Ezkerreko abertzaleen jardunaldiak eginen dituzte Ipar Euskal Herrian

2014ko udal bozak gaurtik herriz herri prestatzen hasi, eta martxoan adostuko dituzte erabakiak

Ezker abertzaleko, ABko eta EAko ordezkariak eta hautetsiak, atzo, Baionan egin zuten agerraldian. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Azken momentu arte itxoin gabe, gaurdanik hasiko dira Ipar Euskal Herriko abertzaleak 2014ko udal hauteskundeak prestatzen. Bide horretan, ekitaldi nagusia ukanen dute 2013ko martxoan. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleen jardunaldiak antolatuko ditu orduan, hauteskude proiektu politikoa eta estrategia adosteko asmoz.

Horren berri eman zuten atzo Baionan egin prentsaurrekoan. Bertan egon ziren Alain Iriart, Iker Elizalde eta Filipe Aramendi hautetsiak, Batasuneko Xabi Larralde eta Jean-Francois Lefort, ABko Mikel Iturbide eta EAko Philippe Duluc. Bertan egon hautetsiak duela urte bat Bil gaiten manifestua aurkezten izan ziren.Desadostasunak gainditu eta indarren batzearen aldeko mezua plazaratu zuten orduan berrogei bat hautetsi abertzalek. Alderdi abertzaleek eta militanteek mezu hori baikorki harturik, hainbat jende elkartu ziren egitasmoa aitzinera eramateko asmoz. Talde dinamizatzaile bat dago muntaturik, eta atzoko prentsaurrekoa haren bitartez egin zen.

Gogoetatzeko eta erabakitzeko orduan ahal bezainbat militantek parte hartzea dute xede: «Desmartxa irekiz eta parte hartzaileaeginez dugu koherentzia politikoa lortuko», Leforten hitzetan. Ideia horri segika, gaurdanik sortuko eta azkartuko dituzte herri taldeak. Zein dira abertzale ezkertiar eta ekologisten proposamenak? Nola entzunarazi behar dituzte? Zer daukate irabazteko? Estrategikoki nola gauzatu? Horri guztiari erantzuten ariko zaie militanteak herriz herri. Jardunaldian, hots, erabakiak adosteko egunean, militante bakoitzak erabakitzeko botere bera ukanen du, pertsona bat boto bat printzipioari segika. Badakite orain ere desadostasunek sortutako kalapitak izanen direla, iraganean izan diren bezala. Horregatik dute gaurdanik lanean hasi nahi.

Desadostasunak gainditzeko

«Gure desadostasunak zein diren badakigu, baina, hirugarren indar politikoa izanik, ardurak dauzkagu, eta, iraganetik ikasiz, geroa marrazten lortu behar dugu», Leforten hitzetan. Hori gainditzeko, herriz herri, militanteen parte hartze ahal bezain handia helburu dute: «Jendeak parte hartzen badu, jardunaldiko ondorioak baikorki hartuko dituela espero da; ez da ezer inposatuko».

Jardunaldian harturiko erabakien eta herrietako taldeen iritziaren artean desadostasunak balira, herrietako militanteek lukete azken hitza. Dena dela, jardunaldietan erabakitako norabideak herrietako taldeek dituzte gauzatuko, tokian tokiko errealitateei egokituz. «Printzipio eta proposamen handiak adostuko ditugu, baina ez du erran nahi herri guztietan molde berean gauzatuko direnik», Iriartek zehaztu zuenez.

Epe luzeari begira

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan hirugarren indarra atera zen EH Bai ezkerreko abertzaleen koalizioa, eta postu hori « egonkortzeko» helburua dute. Baina harago doa xedea: «2014. urteari begira gara, baina gure nahia ez da horretan mugatzen; urrunago doa», zioen atzo Aramendik. Hain zuzen, epe luzeari begira daude; «jendarte egitasmo baten oinarriak eraikitzea» dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.