Ezker abertzalea: «Del Rio berehala askatu behar dute»

Ezker abertzaleak dio PP «immobilismotik sabotaje politikara» igaro dela, PSOE eta EAJren laguntzarekin

Hodei Iruretagoiena
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak esan du euskal presoei «modu kolektiboan ezartzen zaizkien salbuespen neurri guztiak» bertan behera utzi behar dituela estatu espainiarrak, Ines del Rio «berehala askatzetik hasita». Ezker abertzalearen arabera, Espainiak «gerran eta mendekuan» oinarritutako espetxe politikaren aldeko apustua egin du. Adibide moduan gogora ekarri du Del Rioren kasua bera eta azken asteotan 10 preso urrundu izana.

Uztailaren 10ean Del Rio aske uzteko eskatu zion Espainiari Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Ezker abertzalea ziur agertu da euskal gizarteak zein nazioarteko komunitateak «prozesuan aurrera egiteko urrats gisa» ulertu dutela epaia, eta gaineratu du Estrasburgoko Auzitegiak argi uzten duela Parot doktrina deritzona «bere osotasunean» dela irregularra. «Estatu espainiarrak Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen du zigor luzapen horiekin».

Dena den, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi du ez dutela Estrasburgoren eskaera betetzeko asmorik, eta Estatuko Fiskaltza ere aurka agertu da. Horrek erakusten du, ezker abertzalearen iritziz, PPren esku dagoen Espainiako Gobernua «immobilismotik sabotaje politika argi batera» igaro dela, PSOE eta EAJren «laguntzarekin».

«Konponbiderako giltzak»

Ezker abertzaleak uste du «historikoa» dela urriaren 20an ETAk jarduera armatua behin betiko utziko zuela iragarri ondorengo unea. Hori dela eta, PP, PSOE eta EAJri «erantzukizunez jokatzen hasteko» dei egin die, bakearen eraikuntzak «denon ahalegin positiboak» eskatzen dituela iritzita. Konponbidera bidean, bi gako dira «nahitaezkoak», ezker abertzalearentzat, aktibatu beharreko bi giltzak: «Eskubide guztien errespetuan oinarritutako neurriak eta elkarrizketa, maila guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.