Garoñako zentralaren eraistea. Eragileen erreakzioak

Ezinegona eta zalantza ugari

Zentralaren eraisketa prozesuarekin uzkur dira inguruko herrietan; besteak beste, ez dutelako informazio nahikorik. Eskualdearen etorkizun ekonomikoak kezkatzen du AMAC elkartea.

Garoñako zentral nuklearretik gertu dago Lantarongo udalerria (Araba). JUANAN RUIZ/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Garoñako zentral nuklearraren inguruan galdetuz gero, kezka da inguruko herrietako bizilagunek gehien erabiltzen duten hitza. Lau hamarkada luzeetan ezinegona eragin die energia nuklearra ekoitzi duen zentrala etxetik kilometro gutxira izateak. Eta, zentrala itxita, eraisketa prozesuaren inguruko «gardentasunik ezak» eta hondakin erreaktiboen behin-behineko biltegia Garoñan bertan eraikitzeak eragiten die orain ezinegona.

Ikusi gehiago:HUSTEKO ETA ERAISTEKO GARAIA

Zentrala itxi eta eraisteko prozesuari baimena eman ostean, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak 27 udalerri sartu zituen zentralaren eragin eremuan. Horietako hiru Araban daude: Gaubea, Lantaron eta Erriberabeitia; gainerakoak Burgosen (Espainia), Tobalinako ibarrean. Besteak beste, eskualdeak biziberritzeko diru laguntzak jasotzen ari dira udalerriak.

Gaubeako udalerria osatzen duten herrietako bat da Espejo. Garoñako zentraletik 14 kilometro eskasera dago lerro zuzenean —22 kilometro errepidetik joanez gero—, eta gertutasun horrek beti eragin die artegatasuna herritarrei. Eta kezka. «Arriskua etxe ondoan izatea bada arduratuta egoteko motibo». Juan Carlos Lopez EH Bilduko zinegotzia da Gaubeako Udalean, eta hamabost urte daramatza Espejon bizitzen. Dioenez, «ezinegona» nagusi da Garoñatik gertu bizi diren herritar askorengan: «Beti esan digute zentrala segurua zela, baina badakigu zer arrisku dituen, batez ere segurtasunari eta ingurumenari dagokienez».

Orain «kezka» dena lehen «beldurra» zela aitortu du Lopezek. «Zerbait gerta zitekeenaren beldur ginen». Istripu nuklear baten arriskua oso presente izan dute beti Garoña inguruan bizi direnek, zentralaren jabeek urtetan segurtasun eta lasaitasun mezuak zabaldu dituzten arren. «Ebakuazio planak izanda ere, guk beti izan dugu argi istripu bat egon izan balitz ez genuela aterabiderik, ez genuela zer eginik».

Nuclenor enpresak 2012an Garoña ixteko erabakia hartu zuenean sentimendu «kontrajarriak» izan zituela aitortu du Espejoko bizilagunak. Azaldu du batetik «lasaitua» hartu zuela, behin betiko zarratua egongo zelako hainbeste buruhauste eman dizkien zentrala. Baina onartu du aldi berean «etsipen sentipena» ere izan zuela, itxiera ez zelako etorri euskal erakunde eta gizarte mugimendu askoren borrokagatik, baizik eta Iberdrolarentzat eta Endesarentzat «errentagarri» ez zelako.

Informazioa, tantaka

Zentrala hetsirik, bestelakoak dira kezkak orain herritarrentzat, Lopezen iritziz. Garoñako zentralaren eragin eremuan egonik, lehen eskuko informazioa eskuratu beharko lukete Arabako hiru udalerriek, baina ez da horrela izaten ari: «Egunkarietan agertzen den informazioa da daukagun apurra». Dioenez, udalbatzan ere xehetasunik ez dute eraisketa prozesuaz eta zentralak sortutako erradioaktibitate handiko hondakinak gordetzeko biltegiez.

Zalantzak eta galderak. Garoñako zentralaren eraisketa prozesuari buruz biak ala biak dituzte inguruko herritarrek. «Informaziorik eta gardentasunik eza» dagoela salatu du Ainhoa Mayoz Lantarongo bizilagunak. Herritik 25 kilometrora dute zentral nuklearra, baina eraisketa prozesuaz duten informazioa «urrun» sumatzen dute. «Informazio falta izugarria da. Ez dakigu zertan ari diren».

Hondakin nuklearrak behin-behineko biltegietan gordetzeko prozesuaz «iluntasuna» dagoela iritzi dio, eta azaldu du horrek «beldurra» eragin duela Lantarongo bizilagunen artean. Hondakin horiek noiz arte egongo diren hor kezkatzen dute batez ere. «Zenbat urtez egongo dira behin-behinean? Auskalo!».

Omecillo ibaiak zeharkatzen du Lantarongo udalerria, eta horko uretan isuri erradioaktiboak egon daitezkeen beldur dira herrikoak. «Noski kezkatzen gaituela; gure baratzeak eta landek ibai horretatik edaten dute», erantsi du Mayozek.

Lopezek ere badu behin-behineko biltegiaren inguruko kezka. Garoñako zentraleko eta Enresako arduradunekin noiz edo noiz batzartu egiten dira inguruko udaletako ordezkariak, baina iritzi dio jasotzen duten informazioa ez dela aski. Erradioaktibitate txikiko hondakinak Cordobako (Espainia) Albarramako mendikatean eraiki duten El Cabril hilerri nuklearrera eramango dituzte, eta salatu dute horri buruz ere «isiltasuna» dela nagusi: «Baina nola egingo dute? Eta noiz? Non eramango dituzte?».

Irmo mintzo da Idoia Louzao Espejoko bizilaguna ere informazio gabeziaz, eta tabu hitza erabili du Garoñaz hitz egitekoan. «Herriko jendearentzat Garoña beti izan da tabu bat, ez delako inoiz argi hitz egin arriskuez, eta orain ez daudelako informazioa gardentasunez ematen ari».

Irekita ala itxita, Louzaok uste du arriskua ez dela desagertu. Eta gauza bera gertatzen dela zentralaren jarduerari lotutako lanpostuekin: «Han lan egiten dutenek edo lan egin dutenek ere ongi dakite zer arriskutsua den».

Espejoko herritarrak uste du herritar gehienek begi onez ikusten dutela zentral nuklearraren eragin eremuan egoteagatik udalerriek diru bat jasotzea, baina iritzi dio txanponaren ifrentzua ez dutela ongi ezagutzen: «Izan ere, diru kopurua zentralarekiko distantziak eta arrisku mailak baldintzatuta dago». Udalek jasotzen duten diruaz itaunduta, argi erantzun du Mayozek: «Dirua? Ez dugu behar. Lantaronen badugu nahikoa industria. Eta hobe genuke diru hori ez balego, zentralak ez baitigu ezer onik ekarri».

AMAC, itxaropentsu

Ezin uka daiteke, hala ere, Garoñako zentralak zuzeneko eta zeharkako enpleguak sortu dituela inguruko herrietan—batez ere Tobalinako ibarrean—, eta jarduera ekonomikoa, neurri handi batean, zentralari lotua egon dela. Eraisketa prozesua ere enplegua sortzeko aukera gisa ikusten du AMAC Zentral Nuklearrek Eragindako Udalen Elkarteko presidente Pedro Sanchez Yebrak, nahiz eta onartu urte batzuen buruan ezinbestekoa izango den eskualderako jarduera ekonomiko «alternatiboak» bilatzea. «Biziberritzea ez da samurra izango, izan ere eskualdea landa eremua izanik ez du azpiegitura nahikorik bestelako enpresak erakartzeko», aitortu du. Alde horretatik, Trantsizio Justurako Institutuaren bitartez proiektu berriak martxan jartzea espero du, Garoñaren inguruko herriak ekonomikoki biziberritu daitezen.

Zentralaren hondakin erradioaktiboei buruzko kezkei dagokienez, AMACeko presidenteak esan du lan horiek «erabat seguruak» izan behar dutela, eta gai horretan «gardentasunez» jokatu behar dela, herritarrek lehen eskuko informazioa izan dezaten.

Ikusi gehiago:«Hondakinak lurperatzea ez da irtenbide perfektua, baina ez dago besterik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.