Espainiako Poliziak ezker abertzaleko 14 kide atxilotu ditu bart goizaldean, Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz. Batasuna, EHAK eta EAE-ANVk kideak daude atxilotuen artean. Honakoak dira:
-Karmelo Landa, Bilbon.
-Sonia Jacinto, Errenterian (Gipuzkoa).
-Jesus Mari Agirre, Bizkaian.
-Aitor Arantzabal, Bergaran (Gipuzkoa).
-Mikel Etxaburu, Bizkaian.
-Eusebio Lasa, Errenterian (Gipuzkoa).
-Peio Xabier Galvez. Urretxun (Gipuzkoa).
-Mikel Garaiondo, Leitzan (Nafarroa).
-Joseba Zinkunegi, Elgoibarren (Gipuzkoa).
-Josetxo Ibazeta, Donostian.
-Iñigo Balda, Donostian.
-Txema Jurado, Arraitzen (Nafarroa).
-Karmele Aierbe, Ataunen (Gipuzkoa).
-Nuria Alzugarai, Kordoban (Andaluzia, Espainia). Preso bat bisitatzera joana zen.
Batasuneko Mahai Nazionala berregiteko ahaleginean aritzea leporatu die epaileak atxilotuei, eta, ondorioz, delitua errepikatzea eta "erakunde terroristako" kide edo laguntzaile izatea. Gaur bertan Madrilera eramango dituztela zabaldu dute polizia iturriek, eta asteazkenean eramango dituztela epailearengana.
Atxiloketak egiteaz gain, 19 bat miaketa egin dituzte sarekadan parte hartu duten 400 poliziek; atxilotuen etxebizitzak ez ezik, EHAKren eta ANVren egoitzak, Iruñean, Barakaldon (Bizkaia) eta Donostiako Belartza poligonoan. Zenbait iturriren arabera, ANVren Barakaldoko eta Iruñeko egoitzak itxi egin dituzte.
Garzonen inguruko iturriek albiste agentziei agertu dietenez, iragan urrian Segurako (Gipuzkoa) sarekadaren bidez Batasuneko Mahai Nazionala berriz abian jartzeko saioa galarazi zuela uste du epaileak, eta bart atxilotutako lagun horiek berriro ere ahalegin berean ari zirela.
Epailea Donostian izan da operazioa gidatzen, eta, halaber, berarekin izan dira Auzitegi Nazionalean EHAK-ren eta EAE-ANVren kontrako auziez arduratzen diren fiskalak.
Atxiloketak
Ezker abertzaleko 14 kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak, Garzonen aginduz
Batasuneko, EHAK-ko eta EAE-ANVko kideak daude atxilotuen artean. Batasunaren Mahai Nazionala berregiteko ahaleginean aritzea, eta, ondorioz, "erakunde terroristako" kide edo laguntzaile izatea leporatzen die epaileak. Atxilotuen etxebizitzak, eta EHAK eta ANVko egoitzak miatu dituzte. Baltasar Garzon Donostian izan da operazioa gidatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu