Borroka antifrankistarekin lotutako auzietan lanean aritu zen Miguel Castells (Busturia, Bizkaia, 1931). Juan Paredes Manot Txiki-ren abokatua izan izan zen. «Epaiketa guztiz sumarioak hiltzeko tresnak ziren, abokatuok jartzen gintuzten instrumentu horren zerbitzura bermearen itxura emateko».
Txikiren abokatua izan zinen.
Bai, bere ama Antonia Manot, Aurrera jatetxeko Juanita eta Moreno Bergaretxe Perturren izeba etorri zitzaizkidan bulegora Txikiren abokatu izan nendin eskatzeko. Txikik bazituen Bartzelonako aferaz gain beste bi Euskal Herrian. Justizia militarra zela-eta beharrezkoa zen edozein unetan aurkeztu zitezkeen abokatuak ere egotea, eta horregatik eskatu genien Bartzelonako afera horretan Magda Oranich, Marc Palmes eta Olivares abokatu katalandarrei ardura zitezela haren defentsaz. Gu topera genbiltzan, eta ezin genuen edozein unetan Bartzelonara joan.
Heriotza-zigorra eskatu zioten FRAPeko kide baten abokatu ere izan zinen.
Frankismoak hainbat heriotza-zigor eskatuak zituen, eta niri Madrileko abokatu gazteek deitu zidaten. Espainiako Alderdi Komunistak bere inguruko abokatuei FRAPeko kideen aurkako bi epaiketa guztiz sumarioetan ez parte hartzeko kontsigna emana zien. Abokatu gazte hauentzat heriotza-zigorra eskatzen zen lehen auziak zirenez, laguntza eskatu zidaten. 'Eta, noski, hainbat pertsona hil nahi dituzte, eta bost axola horien ideologia zein den, estatu faxistaren aurkako borrokalariak dira, oker egon edo ez, ez zait piperrik axola, ez da nire afera, ezin diot ezetzik esan, eta banoa', epaiketa guztiz sumarioak hiltzeko tresnak baitziren, abokatuok jartzen gintuzten instrumentu horren zerbitzura bermearen itxura emateko, jakina denean ez dagoela zereginik. Vladimiro Fernandez Tovar FRAPeko kide bilbotarraren defentsa hartu nuen nire gain. Ideologien gainetik biak ginen euskal herritar.
Fusilatu bezperan elkartu zinen Txikirekin.
Bai, behin bakarrik egon ginen aurrez aurre. Eta orduan izan zen, fusilatu zuten bezperan. Gainean neraman liburutik orri bat erauzi eta boligrafoarekin batera abokatuekiko harremanetan dokumentuak sinatzeko zegoen leiho txikitik eman nion bere azken mezua idatz zezan. Funtzionarioa bere joan-etorrietan zebilen bitartean nik esaten nion Txikiri noiz gelditu eta noiz jarraitu idazten.
Txikiren mezua hartuta Euskal Herrira abiatu zinen.
Hala da, baina aireportuan nengoela nire izena entzun nuen bozgorailuetatik. Marcen eta Magdaren lankide Oliveras zen bulegora dei nezan presazko mezuarekin. Bulegora deitu eta esan zidaten Madrilera joan behar nuela ziztuan. Hain zuzen ere, Vladimiroren aurkako epaia eman behar zuten, eta horretarako abokatuak aurrean egon behar zuen derrigor. Poltsikoan neraman Txikiren mezua, eta buruhaustea eduki nuen harekin zer egin, Euskal Herrian ahalik eta azkarren ezagutu behar zela uste bainuen.
«Gainean neraman Txikiren mezua fotokopiatzeko baimena eskatu zidaten. Eta, nola ez, eman nien»
Madrilera joan zinen, beraz.
Ez neukan beste erremediorik. Azkenean, Vladimiro Fernándezi heriotza-zigor eskaera bertan behera utzi zioten, baina ez Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanzi. Madrilen igaro nuen irailaren 26tik 27rako gaua, Paquita Sauquilloren bulegoan, garai hartan Alderdi Komunistaren ezkerrera zegoen ORTko buruzagietakoa. Gaua lo egin gabe pasatu genuen, batzuk Atochako abokatuen bulegoan eta besteak ORTkoen ingurukoen abokatu bulegoan. Eta bi bulegoen arteko komunikazio Paquita Sauquilloren anaia batek bermatzen zuen joan-etorriak oinez eginez, ezin baitziren telefonoak erabili. Gainean neraman Txikiren mezua fotokopiatzeko baimena eskatu zidaten. Eta, nola ez, fotokopiatu eta hedatzeko baimena eman nien. Mezua Estatu espainiarreko gainontzeko herriez mintzo baita, elkartasunaz. Goizeko Talgoan abiatu nintzen Euskal Herrirantz, eta han utzi nituen zer egin hausnartzen eta eztabaidatzen. Gau hura izugarria izan zen. Ezintasunezko gau izugarria.
Euskal Herrian fusilamenduen aurkako erantzun handia egon zen.
Euskal Herrian jendea kalera atera zen, eta Poliziaren kontra oldartu zen. Madrilen ezer ez. Planteatu zen abokatu jantzietan manifestazioan irtetea, baina barregarria zatekeen. Madrilen FRAPek ez zeukan ETAk Euskal Herrian edukitako sustraitze eta onarpenik. Biek erabili zuten arren bortxa. Nire artikuluren batean edo libururen batean esana daukat, gerraondoko belaunaldikoontzat ETAk zeukan erakargarritasunetako bat zela frankismoaren biolentziari biolentziarekin erantzuten ziola. Denok ikusten genuen frankismoak nolako biolentzia zerabilen, kolpeka, irainduz, kulatazoka. Gaur egun Israelekin eta Palestinarekin gertatzen den bezala da. Armei esker Israelgo estatuak nahi dituen krimenak burutu ditzake. Eta basakeriari aurre egiteko armak erabiltzen zituen erakunde horrek gazte jendea erakartzen zuen, kontzienteki eta inkontzienteki ere nahi bada. Gerra irabazi zutenen ondorengook hodeietan bizi ginen, idiaren urratsaren atzetik ibiltzen hasi ginen arte.