Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria

Julia Shershneva: «Migranteen egoera beti egon da lotuta sistemarentzat onuragarria den funtzio batekin»

Erregularizazioa lortzen duten etorkinek lan egin ahal izango dute; Shershnevaren arabera, ordea, litekeena da sektore prekarioetan aritzea, eta salatu du posible dela erregularizazioa lortzeko irizpideek kanpoan uztea zaurgarrien dauden migranteak.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
maddi iztueta olano
Leioa
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da gauza bera ingeles bat Bartzelonara (Katalunia) joatea bizi baldintza hobeen bila edo Marokoko gazte batek Hego Euskal Herriko piperrak biltzea: expat bat da bata; migrantea bestea. Ohikoa da migrazioaren auzian «metaforak» erabiltzea, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari Julia Shershnevak (Leioa, Bizkaia, 1987) adierazi duenez; baina gogoratu du euskal herritarrak ere izan direla eta badirela etorkinak beste nonbait. Espainiako Gobernuak iragarritako ezohiko erregularizazioak Hego Euskal Herrian dauden 30.000 migrante irregular ingururen egoera administratiboa egonkortu lezake; halere, Shershnevak ohartarazi du horrek ez duela automatikoki bermatuko migratzaileen ongizatea.

Azken asteotan maiz aipatu da erregularizazio hitza. Baina zer da, funtsean, egoera erregular batean egotea?

Erregularizazioak ez du soilik egoera administratibo bat definitzen; erregularizaziorik gabe, ez zara sistemaren parte, eta hor ez egoteak eragin zuzena du bizi baldintzetan: ezin duzu lan kontraturik izan, ezin duzu kotizatu, eta ezin duzu etxebizitza duinik lortu. Ekonomia ez-formalean lekurik ez izateak ondorio kaltegarriak izan ditzake buru osasunean, oso egoera ezegonkorrean bizi zarelako; nolabait, zure bizitza zalantzan dago. 

Orduan, erregularizazioarena berri on bat da, ezta?

Printzipioz, bai, baina badaude neurritik kanpo gera daitezkeen zenbait profil. Erregularizazioa lortzeko irizpideetako bat da aurrekari penalik ez izatea ez Hego Euskal Herrian, ez sorterrian; baina baliteke migratzaile batzuek jaioterriko aurrekari penalen txostena ezin lortzea, nahiz eta inoiz deliturik egin ez. Gainera, litekeena da erregularizazioa lortu ezin duten horiek egoera zaurgarrienean daudenak izatea.

Oraingoa ez da ezohiko erregularizazio bat onartzen den lehen aldia. Azkena 2005ean izan zen, duela hogei urte. Alderatu daitezke orduko eta oraingo egoerak?

Bi urteetako egoerak zeharo desberdinak dira. Orain dela hogei urte, migrazioaren fenomenoa oso berria zen: Euskal Autonomia Erkidegoan, migrazioa %4,6 zen, eta orain, berriz, %15,1. Profilak ere oso desberdinak ziren, eta administratiboki baliabide gutxiago zeuden. Gainera, duela hogei urte boom ekonomiko bat bizi genuen; hortaz, hona etorritako migranteak azkar hasi ziren lanean. Gero, krisi ekonomikoaren ondorioz, migratzaile gutxiago iritsi ziren, eta hemen zeuden askok ere alde egin zuten. Garai hartan oso agerikoa zen ikuspuntu utilitarista bat zegoela ezohiko erregularizazioaren oinarrian: helburua zen migranteak ahalik eta azkarren sisteman sartzea. 

«Mendebaldean, oro har, herritar guztien integrazio soziala dago lanarekin lotuta, ez soilik migranteena; lanik ez badaukazu, sistematik kanpo gelditzen zara»

Erregularizazio honen helburua ere bada, hein batean, migranteak lan mundura bideratzea.

Bai, baina, funtsean, jada egiten duten lan bat ofizializatzeko bide emango luke erregularizazioak. Baliteke batzuek beste lan bat aurkitzea, baina oztopo estruktural handiak daude: diskriminazioa, beren sorterriko ikasketak konbalidatzeko zailtasunak… eta horiek ez dira desagertuko erregularizazioari esker. 

Lana erdigunean jartzea ez al da migrazioaren ikuspuntu utilitarista bat sustatzea?

Migranteen egoera beti egon da lotuta sistemarentzat onuragarria den lan edo funtzio batekin; egun indarrean dagoen Atzerritarren Legeak ere ikuspuntu hori du oinarrian. Baimenak ez dira ematen eskubide bat direlako, funtzio bati lotuta daudelako baizik; baina Mendebaldean, oro har, herritar guztien integrazio soziala dago lanarekin lotuta, ez soilik migranteena. Lanik ez badaukazu, sistematik kanpo gelditzen zara. Dena den, alde batetik ondo dago gizarteak migratzaileen ekarpen ekonomikoa mahai gainean jartzea eta aitortzea, aintzat hartu behar baitugu zer egoeratan eta baldintzatan egiten duten lan. 

«Migratzaileak gizartearen parte izan daitezen, prozesuak bi noranzko izan behar ditu»

Nola ikusten ditu migratzaileak euskal gizarteak?

Aldatu egiten da testuinguruaren arabera. Krisi ekonomikoan, adibidez, euskal herritarrek konpetentziatzat hartu zituzten migranteak, lanpostu gutxi zeudelako. Orain, egoera ekonomikoa bestelakoa da, eta beste aurreiritzi batzuk agertu dira: batez ere, segurtasunarekin eta matxismoarekin lotutakoak.

Horrelakoetan maiz bereizten dira gu eta haiek kontzeptuak, ezta?

Teorian, onartzen dugun eredua kulturartekotasunarena da. Horrek esan nahi du gizarteak kultur aniztasuna onesten duela; baina kulturartekotasunak interakzio sozial handia exijitzen du, eta praktikatzen duguna beste zerbait da. Eredu asimilazionista gaitzesten dugu, baina, funtsean, migranteek jarrera asimilazionista bat izatea nahi dugu. Bestalde, integrazioaren kontzeptuak badu kutsu negatibo bat, zera, aditzera ematen duena zerbait beste zerbaiten barruan sartu behar dela, eta horretarako moldatu. Baina, berez, migratzaileak gizartearen parte izan daitezen, prozesuak bi noranzko izan behar ditu.

Eta nola egiten da hori?

Lehenik eta behin, barneratu behar dugu hona etortzen diren migranteak pertsonak direla, eta haiek ere badituztela beren bizi proiektuak, helburuak, asmoak; are, maiz hemen osatzen dute familia, seme-alabak dituzte, eta haiek euskaraz ikasten dute. Era berean, sistema kontuan izan behar dugu; argi izan egiturak nola eragiten duen migrazio prozesu batean. Eta fokuaren norabidea aldatu. Maiz espero da migratzaileak ahalik eta gogorren saiatzea, baina gizarteak onartzen ez baditu, egiturak ez badie uzten, oso zaila da gizartearen parte izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA