Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako lau egun falta direla iritsi da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta, ezinbestean, kanpainako gai nagusia da gaur. Alderdi guztiek dituzte auziaren inguruko ekitaldiak, eta ezkerretik emakumeen mobilizazioa sustatu nahi izan dute, eskuin muturra Espainiako Gobernura iristeak ekar ditzakeen arriskuez ohartaraziz.
Goizean egindako ekitaldian, EH Bilduren Senaturako Bizkaiko hautagai Idurre Bidegurenek adierazi du emakumeek «aske eta seguru» bizi nahi dutela aldarrikatzeko eguna dela azaroaren 25a: «Beldurrik eta diskriminaziorik gabe bizi nahi dugula argi uzteko eguna». Hala, emakumeei zuzendu die bere mezua, borrokan jarraitzeko dei eginez: «Atzera eginarazteko mehatxua egiten diguten garaiotan, emakumeok izango gara, historiako hainbat unetan bezala, eskuin muturra, haren matxismoa eta emakumeok pairatzen dugun indarkeria geldiaraziko ditugunak».
Hitz horiekin lotu ditu gaurko eguna eta igandeko hauteskundeak, baina eskuin muturra Espainiako Gobernura iristeko arriskutik haratago ere jo du. Bidegurenen hitzetan, bozek balio behar dute aurrera begira soldata duinak lortzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko, alargun pentsioak eta ez kontributiboak duintzeko zein zaintza eskubidea aitortzeko. «Emakumeok botere izugarria dugu. Atzera egitea saihesteko ahalmena. Eta, batez ere, askoz gehiago aurreratzeko ahalmena».
Ahal Dugu-ko eta Fronte Zabaleko ordezkariek antzeko mezuak helarazi dizkiete boto emaileei. Lehenaren kasuan, Arabako zerrendaburu Garbiñe Ruizek adierazi du azaroaren 25a «oroimenerako, salaketarako eta aldarrikapenerako» eguna ez ezik, «konpromiso politiko, instituzional eta soziala» adierazteko unea ere badela. Hain zuzen, «konpromiso politikoa» eskatu du Aurrera doan Senatua koalizioko —Fronte Zabalak eta Alderdi Sozialistak osatua— Nafarroako hautagai Ane Sanchezek ere.

Hala, batak zein besteak independentzia ekonomikoa, enplegu duinak, etxebizitzara sarbidea eta zaintza arduren banaketa bermatzeko neurriak behar direla aldarrikatu dute. Ruiz: «Ezin dugu onartu prekarietatea, mendekotasun ekonomikoa edo pobrezia indarkeriatik ateratzeko oztopo izatea». Sanchez: «Ezin dugu indarkeria matxista borrokatu hura sustengatzen duten desparekotasunei ere aurre egin gabe».
Zuzenagoa izan da Geroa Bai, eta «negazionismoaren eta berdintasun arloan atzera egiteko arriskuaren aurrean», euren buruak «defendatzeko» botoa eskatu die emakumeei. Zentzu horretan, Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak koalizioak orain arte arlo horretan egindako lanak nabarmendu ditu: «Geroa Baik proposatuta, Senatuan onartutako genero indarkeria planetan hezkidetza neurriak hartu dira, baita VioGen sistemaren funtzionamendua indartzeko iniziatibak ere».
«Negazionismo» hori aipatu du Elma Saiz PSNren Kongresurako hautagaiak ere. Voxi erreparatu dio hartaz aritzean, eta «negazionismoaren konplizetzat» jo du PP ere. «Voxeko eleduna indarkeria matxista ukatzen entzun dugu», salatu du, halako adierazpenak onartezinak direlakoan. Eta gogoratu du PPk eta Voxek bat egiten duten erkidegoetako gobernuetan norabide hura jarraitzen duten neurriak hartu dituztela.
UPN, babesgabetasunaz
Kontrako norabidean, UPN-PP koalizioko Kongresurako zerrendaburu Leticia San Martinek Espainiako Gobernuaren lana jarri du zalantzan. Indarkeria matxistaren biktimei «arta eraginkor bat» bermatzeko beharraz hitz egin du gaur goizeko ekitaldian. Izan ere, uste du orain arte ez dela behar beste aurrerapauso egin bide horretan, ez Espainiako ez Nafarroako gobernuen partetik. «Zerbait modu nabarmenean ari da huts egiten prebentzioan, eta hor indar egin behar da», esan du, eta gehitu du biktimak ez direla «instituzioen partetik babestuta» sentitzen.
Horren argudio gisa, Espainiako Gobernuaren dispositibo telematikoak aipatu ditu. Horiek biktimari abisua ematen diote erasotzaileak urruntze agindua betetzen ez duenean, baina zenbait eragilek eta eskuineko alderdiek ezbaian jarri dituzte horien kontratazioa eta funtzionamendua. «Oso larria iruditzen zaigu emakume askok sentitzen zuten beldurrak gora egin izana, eta zenbait kasutan, baita erasotzaileekiko babesgabetasuna ere». Hala, konpromisoa azaldu du baliabide eta politika publikoen gaineko auditoria bat egiteko.

