Dema agerikoa da. Gaur Bilbon batu diren milaka pertsonek, eta aurretik kalera atera diren beste askok, administrazio publiko euskalduna nahi dute, eta urteotan arlo horretan egin diren aurrerabideetan urrats gehiago nahi dituzte, hizkuntza parekidetasuna lortu arte. Euskaraz arta emateko eta lan egiteko gai den administrazio publiko bat dute helburu, gaztelania bakarrik baitago egun ziurtatuta. Bide horretan, argi dute norabidea: hizkuntza eskakizuna exijitu behar da lanpostu guztietan.
Beste aldean, euskararen ezagutza apalagoa dela argudiatuta, parekidetasun hori lortzea helburuen artean ez duten sindikatu, elkarte eta alderdi politikoak daude, eta gero eta ozenago ari dira beren mezuen alde. Haiek argudiatzen dute euskarazko arreta propio eskatzen duten herritarrei arta hori bermatzearekin aski dela; haientzat, beraz, ez da beharrezkoa lanpostu guztietan langile euskaldunak egotea. Areago, gehiegizkotzat dute. Horiek horrela, auzitara jo dute hainbatetan euskara eskakizunen aurka egiteko, edota txalotu egin dituzte erabaki horien kontra ebatzi diren sententziak.
Ez da erraza bi ikuskeren arteko akordioa, eta Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatuta aterabide bat lortzeko abiarazita dagoen prozesuaren gaineko negoziazioetan egon diren gorabeherek ere argi uzten dute auziak askatzen zailak diren korapiloak dituela.
Garrantzitsua da bidean tranparik ez egiteko eskatzea. Euskara administrazio publikoan bigarren mailan nahi duten horiek, adibidez, ezin dute argudiatu euskara sustatzearen aldekoa dela beren jarrera; izan ere, proposatzen duten bidearekin administrazio publikoa nekez izango da euskararen biziberritzean lagun dezakeen arnasgune bat. Euskarazko arta ere ezingo da beti bermatu. Era berean, funtzio publikoan sartzeko atea pertsona askorentzat estuegia dela pentsatzen badute, ezin diete erreparatu hizkuntza eskakizunei bakarrik; izan ere, bestelako eskakizun asko ere —orokorrak batzuk, lanpostu bakoitzari dagozkionak beste asko— bete behar izaten dira lan eskaintza publikoetan, eta inoiz gutxitan jartzen dira horiek auzitan.
Tranparik ezin dute egin, halaber, administrazio publiko euskaldunaren alde ari diren horiek. Lanketa handia eskatzen du euskararen biziberritzeak, eta lanerako oinarri berriak behar dira ezinbestean. Hizkuntza gutxituen ezaugarrien eta hizkuntza eskubideen gaineko kontzientziazioa apala da zenbait eremutan, eskola umeak euskalduntzeko baliabideetan ezinean ari dira usu, gazteei aisialdi euskaldun bat emateko aukerak falta dira, pantailetako mundu paraleloan euskarak toki urria du, hizkuntza irizpidea ere kontuan hartuko duen migratzaileen harrera egituratua falta da... Horietan guztietan ere aurrera egitea derrigorrezkoa da hizkuntza eskakizunen inguruko dema irabazteko.