Maiatzaren 9an, hilik agertu ziren arrain ugari Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan. Ia astebeteren buruan, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aitortu zuen amoniako isuri baten ondorioz hil zirela. Erraustegiko lau arduradun jarri dituzte ikerketapean, «ingurumenaren aurkako delituengatik». Atzo eman zuen Guardia Zibilak ikerketaren berri.
Ertzaintzan, ordea, «ezinegona» sortu du horrek, hark abiatu zuelako ikerketa, eta zabalik duelako oraindik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, Guardia Zibilak Ertzaintzaren eskumenak urratu ditu, Ertzaintza «Polizia integrala» delako eta hari dagozkiolako gisa horretako ikerketak.
Izan ere, Ertzaintzak abiatu zuen ikerketa, herritar baten salaketa aintzat hartuta. Atestatua epaitegiaren esku utzi zuen, eta Donostiako 5. Instrukzio Auzitegiak ikerketa bat zabaldu zuen; Ertzaintzak berak zabalik du ikerketa, eta epaileari eman dio ikertutakoaren berri. Aldiz, Guardia Zibilak oharrean azaldu zuen ingurumen arloko fiskaltzaren eskariz ari dela auzia ikertzen, eta Ertzaintzak ez du Guardia Zibilak aztertutakoaren berririk.
Segurtasun Saileko iturrien arabera, ikerketa «bikoiztea» eragin du horrek. Iturri horiek «ohikotzat» jo dute Ertzaintzaren eskumenak urratzea.