Leire Barrera. Hezkuntza Plataformen Topaguneko ordezkaria

«Ezbaian jartzen dugu zer eredu pedagogiko ari garen eraikitzen»

Elkarretaratzeak antolatu dituzte biharko eskola atarietan, ebaluazio proben kontra. Azterketei planto egiteko deia zabalduko dute. Beste eredu bat ezartzea nahi dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Orain hiru urte sortu zuten Hezkuntza Plataformen Topagunea, LOMCEren aurka eta tokian tokiko egitasmoen alde eratutako taldeen bilgune. Azterketa orokortuen aurkako plantoak bultzatu dituzte, besteak beste. Batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortu dute babesa; Nafarroan «dinamika propioa» dutela azaldu du Leire Barrera ordezkariak (Santurtzi, Bizkaia, 1982). Ebaluazio ereduaren kontrako aldarria oso indartsua dela ohartarazi du.

Ikasturte amaiera iristear dagoela, ebaluazio orokortuak hastear daude. Nolako giroa sumatzen ari zarete ikastetxeetan?

Aurreko urtekoa. Jendeak gero eta informazio gehiago du, nahiz eta [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailak ez duen hori erraztu. Aurkako jarrera orokorra dago. Sailak oso irekia utzi du dena; komunitatea gogor ikusita, presioa sumatu du. Jarduteko era aldatu du: hirugarren mailako ebaluazioa, adibidez, derrigorrezko gisa saltzen zen, baina orain aukera jarri du eskola bakoitzak egiteko.

Probek eragin akademikorik ez dutela nabarmendu dute erakundeek. Ondoriorik ez badu, zergatik zaudete egitearen aurka? Zer kalte du ikasleentzat?

Hezkuntza Saila estrategia berregokitzen joan da. Baina Madrildik dator hau. DBH amaierakoak ez du eragin akademikorik izango aurten, baina, hurrengo urtean, hala erabakitzen badute, derrigorrezkoa izango da. Kontua ez da hori soilik. Nolako hezkuntza sistema ezartzen ari gara? Lehen Hezkuntzan, ebaluazioak hirugarren eta seigarren mailan, eta DBH amaieran ere bai; horiez gain, ebaluazio diagnostikoak Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarrenean. Bost ebaluazio. Urduri gaude irakasleak; ikasleek sumatzen dute. Ezbaian jartzen dugu nolako eredu pedagogikoa ezartzen ari garen, noren onerako den halako ebaluazio sistema bat.

Lehenagotik ere egiten dituzte ebaluazio diagnostikoak Lehen Hezkuntzako laugarren mailan eta DBHko bigarrenean. Horien kontra ere bazaudete zuek? Zabaldu duzue ez egiteko deirik?

Ez. Une honetan afera handiena LOMCEtik datozen ebaluazioekin dago. Baina, azken finean, ezbaian jartzen dugu sistema osoa. Gako garrantzitsua da ebaluazio sistema. Benetan apustu egin behar da hezkuntza sistema propioa izateko, beti baikaude Madrildik datozen erabakien menpe.

Batxilergo amaierako azterketak, bai, badu eragina: unibertsitatera joateko nahitaez gainditu behar da, selektibitatea bezala. Ez egiteko deia egingo duzue?

Egia esan, ez da dinamika berria hori. Ikasle Abertzaleak aspaldi agertu dira aurka. Hezkuntza sistema osoa begiratu behar da, eta beste parametro batzuetan eraiki.

Ebaluazioaren gaia pil-pilean dago. Gogoeta egiten ari zarete plataforman? Zer norabidetan?

Otsailean gogoeta egin genuen. Ez dugu ezezkoan geratu nahi; eraikuntza ildotik jo nahi dugu. Gure hezkuntza sistema aldarrikatzen dugunean, ebaluazio sistema propioa ere aldarrikatzen dugu. Horri bide emateko hautua dugu.

Hezkuntza legea egiteko asmoa agertua du Jaurlaritzak. Adostasunerako aukera ikusten duzue?

Entzuteko prest gaude beti, baina denborak esan digu komunitatea gutxi hartu izan dela aintzat. Ikusi beharko dugu nolako irizpideak ematen dituzten, baina nahiko itxaropen gutxi dugu lege hori parametro pedagogiko egokietan egoteko. Komunitate osoa eta eragileak aintzat hartuko dituen lege propioa eraiki behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.