Koronabirusaren eragina nabari da BERRIA Taldean ere. Aurreko egunetatik aritu dira nola jokatu zehazten, eta neurri batzuk martxan dira jadanik. Erabaki nagusia da lantaldearen zati batek etxetik lan egingo duela: lankide batzuk hasiak dira, eta datozen egunetan gehiago ere hasiko dira etxetik lanean, betiere BERRIAren hedabideen funtzionamendua ahalik eta gehiena bermatuta.
Etxetik lan egiteko erabakiak bi helburu ditu. Batetik, zaintza eta lana uztartzea, ahalik eta malgutasunik handienarekin: lankide askok dituzte beren kargu umeak edo adinekoak, eta, eskoletan eta adinekoen etxeetan izaten ari diren arazoak ikusita, etxean bertan egin behar dute zaintza lan hori. Bestetik, ikuspegi epidemiologikotik, BERRIAren funtzionamendua bermatzea: lankide bakoitza nor bere etxean arituta, bermatuko litzateke lankideren bat gaixotuz gero edo berrogeialdian jarriz gero ez lukeela horrek BERRIAko erredakzio osoan eragingo —horrek, izatez, kolokan jarriko luke hedabidearen funtzionamendua—.
BERRIAren Andoaingo egoitzan eta herrialdeetako ordezkaritzetan jarri dituzte martxan neurri horiek guztiak; Gasteizko ordezkaritzan aurreko egunetan jarri dute martxan protokolo hori, koronabirusaren eragina Arabako hiriburuan nabaritu baitute lehenago.
Koronabirusaren berri ematen ari da zuzenean BERRIA, Interneten eta paperean, eta hori izango du ardatz datozen egunetan ere. Osasun krisi horrek eragin handia izan du aktualitate informatiboan: erakundeen jarduna geratuta dago, kirola ere bai, eta kulturan ere bat bestearen atzetik ari dira ekitaldiak bertan behera geratzen. Egoera horretan, lantaldean moldaketak egiten ari da BERRIA, koronabirusari buruzko informazio gaurkotua ez ezik gainerako esparruetako informazioa ere emateko.