Terrazetan ezingo da erre. Neurri hori indarrean sartuko da Hego Euskal Herrian, Espainiako Gorteek tabakoaren lege proiektua onartuz gero. Iaz hasi zuen prozesua lege aurreproiektuak, Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu zuenean. Bada, zuzenketak egiteko epea amaituta, gaur onartu dute aurreproiektua kontseiluan, bigarren itzulian; eta proiektu bihurtu. Gero, Espainiako Kongresura igaroko da legea, diputatuek oniritzia eman diezaioten. Onartuko balitz, orduan sartuko litzateke indarrean legea.
Lege proiektuan kerik gabeko gune gehiago ezartzea aurreikusi dute. Horiek horrela, legea indarrean sartuz gero, ezingo da taberna eta jatetxeetako terrazatan erre. Ezta norbanakoentzako soilik ez diren igerilekuetan, kirol instalazioetan, aire zabaleko ikuskizunetan, unibertsitateetan eta merkataritza autoetan ere. Hau da, behin aurreproiektua lege bihurtutakoan, ezingo da kontzertuetan erre, besteak beste. Eta ez soilik zigarretarik. Azken urteetan hedatu diren zigarreta elektronikoak eta nikotina poltsak ere aintzat hartzen dira neurrian.
«Herritarrek aire garbia arnasteko duten eskubidean beste urrats bat egitea dakar lege proiektuak»
MONICA GARCIA Espainiako Osasun ministroa
Ministroen kontseiluaren ostean Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak jakinarazi duenez, berrikuntza nabarmen bat du proiektuak, lehen itzulian ondutako testuarekin alderatuz gero: hondartzetan ere ezingo da erre. Kerik gabeko guneak hainbeste hedatu izanak herritarren eskubideak errespetatzearekin bat egiten duela adierazi du Garciak: «Herritarrek aire garbia arnasteko duten eskubidean beste urrats bat egitea dakar lege proiektuak».
Legea indarrean sartuko balitz, eta Hego Euskal Herrian kerik gabeko gune horietan norbaitek erreko balu, 300 eta 600 euro arteko isuna jasoko luke.
Hori, halere, Espainiako Osasun Ministerioak proposatutako neurrietako bat besterik ez da. Izan ere, tabakoaren legeak lau zutabe ditu. Kerik gabeko guneak handitzeaz gain, tabakoarekin lotutako produktuak zigarretekin parekatzea, adingabeek erretzea debekaturik izatea eta ezein publizitate zigortzea aurreikusten dute lege proiektuan. Gauzak horrela, 2005etik tabakoaren legezkotasunaren inguruan egin diren aldaketarik handienak proposatu ditu Madrilek.
Adingabeak babestu
Adingabeek tabakoarekiko menpekotasunik izan ez dezaten hartu dituzte neurri horietako batzuk; 18 urtez azpikoek erretzea debekaturik izatea, esaterako. Gaur egun galarazia dago adingabeei tabakoa saltzea; kontsumoa, ordea, ez da zigortzen. Tabakoaren lege proiektuak mahai gainean jarri du debekua: adingabeek, errez gero, ehun euroko isuna jasoko dute, zeina gurasoek edo tutoreek ordaindu beharko duten, edo auzolana egiteagatik kitatu beharko duten.
Bide beretik, erretzera bultza dezaketen produktuen legedia ere gogortuko dute. Gaur egun, Hego Euskal Herrian, askotariko dendetan —bazarretan eta kioskoetan, besteak beste— eros daitezke zigarreta elektronikoak, baina aurrerantzean soilik tabako dendetan erosi ahalko dira. Produktu horien gaineko kontrola handitu nahi du Espainiako Osasun Ministerioak. Ez da horrelako produktuei lotuta egin duten lehen saiakera: jada onartua zuten zigarreta elektronikoetan tabakoa ez den ezein zapore galarazteko errege dekretua.
Bestalde, Espainiako Osasun ministroak jakinarazi du erabili eta botatzeko diren zigarreta elektronikoak galarazteko bideak aztertzen ari direla. Europako Batzordea horren inguruko txosten bat egiten ari da; eta Bruselaren azterketak horren alde egiten badu, lege proiektuan txertatu nahiko lukete neurri hori.
Botiken legea
Tabakoarena ez da izan Ministro Kontseiluak gaur onartu duen lege aurreproiektu bakarra. Botiken lege aurreproiektua ere izan dute eztabaidagai, eta hori ere onartu dute. Lege egitasmo horretan, besteak beste, proposatu dute erizainek eta fisioterapeutek ere botikak preskribatu ahal izatea. Ministerioak ohartarazi du urrats hori egiteak osasun langileen artean koordinazio handiagoa eragin beharko lukeela.
Horrez gain, farmazialariek aukera izango lukete bestelako botikak eman ahal izateko, eskatutakoen hornidura ezin bada ziurtatu. Hau da, medikuak marka jakin baten botika agindu eta farmazian ez badago, bertako langileek baliokidea den beste bat emateko ahalmena izango dute; generikoa, esaterako.
«Politika farmazeutiko azkarrago, seguruago eta prestatuago batera garamatza lege proiektuak, herritar denek behar dutenean tratamendua jaso dezaten», azpimarratu du Garciak. Ministroaren arabera, neurriak indarrean sartuz gero, 2.100 milioi euro aurreztuko ditu administrazioak, urtero.