Arartekoak gaitzetsi du La Sallek erreparazio kolektiboari uko egin diola Ezkiagaren sexu abusuen auzian

Arartekoak gaur zabaldutako txostenean adierazi duenez, kongregazioak «neurri indibidualak» soilik hartzeko konpromisoa hartu du. La Salle ez dago prest gaitzespen ohar bat kaleratzeko eta barkamena eskatzeko ekitaldi publiko bat egiteko.

Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxearen sarrerako kartela, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxearen sarrerako kartela, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Maddi Iztueta Olano - Jakes Goikoetxea
2026ko martxoaren 10a
12:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxi Ezkiaga Lasa (1943-2018) irakaslearen abusuen biktimek batez ere bi erreparazio neurri eskatu dizkiote Donostiako La Salle ikastetxeari: bata, ohar bat kaleratu dezala Ezkiagaren sexu abusuak gaitzesteko, eta eskolaren webgunean argitaratuta gera dadila betirako; eta, bestea, ekitaldi publiko bat antolatu dezala Donostiako Loiola auzoan duen ikastetxean, egindako kaltea onartzeko. La Salle kongregazioak, ordea, uko egin dio biktimek eskatutako erreparazio kolektiboa bermatzeari. Hala ondorioztatu du Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak.

Arartekoak bitartekaritza egin du biktimen eta La Salle kongregazioaren artean. Gaur argitaratu du bitartekaritza lan horri buruzko azken txostena. La Salle «erreparazio neurri indibidualak» hartzeko prest agertu da soilik.

26 biktimaren lekukotzak 

Patxi Ezkiaga Lasa Donostiako La Salle ikastetxeko irakasle izan zen 1976 eta 2012 urteen artean. Urte batzuetan zuzendari ere bai. Hala ere, ez zen ikasle ohi bat izan Ezkiagaren sexu abusuak salatu zituen lehena: Marisol Zamorak duela urte eta erdi El Pais egunkarian salatu zuen —zehazki, maiatzaren 31n— Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola adingabea zenean. Ezkiaga Zamoraren familiaren laguna zen.

Zamoraren salaketak oihartzun handia izan zuen, bai sexu abusuengatik, bai Ezkiaga pertsonaia publikoa zelako, idazle gisa ezaguna. Zamoraren salaketa abiapuntua izan zen. Ordutik, beste 25 emakumek salatu dute beraiek ere Ezkiagaren sexu abusuak jasan zituztela haurrak zirela; horietatik gehienek Loiola auzoko ikastetxean bertan pairatu zituzten.

Biktimek Arartekora jo zuten iazko urtearen hasieran, kalteen aitortza publiko bat lortzeko prozesu bat abiatzeko eta erakundeen babesa lortzeko asmoz. Orduan ere, biktimek «erreparazio kolektiboa, morala eta soziala» jarri zuten eskakizunen ardatzean. Bitartekaritza lan horretan, Arartekoa La Salle kongregazioarekin jarri zen harremanetan iazko maiatzaren bukaeran. Handik aste gutxira, kongregazioak erantzuna bidali zion: biktimen mina aitortu zuen; haiei entzuteko eta barkamena eskatzeko prest zegoen; eta egia argitzeko, lankidetzarako, gardena izateko eta erreparaziorako borondatea zuen. 

PRIVA planaren bitartez

Sexu abusuen berri izan zuenetik hartutako neurrien berri eman zion kongregazioak Arartekoari. Besteak beste, aipatu zuen PRIVA planaren bitartez jorratu asmo zuela abusuen inguruko ikerketa eta horien erreparazioa. Hain justu, PRIVA Espainiako Eliza katolikoak sortutako plan bat da, bere mendeko erakundeetan sexu abusuak jasan zituztenei kalte ordainak emateko, abusu horiengatik auzitara jo ezin denean edo abusatzailea hilda dagoenean.

Erantzun hori ikusita, biktimek bost eskaera zehatz egin zizkioten kongregazioari: Ezkiagaren sexu abusuak gaitzesteko ohar publikoa kaleratzea eta webgunean txertatzea; egindako kaltea onartzeko eta barkamena eskatzeko ekitaldi publikoa eta sinbolikoa antolatzea eskolan; kongregazioak egindako barne ikerketa ikusi ahal izatea; hala nahi zuten biktimek eskolako eta kongregazioko topaketak egin ahal izatea; eta biktima batzuen tratamenduen kostua ordaintzea. Eskaerak ziren, ez exijentziak. Biktimak negoziatzeko prest zeuden. «Elkarrizketa abiatzeko lehen urratsa» zen, Arartekoaren esanetan.

Biktimek dezepzionatuta, haserre, minduta eta triste hartu zuten kongregazioaren erantzuna, biktima guztiek partekatutako premia baztertu zuelako: erreparazioak sinbolikoa, kolektiboa eta publikoa izan behar duela

Lehenengo erantzunean La Salle «erreparazio kolektiborako» neurriak hartzeko prest agertu zen arren, biktimen eskaerak jaso eta astebetera, bertan behera utzi zuen aukera hori, iazko azaroaren 27an. Arartekoari azaldu zion «erreparazio indibidualerako» neurriak soilik hartuko lituzkeela.

Arartekoak txostenean salatu duenez, hautu horrek agerian utzi zuen La Sallek ez zuela inolako asmorik biktimekin modu kolektiboan negoziatu eta hitz egiteko, elkarlanean aritzeko, ezta sexu abusuen inguruan erakundeak izandako erantzukizunari buruzko eztabaida publiko bat abiatzeko ere. Kongregazioaren erabakia «beste kolpe mingarri bat» izan zen biktimentzat, Arartekoaren arabera, ez baitu aintzat hartzen «gertatutakoaren dimentsio kolektiboa, etikoa eta soziala». Joan den urtarrilean, PRIVA planaren bitartez soilik lan egiteko asmoa berretsi zion La Sallek Arartekoari. Kongregazioak «deitoratu» egin zuen biktimei min gehiago eragitea.

Negoziaziorik ez

Biktimek dezepzionatuta, haserre, minduta eta triste hartu zuten kongregazioaren erantzuna, biktima guztiek partekatutako premia baztertu zuelako: erreparazioak sinbolikoa, kolektiboa eta publikoa izan behar duela. Biktimek xehetasun bat aipatu zuten: erantzun hark ez zuen ez kongregazioaren logotiporik, ez sinadurarik, ez izen-abizenik. Arduradunik ez.

Biktimak etsita, haserre, minduta eta triste zeuden, La Sallek ez zuelako arrazoitu zergatik baztertu zituen haien eskaerak. «Orain ez dugu aukerarik ikusten egiteko» eta «orain oso zaila da neurri horiek burutzea», erantzun zuen La Salle kongregazioak. Eskaerak errotik baztertu zituen, negoziatzeko edo tarteko formulak bilatzeko aukerak aipatu gabe.

Erreparazioari dagokionez, Arartekoak nabarmendu du ezin dela mugatu konpentsazio ekonomiko indibidualetara eta keinu sinboliko isolatuetara: «Erreparazioak osoa izan behar du»

Ezkiagaren biktimek sentitzen dute ukatu egin dietela egia eta erreparazioa izateko eskubidea. Ez direlako haiek salatutako gertakariak eta haien lekukotzak ezeztatu, baina kongregazioak uko egin diolako erreparazio ekintza publikoren bat egiteari.

Inpunitaterik ez

Biktimekin eta kongregazioarekin izandako eztabaidetan oinarrituta, hainbat ondorio eta eginkizun plazaratu ditu Arartekoak, egia, justizia eta erreparazioa erdigunean jarrita. Justiziari dagokionez, Arartekoak azaldu du Ezkiaga hilik egoteak eta sexu abusuak gertatu zirenetik denbora luzea igaro izanak ez liokeela hari «inpunitate sozialik eta etikorik» eman beharko. Kontrara, uste du hori eragozteko ezinbestekoa dela abusuen larritasuna aintzat hartzea, biktimen lekukotzak eta bizipenak aitortzea, eta erantzukizun instituzionalak eta kolektiboak nork bere gain hartzea. 

Erreparazioari dagokionez, Arartekoak nabarmendu du ezin dela mugatu konpentsazio ekonomiko indibidualetara eta keinu sinboliko isolatuetara: «Erreparazioak osoa izan behar du: terapeutikoa, soziala, morala eta kolektiboa». Biktimei entzun behar zaioela dio. Sinistu. «Osasun fisikorako eta mentalerako dituzten premietan lagundu; egindako kaltea publikoki onartu; eta memoriarako eta berriro ez errepikatzeko neurriak hartu». Horregatik, haien historiaren eta jokabideen irakurketa kritikoa eskatu dio Donostiako La Salle ikastetxeari.

Horrekin lotuta, Arartekoak ondorioztatu du Donostiako, eta, oro har, Euskal Herriko gizarteak ere baduela auzi honetan erantzukizunik, argudiatuta sozialki hartutako zenbait joerak eta jarrerak ahalbidetu zutela, hein batean, sexu abusu horiek horrenbeste urtez egitea eta mantentzea. Joera horien adibidetzat jarri ditu, kasurako, salaketak jartzeko beldurra hauspotzea, neskatoei sinesgarritasunik ez ematea, eta zenbait erakunderi balio sozial handiegia ematea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA