Ikasgelan ikusten zuten Patxi Ezkiagak batez ere neskak ateratzen zituela arbelera. Ia beti berberak. Altzoan eserarazten zituela. Ukituak egiten zizkiela, disimulurik gabe. Baina Marisol Zamorak 2024ko maiatzean Ezkiagaren sexu abusuak salatu izanak Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohiak astindu zituen. Ezkiagaren abusuen biktima gehiago ere atera ziren. Ikasle ohi gehienek orduan jakin zuten irakasleak ikaskide horiei izugarrikeriak egiten zizkiela ikasgelatik kanpo.
Ikasle ohi batzuk, Ezkiagaren erasoen berri izan eta hilabete batzuetara, harremanetan jartzen eta antolatzen hasi ziren. Manifestu bat sortu zuten, haien ezinegona plazaratzeko, biktimak babesteko eta eskolari exijitzeko haiek ikasle izan ziren urteetan gertatu zen guztia argitzeko.
Ezkiagak hainbat urtez egin zituen erasoengatik norbaitek erantzun behar dutela uste dute, eskolak bazuelako erasoen berri: «Besteak beste, orduko La Salleko bi zuzendarik bazekiten, gure lau ikaskide ohi eta biktimak aurrez aurre salatu zituztelako, hain zuzen 1991, 1995 eta 1996. urteetan».
Ezkiagak hainbat urtez egin zituen erasoengatik norbaitek erantzun behar duela uste dute, eskolak bazuelako erasoen berri: «Besteak beste, orduko La Salleko bi zuzendarik bazekiten»
Ikasle ohi gehienek bazuten Ezkiagaren «eskuluze eta perbertitu famaren berri; tamalez, lekuz kanpoko kontaktu fisikoa, abusua, sistematizatuta baitzegoen». Ez zekiten, ordea, ikaskideei sexu erasoak egiten zizkienik: «Biktimek isilik eraman zuten gehiegikeria haien zama astun eta gordina; ikasle garaian aurrena, eta ikastetxetik aterata ondorengo urte luzeetan».
Ezkiagaren biktimek bakarrik ez, haien ikaskide ohiek ere salatu dute eskola ez dela ari ezer egiten erasoak argitzeko, eta eraso horiek isilaraztea eta ezkutatzea egotzi diote: «Aitzakia aitzakiari lotu, eta denborak bere bidea egin dezala nahi dute, isiltasun geruza batek ikastetxe horretan gertatutako zerrikeria guztia estal dezan eta gure ikaskide ohien mina isildu dezan».
Salatu dute ikastetxeak ez diela biktimei arretarik eskaini, haien lekukotzei ez diela sinesgarritasunik eman, larritasuna kendu diela eta luzamenduetan dabilela, «auzi hau guztia lurpean ezkutatu dadin». Horren guztiaren frogak dituztela diote.
Erreparazio eske
Ikasle ohiek «bukaerara arte» jarraituko dute, biktimek merezi duten errekonozimendua eta arreta jasotzeko, eta ,«orain arte ez bezala», Donostiako La Salle eskolako arduradunek beharrezko bitarteko guztiak jarri arte biktimen erreparaziorako.
La Salle eskolari eta kongregazioari zera esan diete: «Bitartean, aurrean izango gaituzte, eta lau haizeetara zabalduko dugu ikastetxe hori eta haren izena zikina dagoela, lizunak jota».