Atzo ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia, eta gaur bildu da Labi batzordea —Larrialdiari Aurre Egiteko Bidea— lehen neurriak adosteko. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria izan da batzordearen buru, eta bertan izan dira sailburuak eta diputazioetako ahaldun nagusiak ere. Bilera horretan, ezarriko dituzten lehen neurriak adostu dituzte, eta aste honetan zehar jarriko dituzte martxan.
Arantxa Tapia Industria sailburuak Labiren bileraren ostean azaldu du momentuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo dieten neurriak zehaztu dituztela, baina eremu jakin bati soilik eragiten dioten neurriak ere ezar ditzaketela aurrerago, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera.
Neurriok jendea pilatu daitekeen guneei eragingo diete batik bat. Kaleko edozein eremutan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago egon; ez terrazetan, ez parkeetan eta ez kirol jardueretan. Neurri horrek eragina izango du turismo jardueretan ere.
Ostalaritzari dagokionez, ixteko ordua Espainiako Osasun Ministerioak ostiralean ezarritakoa izango da: 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezerorik sartu. Gainera, 1,5 metroko tartea errespetatu beharko da, ez soilik mahaien artean, baita mahai bereko pertsonen artean ere, eta eserita soilik kontsumitu ahal izango da. Jatetxeetan, ezingo dira aldi berean 60 pertsona baino gehiago egon. Horrez gain, diskotekek eta gaueko tabernek ezingo dute ireki, eta gazte lokalak erabiltzea debekatu dute.
Bestalde, beilatoki eta hiletetan gehienez 30 pertsona egon ahalko dira, barruan zein kanpoan izan. Igerilekuetako edukierak %60ra murriztuko dituzte, eta gehienez ere hiru orduz egon ahal izango da bertan.
Kalean erretzeko debekua ere indarrean jarriko du Jaurlaritzak. Ezingo da kalean erre bi metroko tartea mantentzerik ez badago. Garraio publikoari buruzko neurriak ere hartu dituzte. Gaueko garraio zerbitzuak 01:30ean bukatuko dira gehienez ere, eta bi orduko bidaiak baino laburragoak direnetan, ezingo da jan; bai, ordea, edan.
PCR probak zahar etxeetan
Tapiak jakinarazi du murrizketak izango direla zahar etxeetan eta eguneko zentroetan. Pertsona bakarraren bisitak jaso ahal izango dituzte egoiliarrek, egunean ordubetez gehienez ere. Halere, «bizitzaren azken fasean» dauden egoiliarren kasuan, neurri hori arindu egingo da.
Sarrera-irteerak ere ahalik eta gehien murriztuko dituzte, eta foru aldundien eta Osasun Sailaren esku egongo da murrizketa horiek zehaztea. Bestalde, PCR probak indartuko dituzte zahar etxeetan: egoiliar eta langile berri guztiei probak egingo dizkiete 72 ordu lehenago gehienez ere.
Ikasturtea, aurrez aurre
Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua ere izan da bileraren osteko agerraldian, eta datorren ikasturtearen inguruko xehetasun batzuk eman ditu. Hezkuntza zentro guztiek plan bat eta protokolo bat osatu beharko dituzte. Protokolo horretan, sortu daitezkeen jokalekuak zehaztu beharko dituzte, eta kontingentzia plan bat osatu
Uriarteren esanetan, asmoa da ikasle guztiak lehen jokalekuan hastea; hau da, aurrez aurreko eskolekin. Ikasleen ratioen inguruan ere mintzatu da sailburua. Uriarteren esanetan, 50 ikastetxe ingurutan ratioak izan beharko luketen baino altuagoak dira. Adierazi du kasu horietan egoera banan-banan aztertuko dutela eta behar izanez gero irakasle gehiago kontratatuko dituztela.
Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokionez, talde iraunkorrak osatuko dituzte, eta talde horien parte izango dira haurrak eta haien irakaslea. Aurrez aurreko eskoletarako, lehentasuna izango dute haurrik txikienek eta kalteberenek. Sarrera-irteerak, gainera, modu mailakatuan egingo dituzte, eta zentro bakoitzak erreferentziazko pertsona bat izango du COVID-19aren inguruko gaiez arduratuko dena. Eskola irteerei dagokienez, ikasturte honetan ezin izango dute gaua igarotzeko irteerarik antolatu.