Ezkutuan bizitzeari uzteko

Apirilean da hastekoa migranteentzako ezohiko erregularizazioa eskatzeko epea, eta Hego Euskal Herrian bizi diren papergabeak hasi dira dokumentazioa biltzen, elkarren laguntzaz. Neurri positiboa dela diote, baina oztopo asko dituztela.

Jatorkin al-Nahda elkarteko kideak, Aieteko egoitzan, Donostian; beheko ilaran, ezkerrean, Saad Malec Subeir elkarteko burua. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jatorkin al-Nahda elkarteko kideak, Aieteko (Donostia) egoitzan; beheko ilaran, ezkerrean, Saad Malec elkarteko burua. MAIALEN ANDRES / FOKU
maddi iztueta olano
Donostia
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleko isiltasuna ez dator bat etxe barruko mugimenduarekin. Ataritik sartu eta irten dabiltza zenbait gazte, eta guztiek egiten dute bide bera, eskaileretan gora eta behera. Ia denak gizonezkoak dira; batzuek bete berri izango dituzte 20 urte, eta beste batzuek aspaldi bete zituzten. Egurrezko zorua garbitzen ari da haietako bat. Egongela txiki bat dago azken solairuan, eta han daude zutik, zortzi lagun inguru, zain, ordenagailu banaren atzean dauden bi gazteri begira. Batzuek paperekin betetako karpetak dituzte esku artean, besteak esku hutsik daude. Espainiako Gobernuak iragan hilean migratzaileentzako ezohiko erregularizazioaren berri eman zuenetik, lan handia dute Jatorkin al-Nahda elkarteak Donostiako Aiete auzoan duen egoitzan. «Jende asko dator hemen egon direla baieztatzen duten egiaztagirien bila», azaldu du elkarteko kide Saad Malec Subeirrek. 

Hego Euskal Herrian 30.000 migrante inguru bizi dira egoera irregularrean, eta haiengan eragina izango du Espainiako Gobernuak iragarritako ezohiko erregularizazioak —estatu osoan 500.000 laguni eragin diezaioke—; migratzaileen eskaerak tramiterako onartuz gero, behin-behineko baimen bat emango diete bertan bizitzeko eta lan egiteko, eta, prozesu osoa gainditzen badute, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute. Horretarako, baldintza batzuk bete beharko dituzte: 2025eko abenduaren 31n Hego Euskal Herrian egotea, gutxienez bost hilabetez bertan bizi izana, eta aurrekari penalik ez izatea gutxienez azken bost urteetan, ez jatorrizko herrialdean, ezta Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian ere. 

Eskakizun horiek guztiak betetzen dituztela frogatzeko, baina, beren egoera administratiboa arautu nahi duten migranteek dokumentu publiko, pribatu edo bi eredu horien arteko nahasketa bat aurkeztu beharko dute: errolda, gizarte zerbitzuen ziurtagiriak, mediku agiriak eta telefono, argindar edo ur fakturak, besteak beste. Ezusterik ezean, apirilean irekiko dute eskaerak egiteko epea, eta ordurako ahalik eta egiaztagiri gehien bildu nahian dabiltza Hego Euskal Herrian bizi diren papergabeak. Ez da lan erraza, ordea. «Kalean bizi direnek ez dute erroldarik, eta ez dute behar dituzten dokumentu guztiak biltzeko nahikoa baliabiderik: ordenagailu edo sakelako bat hitzorduak Internet bidez eskatzeko, inprimagailu bat egiaztagiriak inprimatzeko edo pasaportea eskaneatzeko…», azaldu du Malecek. 

«Kalean bizi direnek ez dute erroldarik, eta ez dute behar dituzten dokumentu guztiak biltzeko nahikoa baliabiderik»

SAAD MALEC SUBEIR Jatorkin al-Nahda elkarteko kidea

Zer, non eta nola aurkeztu behar duten argi ez duten horiei izapide burokratiko korapilatsuetan aurrera egiten laguntzen die Jatorkin al-Nahda elkarteak; horrez gain, babes hartzeko aterperik ez dutenei goxo egoteko leku bat eskaintzen die egunean zehar, baita bazkaria prestatu eta dutxa edo garbigailua erabiltzeko aukera eman ere. Funtsean, elkar babesten dute, eta horretan ari dira Juana eta Selmida ere —ez dute beren abizenak agertzerik nahi—. Perutik etorri ziren Euskal Herrira: duela sei hilabete bata, Madrilen bi urte eta erdi igaro ondoren; eta iazko azaroan bestea. Biak dira papergabeak, eta ezohiko erregularizazioa «neurri positiboa» dela uste dute. 

Haiek ere GKE gobernuz kanpoko erakunde baten bitartez ari dira eskaera prozesuari buruzko informazioa biltzen; hots, EMFS Euskal Herriko Emakume Migratu Feminista Zaintzaile Soziosanitarioak elkartearen bidez. «Elkarteak behar dugun informazio guztia ematen digu, zalantzak argitzen dizkigu, eta guk informazio hori ematen diegu beste migratzaile batzuei, elkarteko kide izan edo ez», kontatu du Juanak. Eta Selmidak gehitu: «Hori da, inork ez dezan prozesu hori bakarrik egin, eta ez dezan beldurrik izan». Dokumentazioari dagokionez, kezka dute ez ote diren Peruko eta, oro har, migranteen sorterriko kontsuletxeetan izapideak pilatuko. «Baina ezer ez da ezinezkoa», esan du Juanak.

«Elkarteak behar dugun informazio guztia ematen digu, zalantzak argitzen dizkigu, eta guk informazio hori ematen diegu beste migratzaile batzuei»

JUANA Migrantea

Juanak orduka egiten du lan bere bi haur adingabeak zaindu ahal izateko, eta haren senarrari ere tarteka-tarteka ateratzen zaio lan eskaintza bat edo beste. Selmidak ez du lanik egiten, baina nahiko luke. Ez edonola, ordea. Biek ala biek salatu dute «lan esplotazio handia» pairatzen dutela migratzaileek; batez ere, papergabeek. Hortaz, haientzat lan baldintza prekarioetatik «alde egiteko aukera bat» litzateke beren egoera administratiboa arautzea, baita beren «seme-alabei bizi baldintza hobeak» eskaini ahal izatea ere. 

Egiturazko oztopoak

Dena den, paper zati batek ez du zertan dena konpondu, Mohammad Farajallahren arabera. Farajallah 2014an iritsi zen Zornotzara (Bizkaia), Zisjordaniatik (Palestina), eta han bizi da ordutik. Administrazioko ikasketak ditu, eta kontabilitatean egin izan du lan sorterrian. Hemen «ez da inor», ordea. Salatu du zenbait lan eskaintza «hemengo jendearentzat soilik» direla, eta migratzaileek horietatik kanpo gelditzen direnak egin behar dituztela; besteak beste, ostalaritzako eta nekazaritzako sektoreetan. 

«Bizirik irauteko beste aukera baten bila zatoz. Eta hona iristen zarenean, ezer gabe, bizitza oso zaila da» 

MOHAMMAD FARAJALLAH Ekintzailea eta migrantea

Gauza bera salatu du Jatorkin al-Nahdako kideak, eta nabarmendu erregularizazioa lortuta ere migranteek «zailtasunak» izan ohi dituztela, kasurako, etxebizitza duin bat lortzeko: «Jende asko etortzen zaigu etxebizitzaren inguruan galdezka. Egunero. Gelak bilatzen dituzte. Toki askotara deitzen dugu, baina erantzuna beti da hauxe: ‘Marokoarra bada, ez’». Eta gaineratu du: «Oinarrizko baliabideak falta direnean, badakizu zer gertatzen den». 

Malecek, Juanak eta Selmidak egin bezala, migratzaileen artean elkar laguntzearen garrantzia goraipatu du Farajallahk ere; are, atzerritar bulegoen funtzionamendua kritikatu du, eta azpimarratu sisteman «hobekuntzak» egin beharko lituzketela. Ezohiko erregularizazioaren inguruan galdetuta, halere, neurria «poztekoa» dela dio: «Batzuk itsasoa zeharkatzen dute, beste batzuek desertua, eta asko eta asko bidean hiltzen dira. Inork ez du hori guztia jasaten Europara bidaiatu nahi duelako; bizirik irauteko beste aukera baten bila zatoz. Eta hona iristen zarenean, ezer gabe, bizitza oso zaila da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.