«Eskola txikiak bizirik gaude, herri eta auzo txikiak bizirik gaude, eta hori ospatzeko elkartuko gara ekainaren 8an, Ezkio-Itsason». Irati Manzisidor eskola txikien irakasleen koordinatzailearen hitzak dira, gaur Ezkio-Itsason egindako prentsaurrekoan esandakoak. Hain zuzen, bertan egingo dute igandean Gipuzkoako Eskola Txikien 36. Festa. Ospatzeko bai, baina baita aldarrikatzeko ere, herri eta auzo txikietan eskola izateak duen garrantzia nabarmentzeko.
Manzisidorrek azaldu duenez, eskola txikiak landa eremuko herri eta auzo txikietako eskola publiko eta euskaldunak dira: «Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu, eta horrek horrela jarrai dezan lan egiten dugu eskola txikietan». Alabaina, esan duenez, herri eta auzo txikiak ere ez daude etengabe aldatzen ari den mundutik aparte: «Erronka berriei aurre egiteko etengabeko elkarlanean aritu behar dugu, familiekin, herri erakundeekin edota bestelako elkarteekin eta eragileekin». Manzisidorren hitzetan, horren erakusgarri da Ezkio-Itsason festa hau antolatzeko egiten ari diren «auzolan erraldoia».
Amaia Dorronsoro Ezkio-Itsasoko herri eskolako zuzendariak ere hartu du hitza. Azaldu duenez, eskola berriak orain 11 urte abiatu zuen bidea, bederatzi umerekin: «Herritar eta udalaren ekimen eta nahiak bultzatuta ireki zen eskola da. Ezinbestekoa izan zen garai hartan familiek eta udalak eskola berrian jarri zuten esperantza eta indarra». Orain, sendo daude; 62 haurrek, hamabi hezitzailek eta 39 familiak osatzen dute eskola. Baina zuzen-zuzenean eskolako kide ez dena ere gogoan izan du: herria bera. Eta eskerrak eman ditu festa antolatzeko egindako ahaleginagatik: «Eskolak herrira eta herritarrengana irekita egoteko saiakeran jardun du, eta horren isla izango da ekainaren 8an herritarrengandik jasoko dugun laguntza».
Egitarau oparoa
Elkarlan horrek eman du fruitua, eta egitarau oparoa ondu dute iganderako. Ganbara guraso elkarteko kide Asier Sasietak eman ditu xehetasunak. 10:30ean harrera ekitaldia egingo dute, eta, hortik aurrera, hainbat txoko eta ekintza izango dira herrian zehar banatuta: perkusio eta txalaparta tailerrak, sormen gunea, puzgarriak...