dute: «Ideiak, partekatzen direnean, ez dira galtzen, kontrakoa baizik: hazi eta eraldatu egiten dira».

Euskal Herrian barrena

Aurten, 133 ikastaro eta 29 tailer programatu dituzte; horietatik 21 euskara hutsean izango dira, eta 62tan euskaraz ere egiteko aukera izango da. Jarduera kopuruari erreparatuta, Donostia, Bilbo, Baiona eta Gasteiz izango dira gune nagusiak. Era berean, lurraldean presentzia handitzeko helburuari eutsiz, eskaintza beste hainbat udalerritara ere iritsiko da: Aramaio, Ataun, Beasain, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibiara, Gipuzkoan; eta Bermeo eta Gernikara, Bizkaian.

Bestalde, Baionan egingo dute Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen bosgarren aldia, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko unibertsitate eta erakundeekin elkarlanean. Ezagutza partekatzea, lurraldeen arteko loturak sendotzea eta etorkizuneko erronkei modu bateratuan erantzuteko bide berriak sustatzea da egitasmo horren helburua.

Bada, ikastaroek «askotariko gai esanguratsuak» bilduko dituzte, ziklo estrategikoen arabera egituratuta. Aurten, kultura eta artea, gizartea, osasuna, hezkuntza, zuzenbidea, ekonomia eta enpresa, zientzia eta teknologia, eta iraunkortasuna izango dira ardatz nagusiak.

Programa osoari erreparatuta, 2026ko Udako Ikastaroek «ikuspegi integratzailea» izango dute, Otaegiren hitzetan, «pertsonak eta haien bizi baldintzak erdigunean jarriz». «Horrela, garapen ereduaren oinarri gisa ulertuko da zaintza; hau da, gizarte bidezkoago eta berritzaileago baterantz aurrera egiteko giltza moduan», gehitu du jardueren koordinatzaileak.

«Aurten mezu sinple baina oso esanguratsu bat helarazi nahi dugu: ideiak, partekatzen direnean, ez dira galtzen, kontrakoa baizik; hazi eta eraldatu egiten dira»

IDOIA OTAEGI Udako Ikastaroen zuzendari akademikoa

Horiek horrela, egungo eta etorkizuneko erronkak modu bateratuan landu nahi dituzte, besteak beste, ingurumen krisia, eraldaketa teknologikoa eta adimen artifizialaren inpaktua aztertuz. Gainera, ongizateari lotutako gaiak jorratuko dituzte, hala nola osasuna, inklusioa, genero berdintasuna eta bizitza luzatzearen ondorioak.

Era berean, gobernantza ereduen, demokraziaren eta justizia sistemen egokitzapena aztertuko dute, ikuspegi global eta lokalak uztartuz. Azkenik, kultura, hezkuntza eta komunitatea funtsezko tresnatzat joko dituzte, Otaegiren hitzetan, «loturak sendotzeko eta gizarte kohesionatuago eta eraldatzaileago baterantz bidea egiteko».

Parte hartzea sustatuz

Ikastaro gehienak aurrez aurre emango dira, eta ikastaro asko online egiteko aukera ere izango da. Horrez gain, ohiko formatuetatik harago, metodologia parte hartzaile eta berritzaileak erabiliko dira 43 ikastarotan. Sei ikastaro Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker garatuko dira; Topagune proiektuaren parte dira. Zenbait ikastarotan, gainera, esperientzian oinarritutako proiektuez gozatzeko parada izango da.

Matrikulazio epea zabalik da, eta interesa dutenek UIKen webgunean eman ahalko dute izena, ikastaroak hasi arte. Prezioaren murrizketei dagokienez, hainbat beherapen mota daude, bai ikastaroetan matrikulatzeko, bai ostatua hartzeko. Informazio orokorra ez ezik, ikastaro bakoitzaren fitxa ere irakurtzea komeni da.

Udako Ikastaroetan murgiltzea errazteko, 18 eta 25 urte bitarteko gazteek eskaintza berezia izango dute: ikastaro gehienetan 25 euro baino ez dute ordaindu beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA