Euskararen «pizkundea» aldarrikatu zuen Kontseiluak, Bilbon abenduaren 27an egindako ekitaldian; pizkunde horri hauspoa eman nahi izan zion Korrikak, «euskara gara» esanda. Eta orain, sindikatuek ere euskararen aldeko «esnatze kolektiboari ekarpena» egin nahi izan diote. ELAk, LABek eta Steilasek manifestazio bat egin dute Bilbon, Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde lelopean. Milaka lagunek bat egin dute aldarriarekin, eta eragileen mezuetan bat nagusitu da: euskararen eta gaztelaniaren estatusak parekatzeko beharra, eta horretarako «ausardiaz» jokatzeko deia.
Mitxal Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin dute manifestazioa hasi aurretik. Lakuntzak esan du oldarraldiaren helburu politikoa dela gaztelaniaren nagusitasuna bermatzea: «Hemen bi hizkuntza ofizial daude, baina euskaraz bizitzea edo lan egitea ezinezkoa da». Ausardia eskatu die alderdi politikoei, bereziki EAJri eta EH Bilduri: «Euskararen bueltan dauden ustezko adostasunek betikotu egiten dute euskararen zapalkuntza; horiek gainditu behar dira».
«Hemen bi hizkuntza ofizial daude, baina euskaraz bizitzea edo lan egitea ezinezkoa da»
MITXEL LAKUNTZA ELAko idazkari nagusia
Aranburuk, berriz, oldarraldiaren «izaera euskarafoboa» gaitzetsi du, eta «falaziatzat» jo du hizkuntz eskubideak eta lan eskubideak elkarren kontra paratu nahi izatea. Berak ere «ausardia politikoa» eskatu du: «EAJk bere burua askatu behar du PSErekin dituen hipoteka politikoetatik, eta hari beto eskubidea ukatu».
Eskisabelek gogorarazi du euskalgintzak aspalditik duela landuta sindikatuekin batera proposamen bat 15 urtean administrazioa euskalduntzeko, eta hori guztiz egingarria dela, belaunaldi gazteenetan dagoen euskararen ezagutza aintzat hartuta: «Euskaraz bizi ahal izateko baldintza errealak, materialak eta politikoak sortu behar dira; gizarte ariketa izan behar du». Eskisabelek dei egin du ekainaren 13an Iruñean egingo duten Euskaltzaleen Martxan parte hartzera.
Kale Nagusia beterik
Manifestazioa txalo artean abiatu da Jesusen Bihotza plazatik. Espaloietan zegoen jendeak mobilizazioarekin bat egin arau, bete egin da Kale Nagusia, eta ozendu dira oihuak: «Hemen gaude euskararen alde», «Euskal Herrian euskaraz», «erasoen aurrean, euskarari eragin», «euskarari erasorik ez», «hizkuntz eskubideak bermatu» eta abar.
Manifestazioa Plaza Eliptikora iritsi denean, EHEko zenbait kide hango zakarrontzietara igo dira, PSOE, CCOO, UGT euskararen etsaiak esaldia idatzita zuen pankarta batekin. Buenos Aires kalean, berriz, berdin egin dute EHEko beste kide batzuk justizia jauregiko hesietan, Euskaldunon aurkako erasoak gelditu leloa irakurgai zuen pankarta batekin.

ELAko Euskara arduradun Pello Igeregik, LABeko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik eta Rebeka Garzes Aldazabal Steilaseko ordezkariak hitza hartu dute amaiera ekitaldian. Igeregik gogorarazi du Bilboko udaletxearen inguruan izan zela sindikalismo abertzalearen lehen mobilizazioa, 1911n. Orduan, udal langileek euskara erabiltzea eragotzi nahi izan zuten, eta, horren harira, garai hartako zinegotzi sozialista batek egindako baieztapena ere ekarri du gogora: «Ziur nago herri honetako seme-alabak Espainiako gainerako probintzietakoak baino eskasagoak direla gaitasunez eta mentalitatez».
Duela 115 urteko giro hura eta gaur egungoa alderatu ditu Igeregik, eta «gaztelaniaren nagusitasuna inposatu nahi izatea» leporatu die zenbait alderdiri eta sindikaturi: «B eta D ereduei eutsiz, ikasleak kondenatu dituzte euskara ez ezagutzera, eta gero, euskararik ez dakiten heldu horientzat lanpostu publikoak erreserbatu nahi dituzte».
«EAJk bere burua askatu behar du PSErekin dituen hipoteka politikoetatik, eta hari beto eskubidea ukatu»
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Euskaltzaleen aurkako «kriminalizazioa» salatu du, eta Korrikan gertatutakoa jarri du horren adibidetzat: «Zentzuzko proposamen pragmatikoak egiten ari gara, baina gure aurkako kriminalizazioak muturreko proposamen gisa erakutsi nahi ditu».
Igeregiren iritziz, euskararen aurkako oldarraldia «antolatua» da: «Sindikatu batzuek probokatu dute, epaile euskarafoboek hauspotu dute, hedabide euskarafoboek oihartzuna eman diote, eta orain alderdi politiko euskarafoboek legeztatu egin nahi dute».
Aitzitik, sindikatuek eta euskalgintzak «berdintasuna» baino ez dute eskatzen, Igeregiren arabera: «Ez gara inor baino gehiago, baina ez dugu onartuko inor baino gutxiago izango bagina bezala tratatuak izatea».
Auzi horretan ados jartzea «desiragarria» dela esan du Igeregik, baina gaineratu du ezin dela «betoa» ezarri adostasunaren izenean: «Guk adostasunezko proposamenak egiten ditugu, gizarte osoa eroso sentiarazteko modukoak, baina adostasuna beto moduan ulertzen duten zapaltzaileei aurre egingo diegu».
Gakoa, Igeregiren iritziz, euskararen eta gaztelaniaren estatus juridikoa «parekatzea» da, eta administrazioan bi hizkuntzen eskakizunak berdinak izatea: «Ez dugu inor bidean utzi nahi, baina ez diogu inori utziko bere hizkuntza hautua betiko inposatzen».
Alderdi politikoei eskaera zehatzak egin dizkie ELAko ordezkariak: haren iritziz, ezin zaie oldarraldia antolatu dutenei utzi «eztabaidaren esparrua» ezartzen: «Eneko Andueza [PSE-EEko idazkaria] ezin da izan hizkuntza politiketarako benetako sailburua». Bestalde, gogorarazi die abiapuntuak hizkuntza eskubideak parekatzea izan behar duela, «horretarako bide bat baino gehiago egon badaitezke ere».
Gaztelaniaren nagusitasuna
LABeko Oihana Lopetegik ere salatu du zenbait alderdi eta sindikatuk «gaztelaniaren nagusitasuna» inposatu nahi dutela, eta PSE-EE eta CCOO aipatu ditu beren-beregi: «Administrazioaren euskalduntzea zapuzteko azpijokoan ari dira, eta, horretarako, hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua eraiki dute».
Lopetegik ere bi hizkuntzen ofizialtasun maila eta administrazio publikorako eskakizunak parekatzeko eskatu du, eta, horren osagarri, euskararik ez dakiten langileei «denbora eta baliabideak» eskaintzea galdegin du, euskara ikas dezaten: «Euskara inklusio sozialerako bidea da, eta guztiek izan behar dute horretarako aukera».
Lopetegiren iritziz, euskara berreskuratzeko prozesua «garai erabakigarrian» dago, eta duela 40 urte ezarritako paradigma «zartatuta» dago, «eman zezakeen gehiena» eman duelako eta azken bolada honetan sektore batzuk «oldarraldi betean» sartu direlako, «espero baino urrunago joan garela iritzita».

Euskararen normalizazioaren «inflexio puntu» horretan, EAEko Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesuan jarri du arreta Lopetegik: «Herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatuko dituzten lege bermeak ezartzeko aukera parez pare irekia dago». Horrek berebiziko garrantzia du, Lopetegiren iritziz: «Zerbitzu publikoetan ez badago euskarazko zerbitzua bermatzerik eta ez badago euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatzerik, ezinezkoa izango da beste edozein esparrutan urrats esanguratsuak egitea».
Lopetegik EAJri egin dizkio eskaerak, eta zera exijitu dio, PSE-EEren «beto eskubideari» muzin egin eta «euskara gaztelaniarekin parekatzen duen proposamenarekin bat egiteko: «Bestela, egungo ziurgabetasun juridikoak jarraituko du, epaitegien erabaki arbitrarioen eta eragile euskarafoboen mehatxupean».
Garzes bat etorri da Igeregik eta Lopetegik emandako argudioekin, eta euskararen aurkako «oldarraldi antolatua» salatu du: «Euskal Herrian euskarafobiak ez du lekurik». Euskal Herrian euskaraz kantua abestuta amaitu da ekitaldia.